Sare sozialak
AEBk Facebook salatu du monopolioagatik, eta inbertsioak murrizteko eskatu dio
Agentziak | Erredakzioa
Salatzaileek espero dute enpresak “lehiakorrak ez diren baldintzak” inposatu ezin izatea, eta, ondorioz, aurretiazko baimena eskatu behar izatea edozein bat-egite edo eskuratze burutzerakoan.
Ameriketako Estatu Batuetako Merkataritza Batzorde Federalak (FTC) eta bertako 46 estatutako fiskalek Facebook salatu dute monopolioa egotzita.
Akusazioak Washingtongo epaitegi batean aurkeztutako idatziaren arabera, Instagramen eta Whatsapen inbertitu ez dezan eskatu diote enpresari, honek merkatuan duen tamaina eta kokapena murrizteko. Halaber, jarrera ez lehiakorra izateagatik salatu dute, besteak beste, 2012an eta 2014an enpresaren lehiakide izan zitezkeen Instagram eta WhatssApp erosi baitzituen.
"Honelako jarrerek lehiakortasunari egiten diote kalte, eta sare sozialetarako eskaintza urria uzten dio kontsumitzaileari, eta lehiaren onurak kentzen dizkie iragarleei", azpimarratu du FTCk.
Salatzaileen arabera, Facebookek software garatzaileei "lehiakorrak ez diren baldintzak" inposatu ezin izatea espero dute, eta, ondorioz, enpresak aurretiazko baimena eskatu behar izatea edozein bat-egite edo erosketa egiterakoan.
Facebookek adierazi duenez, salaketa berrikusi dute eta laster egingo dituzte adierazpenak. "FTCk gure eskuratzeak onartu eta urte batzuetara, Gobernuak zuzendu egin nahi ditu orain, kontuan hartu gabe horrek enpresariei edo gure bezeroei nola eragingo dien", esan du enpresak.