Adierazpen polemikoak
CiUko senatari batek 'neofrankistatzat' jo du Wert
Erredakzioa
Joan Bagué CiUko senatariaren iritziz, Wertek Katalunia "kolonia gisa" hartzen du.
Joan Bagué CiUko senatariak "neofrankistatzat" jo du Wert Hezkuntza ministroa "Gobernuak ikasle katalanak espainiartu nahi dituela esan ostean. "Adierazpen onartezinak dira", esan du eta bere alderdiak datorren bilkuran Werti honen inguruan galdetuko diola iragarri du.
Senatuan, Valle de los Caidosen inguruko mozioaren eztabaidan hitz egin du. "Francoz hitz egin behar dudala aprobetxatuta" esanez hasi du bere kritika. "Wert ministroaren adierazpenak gaitzetsi nahi ditut, jarrera frankista da eta gerra osteko ukitu nazional katolizista du", gaineratu du.
Bestalde, Pere Navarro Generalitateko presidentetzarako PSCko hautagaiak ere Hezkuntza ministroaren adierazpenak "erokeria" direla esan du.
"Werten hitzek PPk Espainia bateratu eta zentralizatua nahi duela erakusten dute", adierazi du, eta hori Kataluniako sozialisten proiektutik at dagoela esan du.
Joan Herrera ICV alderdiko idazkari orokorra ere polemikaz mintzatu da. "Beste aro batzuetako hitzak dira. Astakeria da", esan du eta ildo honetan, adierazpenak hezkuntzaren murrizketen inguruko eztabaida ekiditeko egin dituela uste du.