XXVII. Euskal Encounter
Euskal Encounterraren XXVII. edizioak 15.000 bisitari baino gehiago izan ditu
Agentziak
Edizio honetan eskainitako ekintzen artean, errealitate birtualeko azken berrikuntzez gozatu ahal izan dute BECera joan direnek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Encounter topaketaren XXVII. edizioa amaierara iritsi da ekintzez betetako lau egunen ostean. Euskaltelek eskainitako sareak segundoko 60 gigabiteko abiaduran nabigatzeko aukera eman die bertan bildu diren 5.000 ordenagailuei, eta informatikaren euskal jaia "munduko azkarrenetarikoa" bilakatu dute.
Edizio honetan eskainitako ekintzen artean, BECera joan direnek errealitate birtualeko azken berrikuntzez gozatu ahal izan dute.
Robotikarekin, droneekin eta 3D inprimagailuekin lotutako ekintzak ere egon dira, eta jokalariek dozenaka joko izan dituzte eskuragarri.
Sabino San Vicente Euskaltel Konekta fundazioko eta jardunaldiko arduraduna pozik agertu da "lan party" sailean izandako ezagutza-trukeekin, baita 300 lehiaketa baino gehiagotan izandako partaidetzarekin ere.
Formakuntza atala zibersegurtasunarekin, bideo-jokoen industriarekin edo programazioarekin lotutako gaiak ekarri dituzten adituekin indartu da edizio honetan. Gainera, streamig-a oso presente egon da Opengune eta GameguneTV programetan.
Horri guztiari cosplay eta K-Pop lehiaketak gehitu zaizkio, bisitariak dibertitu eta hainbat pertsona erakarri dituzten ekintzak.
15.000 pertsona baino gehiago esparru irekian eta doakoan
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Opengune (publikoarentzako doako esparru irekia) indartzearen aldeko apustua egin dute, eta emaitzak "oso positiboak" izan dira. 15.000 pertsona baino gehiago igaro dira 60 ekintza baino gehiago eskaini eta hainbat stand izan dituen 15.000 metro karratuko esparrutik.
"Partaidetza handia" egon da atal guztietan, eta 187 talde aritu dira software libreko ekintzetan. Erronka informatikoak gainditzen lagundu duten zibersegurtasuneko, sistemetako eta programazioko adituak izan dira horietan.
Jokoen alorrean, aurreko edizioetan baino lehiaketa gehiago egon dira, baita "emakume finalista gehiago" ere, antolatzaileek azpimarratu dutenez, eta irudi, musika eta programazio lehiaketetan aurkeztutako lanen kalitatea ere nabarmendu dute.
Interneteko konexioari dagokionez, segundoko 60 gigabiteko abiadura "arazorik gabe" harrapatu dute, eta "etxekoa baino askoz abiadura handiagoa" eskaini diete partaideei. Hori dela eta, Euskal Encounter topaketa Estatuko eta munduko "jairik" azkarrenetarikoa da.