Berrikuntzak
Applek McBooken bateriaren iraupena eta prozesadoreak hobetu ditu
agentziak | erredakzioa
% 100ean metalez egindako Unibody diseinua du eta lau diseinu mota daude eskuragarri: urrea, zilarra, grisa eta urre arrosa.
Applek iragarri du MacBooka berritu duela Intelen azken prozesadoreekin, grafiko hobeekin, flash memoria azkarragoarekin eta bateriaren iraupena ordubete luzatuta, gaur egun dagoen Mac fin eta arinean.
% 100ean metalez egindako Unibody diseinua du MacBookak, eta lau diseinu mota daude eskuragarri: urrea, zilarra, grisa eta urre arrosa. Appleren ordenagailu eramangarriak 12 hazbeteko pantaila du, teklatuaren tamaina estandarra, Force Touch trackpada, USB-C portua, "egun osorako" bateria, 0,9 kiloko pisua eta 13,1 milimetroko lodiera.
MacBook berriek seigarren belaunaldiko Intel Core M prozesadoreak izango dituzte, eta 1,3 GHz arteko nukleo bikoitza, 3,1 Ghz arteko Turbo Boost abiadurarekin. Intel HD Graphics 515 grafikoek % 25ean hobetzen omen dute orain artekoa, eta 10 orduz haririk gabe Interneten nabigatzeko edo 11 orduz pelikulak ikusteko aukera emango du bateriak.
MacBookak USB-C portua du, bertatik bateria kargatu, datuak garraiatu eta bideoa igortzeko, ohiko USBaren herenaren lekuan.
Pieza mugikorrik eta haizagailurik ez duenez, MacBookak ez du ia zaratarik ateratzen eta eraginkorragoa da.
Applek iragarri du 13 hazbeteko MacBook Air guztiek 8 GBko memoria izango dutela hasieratik, eta OS X El Capitan sistema eragilea.
Prezioak
1.449 eurotik 1.799 eurora arteko prezioa izango dute ordenagailu berriek, konfigurazioaren arabera, baina gehigarriekin prezioak gora egiten du.