Itxi

Arazo informatikoak

Microsoft erori egin da eta arazoak sortu ditu hainbat enpresatan

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Arazoa CrowdStrike segurtasun enpresako antibirus baten eguneratzeak sortu du. Aenako aireportuetan anabasa sortu da, fakturazioa eskuz egin behar izan dutelako; ondorioz, atzerapen ugari daude. Gainerakoan, Osakidetzari eta Gasteizko Mercedes-Benzi ere eragin dio erorketak.

Microsoften erorketa arazo ugari sortzen ari da. Argazkia: EFE

Microsoft konpainia teknologikoa erori egin da mundu mailan, eta arazoak sortu ditu enpresa ugaritan, aire konpainia, banketxe, hedabide eta industria alorrekoetan, tartean. Euskadin, gorabeherak izan dira, besteak beste, Osakidetzaren webean (ezin izan da hitzordurik hartu), Kutxabanken eta Laboral Kutxan (ezin izan da bizum bidezko ordainketarik egin) eta Mercedes-Benz konpainiaren Gasteizko lantegian (produkzioa eten da). 

Enpresa multinazionalak bart eman du arazoen berri, Microsoft365 zerbitzuaren intzidentzien berri emateko kontuaren bidez (@MSFT365Status). "Microsoften zerbitzu eta aplikazioetan sartzeko erabiltzaileen ahalmenari eragiten dion arazo bat ikertzen ari gara", adierazi dute lehen mezu batean. 

Gerora azaldu duenez, CrowdStrike segurtasun digitalerako enpresaren antibirusaren eguneratzeak kale egin du, eta horrek Microsoften biltegiratze eta prozeduran etena eragin du.

Konpainiak handik gutxira argitu du trafikoa "azpiegitura osasuntsu batera" bideratzen hasi direla, eta "hobekuntza" igarri dutela zehaztu. Antza, AEBn hasi da "itzalaldia", eta mundu osora zabaldu da ondoren. 

Antibirus baten eguneratze akatsak sortu du anabasa

CrowdStrike enpresak berak X sare sozialean azaldu duenez, akatsak "pantaila urdineko errorea" ("heriotzaren pantaila" deitzen diote askok eta askok) edo "Falcon softwarearen akatsak atzemateko errorea eman dezake". Gerora adierazi du badakiela zerk eragin duen errorea, eta konpondu egin duela. 

Igor Unanue S21Sec enpresako segurtasun arduradunak eitb.eus-i azaldu dionez, arazoa konpontzea "korapilatsua" da, "ordenagailuz ordenagailu konpontzen joan beharko direlako". 

Erorketak ondorio ekonomikoak izango ditu, zalantzarik gabe. Microsoft eta CrowdStrike enpresen akzioek behera egin dute nabarmen New Yorkeko Burtsaren irekieran. 

Arazoak enpresa ugaritan

Espainiako Estatuan, Aena aireportuen enpresa kudeatzailea izan da arazoen berri ematen lehenetarikoa. 08:00ak pasatxo zirenean, mezua zabaldu du X sarean, arazo informatikoen berri emanez eta atzerapenak gerta zitezkeela ohartarazteko. 

Gerora zehaztu duenez, fakturazioan eta bidaiarien informazio puntuetan egon dira traba handienak. Bilboko Aireportuan, esaterako, ilara luzeak sortu dira check-in digitala egiteko arazoak tarteko (eskuz egin behar izan dituzte). Dagoeneko 30 bat hegaldi atzeratu dituzte Loiun. Iruñeko Aireportuan hegaldi bat atzeratu dute. 

Egoerak ohiko egoera berreskuratzen joan da, pixkanaka, egunak aurrera egin ahala, eta 15:00ak inguruan, Aenak sareetan zabaldu duenez, sistema nagusiak berrezarri ditu jada, nahiz eta aireportuetan oraindik nabari diren arazo teknologikoaren ondoriozko atzerapenak. 

Ilarak Loiuko aireportuan. EITB Media

Repsoli ere eragin dio erorketak, eta arazoak sortu dira gasolina zerbitzuguneetan. Erabiltzaileek eskudirutan bakarrik ordaindu ahal izan dute ordu batzuetan. 

EAEn, Microsoften matxurak Eusko Jaurlaritzaren menpeko webgune eta zerbitzuei eragin die; Justizia administrazioari, BizcayTIC plataformari (udalei euskarri digitala ematen die) eta EAEko Administrazio Orokorrari, besteak beste. Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailetik azaldu dutenez, erorketak "ez du segurtasun arazorik sortu", baina bai moteltze orokor bat. Hala, hasiera batean, arazoak izan dira Administrazioko ordenagailuen % 70ean. Gerora, sistema apurka-apurka bere onera etortzen hasi dela jakinarazi dute, eta 11:00etarako ordenagailuen erdiak normal ari zirela zehaztu dute. 

Osakidetzan ezin izan da webgune bidez hitzordurik hartu, eta zenbait anbulatoriotan jendea pilatu da, goizean goiz, hitzordua bertatik bertara hartzeko.

Erabiltzaile ugari Basurtuko anbulatorioan pilatuta. EITB Media

Finantza-erakundeetan ere izan du eraginik erorketak. Espainiako eta Londresko burtsek, esaterako, arazoak izan dituzte operazioak egiteko. Gurean, Kutxanbakek eta Laboral Kutxak ere trabak izan dituzte normal jarduteko, eta, adibidez, ezin izan da bizum bidez ordainketarik egin. Biek ala biek, baina, 11:30ean jakinarazi dute ohiko jarduna berreskuratu dutela. 

Kontrara, kreditu-txartelen ordainketa gehienen bitartekari den enpresak, Redsys plataformak, adierazi du erorketak ez duela eraginik izan eta "normaltasun osoz" ari direla lanean. 

Industriari dagokionez, Mercedes-Benz konpainiaren Gasteizko lantegiak produkzioa eten du goizean. Correosen eta Amazonen ere izan da gorabeherarik.