Itxi

Sare sozialak

Loa eta Laia

eitb media

Leer en Castellano

Euskarazko telesail berria estreinatu da urrian YouTuben. Loa eta Laia protagonistek, musika baliatuz, abentura ausart, espontaneo eta dibertigarriak kontatuko dizkiete etxeko txikienei. Josu Bergarak sortutako proiektuak lehen denboraldian 10 kapitulu izango ditu.

Loa eta Laiaren aurkezpena. Argazkia: Telesailaren sortzaileak.

Urrian estreinatu den euskarazko telesailean Loak eta Laiak, Niko eta batera, abestien bitartez hainbat abentura biziko dituzte. "Etxeko txikientzat zein familia osoarentzat sortutako egitasmo digitala. Euskaraz bizi eta musikarekin gozatzeko proiektua", horrela definitu du telesaila bere sortzaileak.

Telesail horren sortzailea Josu Bergara musikari eta publizista da. Alabekin batera euskarazko marrazki bizidunen bila ari zela, eskaintza eskasa zela ikusi zuten, eitb.eus-i adierazi dionez. Proiektuarekin, euskarazko marrazki bizidunak zabaldu eta modernizatu nahi izan ditu bizkaitarrak. Produkzioan, Josu Bergararekin batera, Paul Caballero, Ane Martinez, Leire Aparicio, David Sanchez eta Nerea Alberdi ibili dira.

Musika da Loa eta Laiaren ardatz nagusia, sentitzen dutena adierazteko modu naturala dela jakinarazi digu Bergarak. Proiektuaren sortzaileak onartu du "ume eta familiekin konektatzeko oso egokia" iruditzen zaiela.

Lehen denboraldiak, hasiera batean, 10 atal izango ditu, eta hilabetero estreinatuko da bat. Proiektua gutxinaka-gutxinaka osatzea nahi du lantaldeak, "txikitasunetik haziz eta eraikiz". Etorkizunari begira, lan lerro berrietan murgildu nahi dute: ikus-entzunezko eduki didaktikoak sortu, merchandisinga eskaini eta zuzeneko ikuskizunak egin.

Dagoeneko, lehen atala YouTuben ikus daiteke eta "Loa eta Laia, GAU BELTZA" du izena. Hedatzeko plataforma hori aukeratu dute "praktikotasuna eta eraginkortasuna" bilatzen dutelako. Hala ere, beste plataforma batzuk ere jo dituzte baliozkotzat, eta adierazi digute agian beste batzuetan ere egongo direla.

Lantaldeak esker ona adierazi nahi du proiektuak jaso duen harreragatik. Proiektua interesgarria irudituz gero, laguntzeko modu batzuk jazo dituzte webgunean.