BCSC
EAEko zibersegurtasun zentroa, martxan
Agentziak | Erredakzioa
BCSC enpresen zibersegurtasun arazoak artatzeko eta kudeatzeko gai da jadanik.
Euskal Autonomia Erkidegoko zibersegurtasun zentroa (BCSC) martxan dago jadanik eta enpresen zibersegurtasun arazoak artatzeko eta kudeatzeko kapaz da, Javier Dieguez erakundeko zuzendariak Bilbon ziurtatu duenez.
Segurtasun Pribatuaren Kongresuan hitza hartu du Dieguezek. Aholkularitza zerbitzua zabaldu dutela azaldu du zuzendariak. incidencias@bcsc.eus posta elektronikoaren bitartez galderak egiteko aukera dagoela gogorarazi du.
Gainera, ziberdelituak prebenitzeko eta azpiegitura publiko kritikoak babesteko Ertzaintzarekin lankidetza eredu bat lantzen ari direla gaineratu du Dieguezek.
Eusko Jaurlaritzak BCSC bultzatu zuen eta datozen asteetan behin betiko egoitza Arabako teknologia parkean izango du. BCSCk zibererasoei aurre egiteko nazioarteko erakundearen (CERTs) kide izan nahi du 2018an.