Trumpen gerra komertziala
AEBk hiru hilabeteko epea eman dio Huaweiri zigorrak ezarri aurretik
Agentziak | Erredakzioa
Washingtonek konpainia txinatarra gutxietsi duela ohartarazi eta zigorrei aurre egiteko dena prest dutela esan du Huaweiko sortzaileak.
AEBko Gobernuko Komertzio Sailak 90 eguneko epea eman die Huaweiri eta haren 68 filialei zigorrak ezarri aurretik; horrenbestez, sareen mantenurako zein zerbitzuen euskarrirako beharrezko jarduerak egiteko baimena ematen dio enpresa txinatarrari, Donald Trump AEBko presidenteak konpainia txinatarra "zerrenda beltzean" sartu ostean.
"Epe muga horrek telefonia mugikorreko operadoreei beharrezko konponketak egiteko denbora emateaz gain, Huaweirekin lan egiten duten telekomunikazio-hornitzaile estatubatuarrei zein atzerritarrei epe luzeko neurriak hartzeko aukera emango die", esan du Wilbur Ross Komertzio idazkariak.
Bestalde, Huaweiri emandako "indultuak" zibersegurtasunaren nondik norakoak ikertzen jarraitzeko denbora emango die; segurtasuna "erabakigarria" baita sareen osotasuna eta gailuen eraginkortasuna mantentzeko.
Bestalde, Huaweiren arabera, Trumpen Gobernuak hartutako neurriak merkatu estatubatuarra mugatzea baino ez du ekarriko, "aukera garestiagoak eta kalitate eskasagoak" izango baitituzte. Gainera, enpresa txinatarraren sutez, AEB 5G teknologiaren zabaltzean atzean geldituko da, enpresa estatubatuarren zein kontsumitzaileen interesei kalte eginez.
Ren Zhengfei Huaweiko sortzaile eta kontseilari delegatuaren esanetan, ezarritako epe laburreko indultu horrek ez du zentzu handirik beraientzat, zigorrei aurre egiteko dena prest dutela iragarri baitu.
Bestalde, Trumpen neurriak Huaweiren 5G teknologiaren gain eraginik ez duela izango esan du Zhengfeik, eta Washingtonek konpainia txinatarra gutxietsi duela ohartarazi du.