Itxi

Sare sozialak

Carles Puigdemonten Twitter kontua, aurten aipamen gehien izan dituena Espainian

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Mundu mailari dagokionez, Carter Wilkerson erabiltzaileak aireratu du historia osoan gehien partekatutako mezua. Elen Degeneresek Oscarretako 2014ko sari banaketan zabaldutako txioa gainditu du.

Carles Puigdemont, Bruselan egindako agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE

Carles Puigdemontek Twitterren duen kontuak (@KRLS) izan ditu aurten aipamen gehien Espainian, sare sozial horrek zabaldu berri dituen datuen arabera.

Mundu mailari begira, Carter Wilkerson erabiltzaileak aireratu du historia osoan gehien partekatutako mezua. Urtebetez 'nuggets'-ak doan izateko zenbat bertxio behar zituen galdetu zion otorduak prestatzen dituen enpresa bati. Orduan, 18 milioi behar zituela erantzun zion Wendy's-ek, eta gazteak egintzat eman zuen erronka. Hala, sare sozial horren bidez laguntza eskatu zien bere jarraitzaileei, eta Elen Degeneresek Oscarretako 2014ko sari baketan zabaldutako txioa (3,5 milioi aldiz inguru bertxiotuta) gainditzea lortu zuen. Dagoeneko, 3,6 milioi aldiz baino gehiagotan partekatu dute bere mezua.

 

 

Bestalde, Barack Obama AEBko presidente ohiak arrazakeriaren kontra aireratutako mezu batek lortu ditu 'Atsegin' gehien mundu osoan. Twitterrek zabaldutako datuen arabera, 4,5 milioi erabiltzailek txio hori atsegin dutela adierazi dute, eta  1,7 milioi bertxio inguru lortu ditu. Obamarena izan da aurten sare sozial horretan gehien partekatu den bigarren mezua.

Ariana Grande abeslari estatubatuarrak zabaldu zuen 'Atsegin' gehien jaso dituen bigarren mezua, joan den maiatzean Manchesterren (Erresuma Batua) eskaini zuen kontzertuan izandako atentatuaren ostean emandako ongintzazko kontzertuan. Mezu horrek 2,6 milioi 'Atsegin' lortu zituen.

Katalunia, joera nagusia Espainian

Espainiako erabiltzaileei dagokienez, Kataluniarekin lotutako bi gai nagusitu dira. Izan ere, joan den abuztuan Katalunian izandako atentatuak eta Kataluniako prozesu independentista izan dituzte gehien bat hizpide sare horretako erabiltzaileek. Atentatuak izan eta handik denbora gutxira Espainiako Polizia Nazionalak zabaldutako mezu bat horren adierazle da. Zaurituen irudirik ez aireratzeko eskatzen zuen txio horrek 101.000 aldiz partekatu zuten erabiltzaileek. Gainera, Jordi Evole kazetariak eta Dani Mateo umoristak independentziari buruzko galdeketaren inguruan zabaldutako mezuek ere oihartzun handia izan zuten Twitterren; 85.000 eta 73.000 bertxio, hurrenez hurren.

Puigdemonti jarraiki, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak lortu dituzte aipamen gehien aurten Espainian. Mundu mailari dagokionez, Donald Trump AEBko presidentearen txioek izan dute oihartzun zabalena. Halaber, Narendra Modi Indiako lehen ministroa eta Nicolas Maduro Venezuelako presidentea askotan aipatu dituzte Twitterren.

Kirolariei dagokienez, Gerard Pique Bartzelonako jokalariari egin diote aipamen gehien sare sozial horretako erabiltzaileek.

Azkenik, Twitterren jarraitzaile kopuru handia duten erabiltzaileen kasuan, Protestona (@protestona1) izan da aurten aipamen gehien izan dituena Espainian. Manuel Bartualek (@ManuelBartual) ere hankaz gora jarri zituen sare sozialak, oporretara joan eta pasarte arraro guztiak bolo bolo zabaldutako istorio bihurtu zituenean. Gerardo Tece (@gerardotc) aktibistak aireratutako mezuek ere oihartzun handia lortu dute.