Itxi

Telefonia mugikorra

iPhonek 10 urte bete ditu

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Applek iraultza ekarri zuen telefonia mugikorraren mundura eta industria bera ere eraldatu zuen.

Steve Jobsek 2007ko ekainaren 9an aurkeztu zuen iPhonea. Argazkia: EFE

iPhone sakelako telefono iraultzaileak hamar urte bete ditu. Hamarkada horretan Apple konpainia teknologiko erraldoiak mila milioi telefono mugikor saldu ditu.

Lehendabiziko iPhonea 2007ko ekainaren 29an jarri zuten salgai, 499 dolarrean. 4 GBko memoria eta 8,89 zentimetroko eta 3,5 hazbeteko ukipen-pantaila zituen.

Sei hilabete lehenago San Frantziskon egindako aurkezpenean, Steve Jobsek konbentzituta iragarri zuen telefono hark telefono mugikorren industria, teknologia eta merkatua eraldatzea ekarriko zuela.

Eta hala izan zen. Telefonia mugikorraren iraultza eragin zuen, 1984an Macintosh ordenagailuak edo 2001ean iPodak egin zuten moduan.

"iPod bat, telefono bat eta Internet erabiltzeko gailu bat da. Ulertzen duzue? Ez dira hiru aparatu ezberdin, bakarra da", azpimarratu zuen agerraldi hartan.

iPhonea arratsaldeko 18:00etan jarri zuten salgai, Applek herrialde ezberdinetan dituen dendetan, baina ordurako jendea zain zegoen, produktu berritzailea erosteko egunak egin zituzten ilaran, ateak noiz irekiko zain.

2007ko urrirako 10 milioi telefono mugikor saldu zituzten. Ikaragarria izan zen, baina urteek aurrera egin ahala, salmentak behera egin du. Hala baieztatu dute Applek hilabete honetan bertan emandako datuek.

Duela hamar urteko merkatuan BlackBerry telefonoak eta Microsoften gailuak nagusi ziren. Alabaina, 2008an, Applek iOS bere sistema eragilerako App Store aplikazioa asmatu zuenean iritsi zen benetako iraultza.

Egun sakelako telefonoa gehienek Android sistema eragilea erabiltzen badute ere, Apple konpainiak eskuratzen ditu industriako irabazi gehienak, bere telefonoen prezio garestien ondorioz.

Dagoeneko, erabiltzaileak iPhone 8aren esperoan daude eta litekeena da Applen telefono berria datorren irailean aurkeztea.

Albisteak (1)