BARAKALDOKO BEC
Euskal Encounterrek 'streamer' onenak sarituko ditu lehen aldiz
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zibersegurtasuna eta Interneten bidez zuzenean ematen diren programak izango dira 27. edizioaren gai nagusiak.
Uztailaren 25etik 28ra Barakaldoko BECen egingo den Euskal Encounterren, streamer (denbora errealean bideojoekin jolasten duten edo partidak komentatzen dituzten pertsonak) onenak sarituko dituzte. Informatika topaketaren 27. edizioan, gainera, ekitaldi gehiago eskainiko dituzte Opengunean.
Sabino San Vicente Euskaltel Konekta Fundazioaren arduradun eta Euskal Encounterren antolatzaileak bi “nobedade nagusi” horiek aurkeztu ditu Bilbon. Horren arabera, Opengunea ekimeneko "izarra" izango da. Bertan, hitzaldiak eta ekintzak egingo dituzte, errealitate birtuala eta beste hainbat teknologia berri herritarrei erakusteko.
50.000 metro karratuko azaleran eta “Stream it” leloarekin batera, Interneten bidez zuzenean ematen diren programak (streaming) eta zibersegurtasuna izango dira ekimen jendetsu horren gai nagusiak.
Aitor Cobanera SPRI talde publikoko Teknologia eta Berrikuntza zuzendariaren esanetan, “ezagutza partekatzea eta proiektuak sortzea” da helburua. Zeregin horretarako, parte-hartzaileek euren artean harremanak egiteko jarduerak eskainiko dituzte, sormen digitala, jokoak, software askea eta hardwarea oinarri.
Era berean, 60 gigabit segundoko abiaduran, Internetera konektatuko diren 5.000 ordenagailu egongo direla adierazi du Koldo Unanue Euskaltelen Marketineko zuzendariak.
Aurten, 8.000 pertsonak joko dute teknologia berriren euskal festara. Antolakuntzak azaldu duenez, gehienak gizonezkoak izango dira, batez beste, 29 urtekoak eta bereziki online jokoak gustuko dituztenak.