Demandak
Googlek eta Samsungek bat egin zuten Appleri aurre egiteko
Erredakzioa
Azken urteotan demanda eta auzi ugari izan dira teknologia alorreko enpresa erraldoi bi horien artean, eta orain arte Applek irabazi ditu gehienak.
Googlek akordio pribatua egin zuen Samsungekin 2012an, Samsung enpresak telefono mugikorren patenteen harian Appleren aurka abiatutako auzian Samsungen defentsa diruz laguntzeko, Kaliforniako enpresako abokatuek bista batean jakitera eman dutenez.
Hego Koreako konpainiak urtebete zeraman Appleren aurka auzitan sartuta Googlek eta Samsungek akordioa adostu zutenean. Horren arabera, Googlek kostu judizialak bere gain hartzea onartu zuen, eta Samsungi kalte-ordaina ematea, kasua galduz gero.
Akordioa adostu zutela erakusteko, Appleren defentsak Samsung eta Google konpainietako exekutiboek elkarri bidali zizkioten mezu elektroniko batzuk (Google konpainiako abokatu batek egiaztatu zituen) aurkeztu zituen epaile aurrean. Bertan jasotakoaren arabera, Apple etxearekin borrokatzen ari ziren patenteen inguruko auzia galduz gero sortuko ziren galera ekonomikoen zati bat edo guztiak ordaintzeko konpromisoa hartu zuen bere gain Googlek.
Lau patente horietako bi auzi horretatik kanpo utzi dituzte, baina beste biak, erabiltzaileak mugikorrarekin duen elkarreraginari lotutakoak (atzealdea sinkronizatzeko aukera eta bilaketak egiteko sistema unibertsala), egunotan Kalifornian, San Jose hiriko auzitegi federal batean, epaitzen jarraitu duten prozesu judizialean aztertuko dituzte.
Samsung eta Apple etxeak 2011tik daude telefono adimendunen eta tableten patenteen harian auzitan sartuta, orduan eraman baitzuen ikur gisa sagar bat duen enpresak Samsung auzitara, bere produktuen diseinua kopiatu izana egotzita. Horren aurrean, Hego Koreako enpresak azkar erantzun zuen, Apple etxearen kontra salaketa bat jarriz, 3G teknologiaren patenteak urratu izana egotzita.
Urte hauetan guztietan, demanda eta auzi ugari izan dira teknologia alorreko enpresa erraldoi bi horien artean, eta orain arte Applek irabazi ditu gehienak. Hori dela eta, Samsungek ia 1.000 milioi dolar zor dizkio AEBko lehiakideari.
Biek ala biek orain arte euren interesen kontra kaleratu dituzten epai guztien kontrako errekurtsoak jarri dituzte. Orain, baina, bigarren fase bat abiatu da, bata eta bestea lehiakidearen ustezko plagioek euren salmentetan eta hedatzeko planetan eragin dizkieten kalteak erakusten saiatuko baitira.
Gaur ezagutarazi duten itunaren berri emanda, Appleren defentsa Samsung eta Google etxeen arteko lotura frogatzen saiatuko da; izan ere, Samsungen argudio nagusietako baten arabera, berak ez du bere gain hartu behar Android sistema eragilearen ardura, Google baita horren jabe. Hego Koreako etxe horrek kaleratu dituen telefono eta tablet gehienek sistema hori erabiltzen dute, eta teknologia horretan oinarritzen omen dira patenteen ustezko arau-hausteak.