Auzitegi Nazionala
ANk atzera bota ditu 24 presok 'Parot'en aurka sartutako helegiteak
Erredakzioa
Hori horrela, auzitegiak dagoeneko antzeko 40 helegite errefusatu ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Estrasburgokoak, aipatu arauaren kontrako ebazpena eman zuenetik.
Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu 24 presok 'Parot doktrina'ren aurka sartutako helegiteak, tartean Ines del Rio presoarena, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Estrasburgokoak, aztertu zuena.
Epaitegiko iturriek jakitera eman dutenez, 19 epaileen artean gehiengo zabalak aldarrikatu du helegiteak atzera botatzea eta bi presoren helegiteak, ETAko preso batena eta droga-trafikatzaile batena, beste baterako uztea.
Aipatu iturrien arabera, epaileek diote preso batzuen kasuak oraindik Konstituzionalean daudela epai zain, eta beste batzuen kasuan 'Parot doktrina'ren sakoneko azterketaren ondoren emandako ebazpenean oinarritu dira helegiteak ez onartzeko.
Beste batzuk ez dituzte aintzat hartu ere egin, helegiteak onartzeko gutxieneko baldintzak bete ere egiten ez zituztelakoan.
Gaurko ebazpenekin, auzitegiak dagoeneko antzeko 40 helegite errefusatu ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 'Parot doktrina'ren kontrako ebazpena eman zuenetik.
''Itsuarena egiten du''
Ezker abertzalearen ustez, ''salatzeko modukoa da erabat'' Auzitegi Nazionalak helegiteak atzera bota izana, eta, oraingo honetan ''are larriagoa'' da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak esandakoari ''bizkarra eman eta entzungor egin diolako''.
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramailearen hitzetan, Gobernuak ''itsuarena'' egiten du, eta, ''bere interes politikoen alde'' erabiltzen du Estatuak Auzitegi Nazionala. Halaber, ''Euskal Herriak aro politiko berri bat'' bizi duen bitartean, Estatuak ''etengabeko salbuespen neurriekin'' jarraitzen duela salatu du.