Itxi

Aurkezpena

Zer dakigu iPhone16 berriari eta edukiko duen adimen artifizial berritzaileari buruz?

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Appleren adimen artifizialak, Apple Intelligencek, pantailan agertzen dena ulertuko du, irudiak sortuko ditu eta elkarrizketak transkribatuko ditu, besteak beste.

Appleren iPhonea. Argazkia: EFE

Apple prest da mundu guztia liluratzeko iPhone berriarekin, 16.arekin. Izan ere, berritasun ugari izango ditu gailuak eramango duen adimen artifizialak, eta biak aurkeztuko dituzte gaur, Cupertinoko (Kalifornia, AEB) egoitzan egingo duten 'It´s Glowtime' (dir-dir egiteko unea da) ekitaldian.

Telefono berriaren aurkezpena da zirrara gehien sortu duen gaia, lehenengo aldiz Apple Intelligence teknologia izango duen iPhonea izango baita, hedabide espezializatuen arabera.

Adimen artifizial horrek, garatzaileek ekainean egindako konferentzian aurreratu zutenez, pantailan agertzen dena ulertuko du, irudiak sortuko ditu, elkarrizketak transkribatuko ditu, eta Siri laguntzailearen funtzioak irauliko ditu, besteak beste.

Hala eta guztiz ere, antza denez, adimen artifizialarekin lotutako funtzioak ez dira Europan martxan izango, Merkatu Digitalen Legeak eta onartzeke dagoen Adimen Artifizialaren Legeak eraginda.

The Vergeren arabera, "glowtime" delakoak Siri abiaraztean pantailaren ertzetan pizten den argiari egiten dio erreferentzia, iOS 18 bertsioan hain zuzen ere.

Bloombergek, berriz, gogorarazi du "glow" dela aurrerago aurkeztuko duten macOS Sequoiari enpresa barruan ematen dioten izena.

Appleren adimenak prozesadore indartsuak beharko ditu, eta horregatik, litekeena da iPhone 16ak A18 txipa edukitzea, eta ez Pro modeloetan bakarrik, baizik eta guztietan.

Gaurko ekitaldian, Applek Air pod eta erloju berriak iragarriko dituela ere filtratu da medioetara, tartean haurrei zuzendutako merkeago bat.