Informatikaren jaia
Inoiz baino ordenagailu gehiagorekin abiatu da Euskal Encounter
Agentziak | Erredakzioa
Teknologia berrien zaleek bat egingo dute Barakaldoko BEC erakustazokan. Datorren uztailaren 25era zabalik egongo da Euskal Encounter topaketa.
Euskal Encounter topaketak, Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan urtero teknologia berrien zaleak biltzen dituen jaiak, ateak ireki ditu ostiral honetan, hilak 22. Hortaz, lagunekin ikasi eta gozatzen duten bitartean, bertaratutakoek euren ezagutzak partekatu ahal izango dituzte, datorren astelehenera arte, uztailak 25. Gaur, ordenagailu kopuruaren marka gainditu dute, inoiz baino gehiago batu baitira: 4.608.
Lau egunetan zehar milaka bisitari izango ditu euskal topaketa teknologikoak, eta iazko marka gaindituko du 4.608 ordenagailurekin. Euskal Encounterrek 200 jarduera eta lehiaketa baino gehiago hartuko ditu barne, software librea, arte digitala, hardwarea eta bideo-jokoak bezalako gaien inguruan.
Horretaz gain, lau egun hauetan zehar diziplina desberdinak izango ditu topaketak. Beste ekimen batzuen artean, Hackathon lehiaketa burutuko da, eta bi sari banatuko ditu: bata, startup onenari eta, bestea, 48 ordutako epean sortutako enpresa berri hoberenari.
Beste alde batetik, The Lab izeneko gune berria egongo da, merkatuan finkatzea lortu duten arlo teknologikoko enpresak ezagutarazteko eta ekintzaileei edo negozio-ideia berria duten gazteei aholkularitza emateko.
Horrez gain, Opengunean doako 30 prestakuntza-saio izango dira, publiko orokorrari zuzenduak eta gai anitzen inguruan: Interneteko segurtasuna eta pribatutasuna, robotika, errealitate areagotua eta bideo-jokoak, besteren artean. Halaber, espazio horretan teknologia-produktuen hainbat stand egongo dira; bideo-jokoen gunea; baita errealitate birtuala eta handitua baliatzen duten betaurreko berrienak probatzeko aukera.
Horrenbestez, Sabino San Vicente Euskaltel Konekta fundazioaren arduradun eta bilkura teknologikoaren zuzendariak nabarmendu duenez, historiako Euskal Encounter ?ikusgarriena? izango da aurtengoa. ?Euskal party-ak interes eta ezagutza desberdinak dituzten Interneten sortutako gero eta komunitate gehiago biltzen ditu?, gaineratu du San Vicentek. Izan ere, aipatu beharra dago urtetik urtera gero eta bizkorrago agortzen direla sarrerak.
Euskal topaketa teknologikoak munduko Internet-konexiorik azkarrenetarikoa du, segundoko 40 Gb-ekoa, eta formalkuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko apustua egiteko helburua du.