Itxi

Berezia: Urtebete ETA gabe

Espainiak eta Frantziak ez dute ETArekin negoziatuko

M.G

Erredakzioa

Rajoyren Gobernuak argi esan du ETA "desegin" arte ez duela pausorik emango. Gainera, ETAren amaiera erakunde armatuaren "porrota" izan dela azpimarratu du Gobernuak.

Rajoy eta Hollande, egungo Espainiako eta Frantziako gobernuburuak. Argazkia: Efe

ETAk jarduera armatua utzi zuela urtebete denean, Espainiako Gobernuak ez du ahultasunik erakutsi, eta behin eta berriz berretsi du ez duela inoiz erakunde armatuarekin negoziatuko eta ETArengandik entzun nahi duen gauza bakarra dela "desegin" egin dela. Rajoy oposizioan zegoen ETAren iragarpena iritsi zenean, eta orduan ere ohartarazi zuen ETAk "desegin" egin behar zuela "lasaitasuna erabatekoa izateko".

PPren Gobernuak zabaldu nahi izan duen mezua ETAri "irabazi" egin diotela eta erakunde armatuak "porrot" egin duela esatean datza. Aurreko Gobernu sozialistan ere, Antonio Camacho Barne ministroak "poliziarik eta guardia zibilik gabe" ez zutela ETA "garaituko" esan zuen.

Ez du negoziatuko

ETAk, hainbat agiriren bidez, eta alderdi politikoek (EH Bildu osatzen dutenek eta Aieteko Konferentzian parte hartu zutenek) Gobernuari ETArekin hitz egiteko deia egin dioten arren, Rajoyk ez du atzerapausorik eman eta, eskari horien aurrean, ETAk "desegin" egin behar duela jarri du aurrebaldintza gisa.

ETA Frantziako Gobernuari ere zuzendu zitzaion, eta horrek, Sarkozyren garaian, espero duen bakarra ETAk "armak erabat utzi" dituela iragartzea dela erantzun zion.

Dena dela, PPren Gobernuaren mezuak ez dira % 100ean bide beretik joan. Izan ere, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esan zuen ETAk "dimentsio politiko ukaezina" duela, eta horrek hautsak harrotu zituen Espainiako politikagintzan. Adierazpen horiek, hala ere, berehala zehaztu zituzten eta egun Espainiako Gobernuak jarrera irmoa du negoziazioak irekitzeko aukerei dagokionez.

Elkarrizketa

Espainiako Gobernuak atzera bota du euskal alderdi politikoekin elkarrizketak abiatzeko saiakera oro, eta Patxi Lopez lehendakariarekin soilik bildu da euskal erakundeen iritzia jasotzeko. Gainera, ezker abertzaleak jarduera armatua errefusatu eta egindako kalteagatik atsekabea agertu duen arren, Gobernuak ETAren iragarpenaren aurreko jarrerari eutsi dio eta ezker abertzaleari, eta Amaiurri Kongresuan, "gaitzespen argia" eskatzen dio hitz egiten hasteko.

Bake Konferentzia eta Egiaztatze Taldea

ETAk jarduera armatua utzi zuela iragarri aurretik, PPk uko egin zion Aieteko Bake Konferentzian parte hartzeari. Batzar horretan alderdi politiko guztiek parte hartu zuten, PPk izan ezik.

Biltzarrean parte hartu zutenen artean Brian Currin Hegoafrikako abokatua zegoen, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen bozeramailea. Talde horren helburua gobernuen eta ETAren arteko zubi lanak egitea zen, baina Rajoyren Gobernuak ez zuen onartu eta uko egin zion haiekin biltzeari.

Gainera, Currinek su-etena egiaztatzeko batzordea ere sortu zuen. ETAk onartu egin zuen batzorde horren egitekoa, baina Espainiako Gobernuak ez zion inolako zilegitasunik eman, eta "egiaztatze bakarra Estatuko segurtasun indarrek" egiten dutela aldarrikatu zuen.

Kartzela-politika

ETA ez dela desegin salatu arren, Espainiako Gobernuak, Jaurlaritzarekin batera, bizkartzainen kopurua murriztu du, mehatxuak behera egin duela iritzita.

Kartzela-politikan ere izan da hainbat aldaketa. Mariano Rajoyren Gobernuak ETAko presoak gizarteratzeko leku bihurtu du Langraizko espetxea, hirugarren gradua eskuratzeko aukera ematen baitie bertan, baldintza batzuk betez gero. Hala ere, ETAko 600 presoetatik 30 batek besterik ez dute bide hori aukeratu.

Halaber, ETAko presoak bergizarteratzeko egitasmo bat ere jarri zuen abian.

Dena dela, ezin esan liteke Gobernuak kartzela-politika nabarmen aldatu duela. Horixe uzten dute agerian Gobernuak, Fiskaltzaren bitartez, Uribetxebarria ez askatzeko egindako ahaleginek edo 'Parot doktrina' salatzen zuen epaiaren kontra Estrasburgoko Auzitegian aurkeztutako helegiteak.

Biktimak

Erabaki horietan pisu handia izan dute ETAren biktimek, altxatu egin baitira kartzela-politikan aldaketa zantzuak antzeman dituzten bakoitzean. Gobernuak, orduan, oreka gorde behar izan du, pausoak emateko beharra eta biktimen presioa balantzan jarriz.

Barne ministroak ETArekin "inoiz ez" zuela negoziatuko hitzeman zien biktimei Hipercorreko atentatuko biktimen aldeko omenaldian.

Gizarteratze planari dagokionez, AVTk salatu zuen Gobernuak "amore eman" zuela ETAren aurrean, eta egitasmo horren kontrako kanpaina iragarri zuen, Espainiako gizartearen baitan ezinegona sortu zuela iritzita.

Alderdien Legea

Zortzi urtez legez kanpo egon ostean, ezker abertzalearen legeztapena, Sorturena, ekainean iritsi zen, eta Espainiako Gobernuak "desadostasuna" agertu zuen Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurrean. Hori horrela, legeak dioena aintzat hartu gabe, ez dute ezker abertzalearekin hitz egiteko asmorik, horrek ETA gaitzesten duen arte. Horixe jakinarazi zion Barne ministroak Amaiur koalizioari, Kongresuan.

Informazio gehiago (1)