IP bidezko ahotsa
WhatsApp bidez deiak doan egiteko aukera, gutxi batzuentzat oraingoz
Erredakzioa
Konpainiak ez du iragarpen ofizialik egin, baina erabiltzaile batzuek zerbitzu berria probatzeko aukera izan dute.
WhatsApp bat-bateko mezularitzaren aplikazioa hasi da doako deiak eskaintzen. Oraingoz, baina, erabiltzaile gutxi batzuek probatu ahal izan dute 2014ko otsailean iragarritako zerbitzua.
Reddit sare sozialean zabaldu da berria. Erabiltzaile batzuek bertan esan dutenez, deiak egiteko aukera agertu zaie Androiden azken bertsioa deskargatzean.
Izan ere, ez dago argi zein irizpide izan duen WhatsAppek funtzio berri hau probatzeko aukera emateko orduan. Bertsio berria deskargatzean agertu zaie batzuei; beste batzuek dei bat jaso ostean izango dute eskuragarri.
Deiak egiteko aukera ematen duen interfaze berriak hiru erlaitz ditu, Redditen erabiltzaileek eskegi dituzten argazkien arabera: "deiak", "txatak" eta "kontaktuak".
Teknologian espezializatutako blog batzuek deiak aktibatzeko trukoak eskaini dituzte, baina, ohartarazi dutenez, ez dute beti funtzionatzen.
WhatsAppek ez du iragarpen ofizialik egin, baina litekeena da laster erabiltzaile guztiek izatea deiak egiteko aukera.
Bat-bateko mezularitzan liderra da WhatsApp, munduan 700 milioi erabiltzaile ditu, baina doako deiak eskaintzen azkena. Izan ere, haren lehiakide diren Line, Hike eta WeChat aplikazioek deiak egiteko aukera dute jada.