Ustelkeria
Santos Cerdanek dimisioa eman du PSOEren antolakuntza idazkari gisa eta diputatu akta utziko du
Agentziak | EITB Media
Hala ere, Cerdanek berretsi egin du errugabea dela, "ez dut inoiz legez kanpoko ezer egin", adierazi du gaur igorritako oharrean. Oharrak ez du PSOEren idazpururik. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egingo du Ferrazen, 17:15etik aurrera.
Santos Cerdan, Kongresuan. Argazkia: EFE
Santos Cerdan PSOEko antolakuntza idazkariak dimisioa eman du, eta iragarri du diputatu akta ere utziko duela, Guardia Zibilaren txostena argitara eman berritan.
Hala ere, Cerdanek berretsi du errugabea dela, "ez dut inoiz legez kanpoko ezer egin", adierazi du gaur igorritako ohar batean. Oharrak ez du PSOEren idazpururik.
Horrela, Cerdanek berak sinatutako ohar batean iragarri duenez, kargu guztiak utziko ditu bere alderdiaren eta Espainiako Gobernuaren defentsan, "asko zor baitie". Aurrerantzean bere defentsan bakarrik arituko da "azalpen guztiak" emateko, "inoiz" ez duelako legez kanpoko ezer egin, eta frogatu nahi baitu ez dela inoren konplize izan.
Halaber, iragarri du Justiziarekin lankidetzan ariko dela, erabat. Ekainaren 25ean agertuko da Auzitegi Gorenean, gaur Leopoldo Puentek berak borondatez deklaratzea eskaini baitio.
Errugabea dela berretsi eta deklaratutakoan kontua argituta gera dadila espero duela esan ostean, arreratu du egindako ekintzak eta bereziki aipatzen diren txostena aztertzeko prozedura judizialean parte hartzea eskatuko duela, bere figuraren gainean zabaldutako "zalantza guztiak uxatzeko".
"PSOEko antolakuntza idazkari izatea nire bizitzako pribilegiorik handiena izan da", adierazi du Cerdanek oharrean, eta zirutatu du kargu horrek beti izango duen ohorea ekarri diola.
"Hori, eta Gobernu aurrerakoi bat osatzen lagundu izana, Espainia bere hazkunde, enplegu eta eskubide mailarik onenak lortzera eraman duena. Eta hori gertatutako ustekabe guztiak gorabehera, arazo asko izan baitira", gaineratu du.
Ildo horretan, "garai zailak dira, baina PSOE inoiz baino beharrezkoagoa da", erantsi du.
Pedro Sanchezek agerraldia egingo du
Santos Cerdanek bere kargu guztiak utzi eta gutxira, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEren idazkari nagusiak iragarri du prentsaurrekoa egingo duela Ferrazen, 17:15etik aurrera.
Era berean, Cuca Gamarra PPren idazkari nagusiak agerraldia egingo du gaur arratsaldean, Cerdanen dimisioa nahikoa ez dela eta hauteskunde orokorrak deitu behar direla iritzita.