jai informatikoa
600 lagun inguru bilduko ditu gaurtik aurrera Gipuzkoa Encounter topaketak
Agentziak | erredakzioa
Aurtengo hitzorduak segurtasun informatikoa izango du ardatz nagusi, eta arriskuak nola ekidin ikasteko doako hitzaldi eta tailerrak ere izango dira martxoaren 22tik 24ra bitartean.
600 lagunek parte hartuko dute ostiraletik igandera Gipuzkoa Encounter topaketaren XIII. edizioan, Tolosan. 400 eserlekuak izen-emate epea ireki bezain azkar bete ziren.
Iaz 15 segundotan amaitu zen epe hori; izugarrizko marka. Eta aurtengo errekorra are harrigarriagoa da: 2,1 segundo eskasetan erreserbatu zituzten zaleek ordenagailu-postu guztiak.
Gipuzkoa Encounterren webguneak duen sistema sendoari esker, eragozpenik gabe kudeatu ahal izan ziren aldi berean iritsitako ehunka eskaerak, eta marka ezin hobean banatu dira 400 postuak. Gainerakoak itxarote-zerrendan geratu dira, eta nahi duten guztiek bisitan etortzeko aukera izango dute, eguneko pasea eskuratuz edo Opengune zona irekira gerturatuz.
Partyaren zonan 600 parte-hartzaile inguru espero dira, ordenagailu postua eskuratu dutenak eta eguneko pasearekin bertaratuko direnak zenbatuz. Hala ere, teknologia-zale guztiek eta informatika-festa hau ezagutzeko jakin-mina dutenek Usabal kiroldegira gerturatzeko aukera izango dute, publikoarentzat irekitako ekimen anitz egongo baitira.
Aurtengo hitzorduak segurtasun informatikoa izango du ardatz nagusi, eta ordenagailuetan nahiz sakelako telefonoetan arrisku informatikoak nola ekidin ikasteko doako hitzaldi eta tailerrak izango dira parte-hartzaile zein bisitarientzat.
Robotika, programazioa eta datuen analisia bezalako gaiei buruzko formakuntza ere eskainiko dute hainbat adituk. Usabal kiroldegira gerturatzen direnek, gainera, errealitate birtualeko esperientziez gozatu ahal izango dute, baita jokoen gunean dibertitu ere. Openguneak jende mordoa erakartzen du urtero, ongi pasatzeko eta ikasteko ekintzen egitarau zabala eskaintzen baitu.
Euskaltel Konekta fundazioak antolatu du ekimena, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI taldearen laguntzarekin.