Eskaera
Ikurrina WhatsAppen egon dadin
EITB.EUS
Harkaitz Galarraga gipuzkoarrak Euskal Herriko bandera aplikazioaren emotikonoen artean sartzeko eskaera egin du.
WhatsApp bat-bateko mezularitza aplikazioak emotikono aukera zabala du: mota guztietako aurpegiak, animalia samalda, jaki zerrenda oparoa eta banderak ere erruz. Horri gutxienez bat falta zaiola iruditu zaio Harkaitz Galarraga Astigarragako bizilagunari: ikurrina. Falta sumatu, eta Euskal Herriko ikurra multzo horretan sartzeko eskaera egin berri du sarean.
WhatsAppi zuzendutako sinadura bilketa otsailaren 9an sortu zuen Galarragak Change.org atarian, eta ekimenak 12.642 sinadura lortu ditu ordutik —15.000 sinadura lortzea du helburu—.
Hasiera batean Estatuetako banderak bakarrik eskaintzen bazituen ere, azken eguneratzean estaturik gabeko nazio batzuen ikurrak gaineratu ditu WhatsAppek, hala nola Mendebaldeko Saharakoa eta Galeskoa.
.