Adierazpen polemikoak
Wert: 'Ez dut zuzenduko; ez da gaitzesgarria katalanak espainiartzea'
Erredakzioa
Hezkuntza ministroak ongi jokatu duela eta zuzentasunez azaldu dela esan du. Halaber, Hispanitatearen Egunean auzi honen gainean erregearekin eztabaidatu izana ukatu du.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak adierazi duenez, ez du "koma bat ere ez zuzenduko" eta, ikasle katalanak espainiartzearen harira esandakoa ez dela "batere gaitzesgarria" azpimarratu du. Wertek ongi jokatu duela eta zuzentasunez azaldu dela esan du "El Mundo" kazetan eskainitako elkarrizketan.
Halaber, Hispanitatearen Egunean auzi honen gainean erregearekin eztabaidatu izana ukatu du. "Identitate katalana eta espainiarra bateragarriak direla adierazi nahi nuen nire hitzekin", azaldu du Wertek.
"Seme-alabak gaztelaniaz hezi nahi dituzten gurasoen eskubideak bermatzeko irtenbidea bilatzeko asmoa" du Wertek. Zentzu honetan, hezkuntza proiektu independentisten tresna bilakatu izana errefusatu du.