TEKNOLOGIA
Gailu elektronikoentzako kargagailu unibertsala derrigorrezkoa izango da Estatu espainiarrean 2025etik aurrera
AGENTZIAK | EITB MEDIA
C motako USB ataka duen kargagailua izan beharko dute sakelako telefono, tablet, argazki kamera digital, aurikular zein bideokontsolek. Ordenagailu eramangarriei, aldiz, 2026tik aurrera ezarriko zaie araudia.
Gailu elektronikoentzako kargagailu unibertsala derrigorrezkoa izango da Estatu espainiarrean 2025etik aurrera; C motako USB ataka duen kargagailua izan beharko dute sakelako telefono, tablet, argazki kamera digital, aurikular zein bideokontsolek. Hala erabaki du gaur Espainiako Gobernuak, Europako Parlamentuak 2022an onartutako zuzentaraua bere eginda.
Ministroen Kontseiluak goizean egin duen bileran erabaki du irrati ekipamenduen merkaturatzeari buruzko araudia moldatzea, kargagailu unibertsalaren derrigortasuna txertatzeko testuan. Jose Luis Escriva Transformazio Digitalerako ministro espainiarrak eman ditu erabakiari buruzko xehetasunak.
Esan duenez, onartutako arauaren arabera kontsumitzaileek 2025etik aurrera erositako gailu elektronikoek C motako USB ataka izan beharko dute. Ordenagailu eramangarriei, aldiz, 2026tik aurrera ezarriko zaie araudia.