MegaUpload webgunearen itxiera
FBIko zuzendariaren datuak zabaldu ditu Anonymousek
Erredakzioa
Gainera, Eliseoaren webguneari ere eraso egin diote.
MegaUpload webgunearen itxiera dela-eta, Anonymous taldeak hainbat ekintza egin ditu ostiral honetan ere. Oraingoan Robert Muller FBIko zuzendariaren eta Eliseoaren webgunearen aurka joan dira.
Anonymous taldeak Robert Mullerren eta bere familiaren hainbat datu pertsonal argitaratu ditu sare sozialetan, tartean etxebizitza helbideak, telefono zenbakiak eta helbide elektronikoak.
Ez da izan ostiral honetako eraso bakarra. Frantziako presidentziaren egoitzaren webguneari ere egin diote eraso, eta hainbat mezu jarri dituzte bertan, tartean ''Sarkozy, herriak bertatik kenduko zaitu'', eta "Megaupload" bezalako hitzak, 'Le Monde' egunkariak eta 'PC Inpact' webguneak jakitera eman dutenez.
MegaUploaden itxieraren aurrean protesta egiteko, ostegun honetan hasi zituen ekintzak Anonymous pirata taldeak, AEBetako Justizia Departamenduaren, Universal Music ekoiztetxearen eta AEBetako Zinema Elkartearen webguneei eraso eginez.
Twitterren hartu zituzten erosoak beren gain, eta taldearen esanetan, "Anonymousek inoiz egindako eraso handiena" izan da, gutxienez 5.635 pertsonak hartu baitute parte.