Telefonia mugikorra
Apple enpresak iPhone 14a aurkeztu du, satelite bidezko larrialdi mezuak bidaltzea ahalbidetzen duen mugikorra
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Asteazkenean aurkeztutako mugikorrak aurreko modeloaren oso antzeko estetika du, eta merkatuan egongo da irailaren 16tik aurrera.
Apple enpresak iPhone telefono modelo berriak aurkeztu ditu, baita Apple Watch erlojuak eta AirPods entzungailuak ere.
Nobedade nagusia iPhone 14ren satelite bidezko larrialdi mezuen sistema da, estaldurarik ez dagoenean satelite bidezko mezuak bidaltzeko aukera ematen duena.
Appleren telefono estandar berriek, iPhone 14k eta 14 Plusek, aurreko modeloaren oso antzeko estetika dute, eta sare sozialak 'memez' bete dira bien arteko aldaketa txikiagatik.
Han sacado el iPhone 14 pic.twitter.com/ZozPlpqUgQ
— Johan (@JMM_1996) September 7, 2022
iPhone 14ak aurreko modeloko A15 Bionic txipa mantenduko du, baina Pro modeloek fabrikazio propioko txip berri bat erabiliko dute: A16 Bionic.
Telefono mugikorra merkatuan egongo da irailaren 16tik aurrera. Plus modeloa, berriz, urriaren 7tik aurrera.
Apple konpainiak, gainera, erloju bertsio berri bat aurkeztu du, Apple Watch Series 8 izenekoa. Gailu horrek tenperatura sentsore bat izango du emakumeen obulazio-zikloak aurreikusteko eta, hartara, emankortasunik handieneko uneak zehazteko.
Erlojuak zirkulazio-istripuak detektatzeko funtzioa ere izango du. Sentsore batzuen bidez, gailu elektronikoak istripu larrien kasuak detektatuko ditu eta larrialdi zerbitzuei automatikoki abisatuko die.