Bartzelona
Mugikorren 5. belaunaldia, Mobile World Congressen izarretako bat
Agentziak | Erredakzioa
Nazioarteko kongresuaren beste protagonistak ez du kutsu teknologikorik: Bartzelonako metroan lanuzteak daude, eta mugikortasuna, dezente mugatuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mobile World Congress (MWC) sakelako telefonoen inguruan munduan egiten den kongresu garrantzitsuena hasi da gaur Bartzelonan. Mugikorren 5. belaunaldia izango da 11. edizio honetako izarretako bat. Teknologia hau ez da 2020ra arte eskuragarri izango, baina konpainia teknologiko nagusiek prototipoak prestatu dituzte.
Antolatzaileen nahigaberako, jardunaldien beste protagonistak ez du kutsu teknologikorik izango. Bartzelonako metroko langileek 24 orduko lanuzteak dituzte deituta astelehenerako eta asteazkenerako. Grebak kolokan jarri du konde-hiriaren mugikortasuna. GSMA kongresua antolatzen duen elkarteak Gran Via Fira (L'Hospitalet de Llobregat) erakustazokara hurbiltzeko autobusak antolatu ditu, eta metroa ez erabiltzea gomendatu du, % 50eko gutxieneko zerbitzuak ezarrita dauden arren.
10:00etan inauguratu dute azoka, Carles Puigdemont Generalitateko presidentea, Jose Manuel Soria Industria ministroa eta Ada Colau Bartzelonako alkatea bertan zirela. 95.000 lagun eta 460 milioi euroko inpaktu ekonomikoa espero dute Bartzelonan. Hotelak, jatetxeak, dendak, taxi-gidariak eta garraio enpresak, denak prest dira sakelakoen kongresuaren harira joandakoak hartzeko.
5G teknologia, hizpide
MWCa gaur hasi bada ere, asteburua euren produktu izarrak aurkezteko baliatu dute sakelakoen konpainia ezagunek. Samsungek Galaxy 7a aurkeztu du, eta LGk, G5a. Huawei txinatarrak ordenagailu pertsonalerako jauzia egin duela iragarri du Matebook izenekoa aurkeztuta. HP ordenagailuen fabrikatzaile ezagunak, berriz, "phablet" gailu berria kaleratuko duela jakinarazi du.
Errealitate birtualak eta sakelakoen 5. belaunaldia izango dira aste honetako beste protagonistak. Azken honi buruz hitzaldia dago antolatuta gaurko Europar Kontseiluaren eta 5G industriaren elkartearen artean.
Mark Zuckerberg Facebookeko sortzailea ere Bartzelonan da, eta arratsaldean hitzaldia eskainiko du.
Grafenoaren teknologiak txoko berezia izango du aurtengo Mobile World Congressean. Pabiloi oso bat eskainiko diote teknologia digitalaren eta txipen munduan iraultza ekarriko duen produktuari.
Gutxieneko zerbitzuak metroan
Mugikortasunaren alorrean izango diren oztopoek distira kenduko diote agian berrikuntza teknologikoei. Izan ere, metroko langileek 24 orduko lanuzteak iragarri dituzte gaurko eta asteazkenerako. Generalitateak % 50eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu bidaiarien joan-etorria handia den orduetarako.
Metroa ez erabiltzeko gomendatu dute, eta aholkuak eragina izan du, bidaiari gutxiago sumatu baitira goizean. Dena dela, "suerta daitezkeen jende oldeei aurre egiteko prest" dagoela esan du TMB enpresak.
Ordu gorenetan % 50eko gutxieneko zerbitzua dago metroan. EFE
Grebaren ondorioak txikitzeko asmoz, MWCren antolatzaileek Bartzelona eta erakustazoka lotzeko autobus zerbitzua jarri dute. Horrez gain, trenen joan-etorria handitu dute asteon.
Taxi-gidariek ere lau egunotan eskaini ahalko dute zerbitzua, euren atseden eguna zein den gorabehera.
114 milioi euroko fakturazioa ostalaritzan
Otsailean abuztuko diru-sarrerak eskuratu ahal izango dituzte jatetxe, taberna eta pubek. 114 milioi euroko fakturazioa eta 5.000 behin-behineko lanpostu sortzea espero du ostalaritza sektoreak. Aurreikuspenen arabera, azokak dirauen artean 200.000 kafe eta 45 tona janari zerbitzatuko dira.
Orotara, kongresu honek 13.000 enplegu sortuko ditu eta 460 milioi euroko inpaktu ekonomikoa utziko du.