Tolosa
3.000 pertsona inguru izan dira aurtengo Gipuzkoa Encounterrean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Gipuzkoako informatika-jaialdiak "jendea erakartzeko gaitasun handia erakutsi du, sarrerak "2,1 segundotan agortu baitziren".
3.000 lagun inguruk parte hartu dute Tolosako Usabal polikiroldegian azken hiru egunetan izandako Gipuzkoa Encounterreko 13. edizioan. Antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, "jardueraz beteriko informatika-festaren oso balantze positiboa egin dugu, hitzaldietan eta lehiaketetan parte-hartze handia izan delako, eta adin guztietako ehunka bisitari bertaratu direlako".
"Informatika-zaleak erakartzeko gaitasuna handia erakutsi dugu, izan ere, sarrerak 2,1 segundotan agortu ziren", azpimarratu dute, "Opengune zonak pertsona ugari erakarri ditu, tailer eta mintzaldi egitarau zabalari esker, eta baita errealitate birtual, 3D inprimaketa eta bideo-joko eskaintzari esker ere".
Bestalde, "zibersegurtasuneko hitzaldi eta teknologia berrien tailerrek" bisitari ugari izan dituzte. "Nota bikaina lortu dute programatzaileei eta segurtasun informatikoan adituei zuzendutako lehiaketek, non partaideek aukera izan zuten euren ezagutzak testatzeko eta erreminta berriak ikasteko", gaineratu dute antolatzaileek.