Eskandalua Facebooken
Zuckerbergek akatsak onartu ditu eta Kongresura joateko prest agertu da
agentziak
Enpresak 36.500 milioi euro inguru galdu ditu burtsan hiru egunetan. Presidente eta sortzaileak isiltasuna eten du azkenik, datuen manipulazioa argitaratu eta bost egunera.
Mark Zuckerberg Facebookeko presidente eta sortzaileak onartu du enpresak akatsak egin dituela, 50 milioi erabiltzaileren datuak modu okerrean erabiltzeagatik, eta neurri zorrotzagoak hartuko dituztela ziurtatu du, aplikazioak garatzen dituzten enpresek horren moduko datuak hartzeko aukera izan ez dezaten.
Gainera, CNN telebistak egindako elkarrizketa batean, prest agertu da Estatu Batuetako Kongresura joateko.
"Joateko prest nago, hori bada egin beharrekoa", esan du Zuckerbergek. "Gure helburua Facebooken ezagutza zabalena duen pertsona bidaltzea da. Pertsona hori ni banaiz, orduan prest nago joateko", erantsi duenez.
Facebook mundu mailako eskandalu batean sartu da aste honetan, Cambridge Analytic aholkularitza enpresak sare sozial handienaren milioika erabiltzaileren datuak bidegabe erabili zituela ezagutu eta gero. Horrela, Cambridge Analyticek hautesle estatubatuarren perfilak egin eta Donald Trumpen hauteskunde kanpainan aldeko erabili zituzten.
Facebooken zerbitzarietako batzuk. Argazkia: EFE
Observer, The Guardian eta The New York Times hedabideek, besteak beste, azaldu dutenez, Cambridge Analytica baimenik gabe hartutako datuak erabili zituen 2014 hasieran, informatika programa bat egiteko, erabiltzaileen iritziak aurreikusi eta aldatzeko asmoz. 50 milioi erabiltzaile horiek AEBko erabiltzaile aktiboen heren bat dira, eta balizko hautesleriaren laurden bat inguru.
Datuak hartu zituen aplikazioa 'thisisyourdigitallife' deitzen da eta Aleksandr Kogan Cambridge Unibertsitateko irakasleak egin zuen. Koganen enpresak, Global Science Research (GSR)ek eta Cambridge Analyticak ehunka mila erabiltzaileri ordaindu zieten izaerari buruzko galdetegiak erantzuteagatik, datuak esparru akademiko batean erabiltzeko aitzakiarekin.
Zuckerbergek Facebooken argitaratutako ohar batean nabarmendu duenez, enpresak "akatsak egin" zituen eta "badago gauza gehiago egiteko". Hala, neurriak hartuko dituztela hitzeman du, "asmo txarra duten agenteek pertsonen datuetara heltzeko aukera izan ez dezaten".
Horren ildotik, Facebook gertatutakoa ikertzen ari dela azpimarratu du. Enpresak, azken hiru egunetan, 45.000 milioi dolar (36.500 milioi euro) baino gehiago galdu ditu burtsan.
Facebooken esanetan, Koganek arauak urratu zituen datuak Cambridge Analytica eman zizkionean; ostiralean ez zuen "gezurra sartu" ziela. Cambridge Analyticak datuak ezabatu zituela esan zuen, eskuartean zuten informazioak datu pertsonalen babeserako arauak urratzen zituela ohartu zenean.
Koganek, orduan, esan zuen aurreko asteburuan ezagutarazi ziren gertakariak "shock handia" eragin dutela. "Nire iritzia da erruduntzat aurkezten nautela bai Facebookek baita Cambridge Analyticak ere", erantsi zuen.