Entretenimendua
Microsoftek Activision Blizzard erraldoia erosi du, bideojokoen sektoreko operazio handienean
EITB MEdia
Operazioa 60.326 milioi eurotan itxiko du Microsoftek eta, horrela, bideojokoen sektoreko hirugarren enpresa handiena bihurtuko da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Microsoftek baieztatu du bideojokoen munduko enpresa handienetako bat, Activision Blizzard, erosiko duela. Horrela, sektoreko hirugarren konpainia handiena bihurtuko da. Operazioak 68.700 milioi dolarreko kostua izango du, hots, 60.326 milioi euro.
Datuak datu, baina, operazioak iraultza ekarriko du bideojokoen sektorean. Izan ere, Microsoftek izen handiko hainbat saga bereganatuko ditu, hala nola "Call of Duty", "Warcraft", "Diablo", "Overwatch", "Candy Crush", "Tony Hawk", "Crash Bandicoot" eta "StarCraft", eta horrek bi ondorio izan litzake: batetik, joko horiek guztiak "Game Pass" Microsoften harpidetza sistemara (bideojokoen Netflix bat bezalakoa) heltzea, eta, bestetik, Activision Blizzarden etorkizuneko joko guztiak Xbox ekosisteman esklusiboak izatea. Hau da, Nintendo eta Sony konpainiek munduan jarraitzaile gehien dituzten bideojokoetako batzuk galduko lituzkete.
Akordioa bideojokoen sektoreko inoizko garestiena da. Joan den astean, Take-Two konpainiak Zynga erosi zuen 11.152 milioi euroren truke, eta, 2020an, Microsoftek berak Bethesda bereganatu zuen, 6.585 miloi eurotan.
Today is a historic moment. We are excited to announce that the world-renowned franchises and talented people at @ATVI_AB will be joining Team Xbox! ¿
— Xbox (@Xbox) January 18, 2022
Full announcement details here: https://t.co/RwF0QgXVwE pic.twitter.com/jIXuYCcndG
Activision Blizzard erraldoia da bideojokoen munduan. 10.000 langile ditu guztira, eta iaz 7.100 milioi euroko fakturazioa eta 1.929 milioi euroko mozkinak izan zituen.
Azken hilabeteetan, baina, enpresa hori iritzi publikoaren ikusmiran izan da, hainbat urtez sexu jazarpen kasuak ezkutatu zituela jakinarazi baitu "The Wall Street Journal" egunkariak.
Konpainiako buruak, Bobby Kotick-ek, lanpostua mantenduko du, baina Phil Spencer Microsoften bideojoko arloko kontseilari delegatuaren aginduetara egongo da.