26. edizioa
Euskal Encounter hasi da abiadura marka hautsiz
Agentziak | Erredakzioa
5.000 ordenagailu baino gehiago segundoko 60 gigabiteko abiaduran nabigatzen ari dira dagoeneko. Euskal Encounterrak Barakaldoko BECen 50.600 metro karratu hartuko ditu datozen lau egunetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
5.000 ordenagailu baino gehiago segundoko 60 gigabiteko abiaduran nabigatzen ari dira dagoeneko Euskal Encounterreko 26. edizioan. Ekitaldiak Barakaldoko (Bizkaia) BECen 50.600 metro karratu hartuko ditu datozen lau egunetan.
Beste urte batez tamaina eta abiadura markak hautsi ditu Euskal Encounterrak. Segundoko 60 gigabiteko konexioa du aurten, iaz baino 20 gigabit gehiago. Honenbestez, Estatuko informatika 'party'rik azkarrena da, eta bizkorrenetariko bat munduan.
Igandera arte 5.024 ordenagailurentzako lekua eta Internet konexioa izango du BECen 5. pabiloiak. 8.000 parte-hartzaileak goizean goiz konektatu dira, datozen lau egunetan atsedenik gabe nabigatzeko.
Parte-hartzaileek batezbeste 29 urte dituzte, eta gehienak gizonezkoak (% 86) dira. % 42,7 bizkaitarrak dira, % 9,9 gipuzkoarrak, % 7,6 Madriletik etorri dira, % 5,8 Arabatik, % 5,5 Kantabriatik, % 5,3 Nafarroatik eta % 4,4 Bartzelonatik.
5.000 ordenagailu baino gehiagorentzako tokiaz gain, Euskal Encounterrek Opengunea du, doako esparru irekia. BECen 5. pabiloira eraman dute aurten. 15.000 metro karratuko gunean tailerrak, hitzaldiak, jokoak, hardware eta dronak eskaintzen dira.
Era berean, robotikak eta errealitate birtualak tokia dute Opengunean. Gainera, Gamegune 18 lehiaketaren finala jokatuko da bertan. Iragan maiatzean hasi zen bideo-joko txapelketa amateurra da. Sari bezala 16.000 joko banatuko dituzte.