Itxi

Koronabirusa

Nafarroako Unibertsitateak arnas infekzioak antzemateko app bat egin du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Kontrol epidemiologikorako neurriak osatzeko balio dezake, baina aplikazioaren erabilgarritasuna ikertzen ari dira oraindik.

App-ari esker hainbat arnas infekzio antzemango dira. Argazkia: Artxiboa

Nafarroako Unibertsitate Klinikak arnas infekzioak antzemateko app bat garatu du. Aplikazioa aipatutako klinikak bultzatutako ikerketa baten tresna izango da. Eztularen monitorizazio elektronikoaren bidez mugikorrak soinua erregistratzen du eta espektrograma batean islatzen du.

Juan Carlos Galdon Nafarroako Unibertsitateko ikerlari eta ikerketa honetako koordinatzaileak esan duenaren arabera, koronabirusaz gain, eztula hainbat arnas infekzioren sintoma izan daiteke. Hortaz, eztularen eboluzioa eta aldaketak ahalik eta lasterren antzematea da proiektu honen ideia nagusia; hala, tuberkulosia, pneumonia eta gripea, besteak beste, era azkar batean detektatuko dira aplikazioari esker.

App-ak HyfeApp du izena, teknologia berriei esker, bigarren planoan exekutatzen da eta eztularekin bateragarriak diren soinuak erregistratzen ditu.

HyfeApp aplikazioak 0,5 segundoko segmentuak grabatzen ditu; beraz, “ezinezkoa da hitz edota esaldi osoak erregistratzea”, Gabaldonen hitzetan. “Aplikazioak, adimen artifiziala duen algoritmo bati esker, prozesatutako soinua eztulari dagokion ala ez adierazten du. Horretarako, aipatutako algoritmoak espektrograma bat sortzen du, eta, eztularen ezaugarriekin bat egiten badu, eztula balitz bezala klasifikatzen du automatikoki”, azaldu du ikerlariak. Horrez gain, Gabaldonek gaineratu duenaren arabera, aplikazioak erregistro hori baino ez du gordetzen; “eztula ez da zerbitzarietan grabatu ere egiten”, nabarmendu du.

Carlos Chaccour proiektuko ikerlari nagusiaren aburuz, aplikazioari esker pertsona bakoitzak bere eztularen erregistro propioa izango du, eta, beraz, birusen bat inkubatzen ari ote den jakingo du era azkar eta eraginkor batean. “App-ak, ordea, ez du medikua ordezten eta ez du gaixotasunik diagnostikatzen”, azpimarratu du.

Ikerketaren helburua aplikazioaren eraginkortasuna aztertzea da. Aplikazioa eraginkorra bada, kontrol epidemiologikorako neurriak osatzeko balio dezake; adibidez, osasun zerbitzuari abisu emateko, besteak beste.

Ikerketan Montrealeko Unibertsitate Ospitaleko Ikerketa Guneak (Kanada) ere parte hartu du, eta, Nafarroako Unibertsitatearekin batera, Zizurren hasiko dute ikerketa pilotua. Iruñerriko herri honek 3.800 biztanle ditu, eta bertako udalak adierazi du gaitz hauek eragiten dituzten kalteak ezagutzera eman nahi dituela, baita azkar antzeman ere, hauen hedapena gutxitzeko. Bereziki garrantzitsua da hori orain, COVID-19a dela eta.

“Ikerketa honi esker eta Bartzelonako Ospitale Klinikoak egin zuen seroprebalentzia ikerketarengatik, aitzindaria da Zizurko Udala”, adierazi du Rafael Anso alkateak.