26. edizioa
Zibersegurtasuna, Euskal Encounterraren gai nagusia
Agentzia | Erredakzioa
Ostegunetik igandera, BECen paratuko dituzten 5.000 ordenagailu postu pasatxoek 'hegan' egingo dute segundoko 60 gigabyteko abiaduran.
Orduak kontatzen ibiliko dira informatika eta teknologia berrien zaleak, urteko 'party' handiena ate joka baitago: Euskal Encounterra. 26. edizio honek zibersegurtasuna izango du gai nagusi, "Security Awareness" 2018ko leloa horren lekuko. Uztailaren 26tik, osteguna, uztailaren 29ra izango da hitzordua, Barakaldoko BEC-en.
Urtez urte markak ontzen ibili da Encounterra, eta aurtengoa ez da salbuespena: 50.600 metro koadro (zazpi futbol zelairen pareko) eta 5.024 ordenagailu postu izango dira parte hartzaileen gozagarri. Abiada bizian nabigatu ahal izango da, segundoko 60 gigara (iaz baino 20 Gb/s gehiago). Antolatzaileen arabera, inoiz egin den Encounterrik "azkarrena" izango da, "Espainiar Estatuko bizkorrena". 8.000 parte hartzaile eta milaka bisitari espero dituzte lau egunetan.
Topaketa asteartean aurkeztu zuten Sabino San Vicente Euskaltel Konekta Fundazioko gerente eta Euskal Encounterren antolatzaileak, Nerea Lupardo Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendari eta Euskaltel Konekta Fundazioko arduradunak eta Aitor Cobanera SPRI taldeko Teknologia eta Berrikuntza zuzendariak.
Openguneak "inoiz baino garrantzia eta leku gehiago" izango duela nabarmendu zuen San Vicentek. Parte hartzaile zein bisitarientzako gune irekia eta doakoa da, eta hitzaldiak, tailerrak eta sektoreko enpresen aurkezpenak bertan egiten dituzte. BECeko hirugarren pabiloira zabaldu dute, eta 15.000 metro koadro hartuko ditu.
50 bat hitzaldi eta tailer inguru egingo dituzte lau egunetan, eta "teknologia probatu eta ukitzeko standak"ere bisitatu ahalko dira, telesailen jarraitzaileen interesa piztuko duen Netflix katekoa barne.
"Sorpresen" artean bat aipatu du bereziki San Vicentek: Etxanobe jatetxeko Fernando Canalesek emango duena. "Euskal Encounterren oinarritutako teknologia eta sukaldaritza uztartzen dituen platera" sortu du sukaldariak, "hiru dimentsioko dastamen esperientzia" eskaintzeko asmoz.
Berrikuntza horiez gain, "iazkoa baino osatuagoa" egongo den zirkuituan, droneen lasterketez gozatu ahal izango dute bisitariek, baita martxoan martxan jarri zen Gamegune 18 bideo jokoen txapelketa amateurraren final handia ikusi ere.
RetroEuskalen 15. edizioan 'Space Invaders' bideo jokoaren 40. urtemuga ospatuko dute erakusketa baten bitartez. Klasiko horren 100 pieza baino gehiago izango dira ikusgai.
Bestalde, software librea, jokoak, hardwarea eta arte digitala bezalako arloak landuko dituen parte hartzaileentzako eremua ere "hazi egin da eta inoiz baino eskaintza zabalagoa izango du". Dozenaka jarduera erakargarriren artean, 38 bideo joko txapelketatan eta hardwarearekin erlazionaturiko 12 jardueratan parte hartu ahal izango da.