Itxi

Pandemia

Konfinamenduan zibersegurtasuna bermatzeko aholkuak

eitb.eus

Leer en Castellano

Egunotan biderkatu egin da Interneten erabilera, eta segurtasun neurriak zaindu eta indartu behar dira. Europolek erabilera pribaturako edo telelanerako aholku gomendio sorta zabaldu du.

Haurra Internet erabiltzen. Argazkia: pexels.com

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak aholku sorta bat egin du zibersegurtasun baldintza minimo batzuk bermatzeko, "COVID-19aren zabalkundeari aurre egiteko ezarritako konfinamenduan Interneten erabilera biderkatu den honetan".

Europolen izenean zabaldutako aholkuek Euskal Herri osorako balio dute, eta telelanarekin, on-line erosketekin, gailuen mantenuarekin edo mezu susmagarrien aurreko portaerarekin dute zerikusia, segurtasuna eta pribatutasuna zaintzeko helburuarekin.

Hala, etxeko segurtasunari begira, routerrean lehenetsita zetorren pasahitza aldatzea, aplikazioen baimenak berrikustea eta erabiltzen ez direnak ezabatzea, segurtasun kopiak eta eguneraketak egitea, pasahitz (PIN edo informazio biometrikoa) desberdinak erabiltzea, antibirusa instalatzea eta pribatutasuna berrikustea aholkatzen dute.

Online erosketen harira, segurtasun gomendioak saltzaileen fideragarritasunean, kreditu txartelen erabileran eta bankuko kontuak gainbegiratzean zentratzen dira.

Esan gabe doa ez direla mezu susmagarriak ireki behar, datu pertsonalak zabaldu behar, fidagarriak ez diren albisteak partekatu behar, etab.

Haurrak dira sarean zaurgarrienetakoak, eta horiei begira, jostailu adimendunen segurtasuna (pasahitzak, pribatutasuna…) berrikustea, guraso-kontrola erabiltzea, eta haurrei zibersegurtasunaz hitz egitea eta haiei entzutea aholkatu dute.

Telelana

Enpresen harira, telelanerako prozedura argiak jartzea eta lehen aldiz erabili aurretik baino lehenago probak egitea konseilatzen dute.

Urruneko sarbidea da telelanaren oinarrietako bat, eta enpresaren sare korporatibora konektatzeko VPN bidez egitea aholkatu dute, eta autentifikazio-faktore anizkoitza ezartzea, automatikoki iraungitzen dena.

Sistema guztiak gaurkotuta izatea, segurtasuna indartzea, langileak gaiaren inguruan sentsibilizatzea eta barne komunikazioa bermatzea ere jasotzen du Europolen txostenak.

Etxetik lan egin behar duten langileentzat gomendagarriena enpresek emandako gailuak erabiltzea da, eta posible ez denean, gailu pertsonala gaurkotuta egotea eta antibirusa izatea.

Era berean, garrantzitsua da etxean bizi diren gainerako senide edo pertsonek lanerako gailurako sarbiderik ez izatea.

Segurtasun Sailetik gogorarazi dute ziberdelituren baten biktima izanez gero Ertzaintzari deitu behar zaiola, eta bestela, Foruzaingoari edo jendarmeriari.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (3)