Eskandalua
Facebook asaldatuta agertu da filtrazioagatik, eta engainatu zutela esan du
AGENTZIAK
Baliteke enpresak hainbat milioiko isun bati aurre egin behar izatea, AEBko Merkataritza Batzorde Federalak ikerketa abiatu baitu. Cambridge Analyticak kontseilari delegatua kaleratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Facebook enpresa estatubatuarrak "asaldatuta" dagoela adierazi du, Donald Trumpen hauteskunde kanpainari lotutako enpresa bati sare sozialeko milioika erabiltzaileren datuak filtratu dizkiotela akusatu ostean. Gainera, baliteke enpresak hainbat milioiko isun bati aurre egin behar izatea, AEBko Merkataritza Batzorde Federalak ikerketa abiatu baitu.
"Enpresa osoa ikaratuta dago engainatu gintuztelako. Jendearen informazioa babesteko politikak indartzeko konpromisoa dugu, eta beharrezko pausoak emango ditugu hori lortzeko", adierazi du enpresak hedabideei igorritako ohar baten bidez.
Paul Frewal enpresako presidenteordeak ondoren Eferi adierazi dionaren arabera, enpresaren ardatza erabiltzaileen "informazioa babestea" da, eta konpromiso hori bera eskatzen diete Facebooken aplikazioak garatzen dituzten guztiei.
"Txostenek egia jasotzen badute, gure arauen urraketa larria izango litzateke. Esku hartu duten alde guztiek, baita SCL Group / Cambridge Analyticak, Christopher Wyliek eta Aleksandr Koganek ere, ziurtatu ziguten datuak desagerrarazi zituztela", gaineratu du Grewalek.
"Datuok ezabatu ez zituztela dioten txostenak ikusita, hiru aktore horien kontuak desaktibatzen ari gara, informazio gehiago jaso bitartean. Beharrezko neurriak hartuko ditugu aipatutako datuak behin betiko ezaba ditzaten, eta arau-hausleen aurkako neurriak hartuko ditugu", erantsi duenez,
AEBko Merkataritza Batzorde Federalak ikerketa abiatu duela ezagutu ostean eman du erantzuna Mark Zuckerbergek gidatzen duen enpresak. Baliteke zenbait milioiko isun bati aurre egin behar izatea.
Hedabide britainiarrek asteburuan plazaratu zuten informazioaren arabera, Cambridge Analyticak Facebooken datu-basera sartzeko aukera izan zuen, eta hori enpresaren konfidentzialtasun arauak argi eta garbi urratzea da.
Konpainiak (Steve Bannon Trumpen kanpainaburu ohia enpresa horretako inbertitzailea da) aitortu du dagoeneko 50 milioi erabiltzaile ingururen datuak manipulatu zituela, hautesleen erabakiak aurreikusiko dituen programa bat garatu eta aldatu ahal izateko.
Momentura arte, Faceboookek ukatu du lotura duenik Cambridge Analyticarekin; horren arabera ez luke erantzukizunik izango konfidentzialtasun arauetan urraketan, baina, era berean, egoera barregarrian utziko luke enpresa, onartu beharko lukeelako kanpoko enpresa batek datu baseetan sartzea lortu duela.
Alexander Nix, atzo. Argazkia: EFE
Bien biartean, Cambridge Analyticak Alexaner Nix kontseilari delegatua kaleratu duela jakinarazi zuen atzo.
Nix, gainera, Chennel 4 telebista britainiarrak grabatutako irudietan agertzen da, eta horietan politikarietan eragiteko ahalmena duela esaten du, hauteskundeetan esku hartu ahal izateko.