Garraioa
Hyperloop Europara iritsi da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Elon Muskek sustatutako garraio sistema iraultzaileak Europa erdialdeko hainbat herrialde lotuko ditu, minutu gutxitan.
Hyperloop garraio sistema iraultzaileak Austria, Txekiar Errepublika eta Eslovakia konektatuko ditu, 1.200 km/h-ko abiaduran.
Hodi batzuen barrutik zirkulatzen diren kapsula sistema bat da Hyperloop, Elon Musk aitzindariak sustatuta. AEBn lehen linea prestatzen ari dira, eta honakoa Europako lehena izango da.
Horren ildotik, Bratislavako eta Brnoko udalek elkar-ulertze memorandum bat sinatu dute Hyperloop Transportation Technologies (HTT) enpresarekin, proiektua gauzatzeko lehen urrats gisa.
Dirk Ahlborn HTTko gerenteak EFE agentziari aitortu dionez, bi herrialdeek babes handia bildu dute garraio sistema eraikitzeko, bai gobernuen, bai industrien, bai herritarren partetik. Orain, bideragarritasun azterketaren zain daude.
Sistema honen garraio abiadura oso handia denez, herrialde txikientzat handiegia izan daiteke. Horregatik, nazioarteko bidaiak egiteko eraiki nahi dute.
Hyperloopekin, Pragaren eta Bratislavaren artean dauden 329 kilometroak minutu gutxitan egin ahalko dira. Auto batek hiru ordu behar ditu bide hori egiteko, eta, tren batek, lau.
EFE
Zer da Hyperloop
Presio gutxiko hodi baten barruan doazen kapsula sistema bat da Hyperloop.
Energia gutxirekin, 1.223 km/h arteko abiadura lor daiteke.
Proiektua Elon Musk Tesla Motors, PayPal eta SpaceX konpainien sortzaileak sustatu du.
Hodia zutabeen gainean egongo litzateke; horregatik, azpian geratzen diren lursailek beste erabilera bat izan dezakete, eta, ondorioz, proiektuaren kostua txikiagoa izango litzateke.
Gainera, kapsulek lebitatu egingo lukete, magnetismoari esker, eta energia kostua ere txikia izango litzateke.