Cargando...

Zuzenean

Katalunia

155.aren gaineko bozketa Senatuan urriaren 27an ala 30ean egin liteke

Actualizar

19:42 Carme Forcadellek Europar Batasunaren inplikazioa eskatu du Espainiako Gobernua Katalunian egiten ari den eskubide urraketaren aurrean: "Europak jada ezin du beste aldera begiratu".

 

"Europar Batasuneko kide den Estatu bat oinarrizko eskubideak etengabe urratzen ari da; Europako instituzioak noiz arte egongo dira zain?", galdetu du 'Frankfurter Allgemeine Zeitung' egunkarian argitaratutako artikulu batean.

 

(Argazkia: EFE)

19:26 Kataluniako prozesu soberanista dela eta, Mariano Rajoyk Europar Batasuneko hainbat buruzagiren babesa jaso du, tartean Angela Merkelena eta Emmanuel Macronena .

 

Bruselako goi-bilerara iristean, Espainiako Konstituzioa eta Zuzenbide Estatua errespetatu egin behar direla esan dute Alemaniako kantzilerrak eta Frantziako presidenteak.

 

(Argazkia: EFE)

18:52 Silvio Berlusconi Kataluniako gatazka politikoa konpontzeko elkarrizketaren alde azaldu da eta "Espainiako Konstituzioaren baitako erreferendum bat" egitea babestu du.

 

Horrez gain, Italiako lehen ministro ohiak adierazi du berak ez zukeela Guardia Zibila Kataluniara bidaliko urriaren 1ean.

 

(Argazkia: EFE)

18:33 Prozesu independentisten harira, Vladimir Putinek salatu du Europa mendebaldeko herrialdeek bi neurri erabiltzen dituztela, Kataluniako independentzia nahia gaitzesten duten bitartean, beste independentzia prozesu batzuk txalotu egin dituztelako.

 

"Agintari batzuentzat askatasunaren aldeko borrokalari onak daude eta beste batzuek ezin dute independentziarako eskubidea mekanismo demokratikoen bitartez ere defendatu", kritikatu du Errusiako presidenteak.

 

(Argazkia: EFE)

18:14 Jose Maria Aznar Espainiako Konstituzioaren erreformatzearen aurka azaldu da, "Kataluniako independentismoari orain eman nahi ez dioguna zatika emateko balioko badu".

 

"1978ko itun konstituzionala dago jokoan; izan ere, Kataluniako nazionalismoak apurtutzat eta suntsitutzat eman du itun hori. Beraz, erantzuna ezin daiteke Konstituzioaren erreforma izan", azpimarratu du Espainiako Gobernuko presidente ohiak Valentzian egin duen agerraldi batean.

 

(Argazkia: EFE)

16:45 Aurreko urriaren 1eko erreferenduma egin zutenetik, 917 enpresak eraman dute euren egoitza soziala Kataluniatik kanpora; datua atzokoa da, eta Espainiako Erregistratzaileen Eskolak eman du jakitera.

16:33 Omniumeko Zuzendaritza Batzako kide Eulalia Solek iragarri duenez, independentziaren aldeko erakundeek, ostiral honetatik aurrera, ekintza baketsu berriak bultzatuko dituzte; hau da, ez dira izango kalean egiteko manifestazioetan: "Ekintza horiek askoz ere zuzenagoak izango dira, eta kontsumitzaile gisa ahaldunduko gaituzte".

Solek esan du behar beste mobilizazio egingo dituztela errepublika katalana aldarrikatzeko, eta ekintza berri horiek eraginkorrak izan litezkeela; izan ere, Estatuari eta EBri kaltea egin liezaiekete, ekonomiari dagokionez.

16:16 Belgikako lehen ministro Charles Michelek nabarmendu du zein den haren Gobernuak Kataluniako gatazkaren inguruan duen jarrera: hain zuzen, indarkeria gaitzestea, alde guztien arteko elkarrizketa eskatzea, eta orden nazionala eta nazioartekoa errespetatzea. Europar Batasuneko liderrek Bruselan duten bilerara iritsi denean, Michelek esan du ez dagoela inolako krisi diplomatikorik Belgika eta Espainiaren artean. "Indarkeria gaitzetsi eta hitz egiteko eta tentsioa murrizteko eskaria zabaltzen dut", adierazi du Belgikako lehen ministroak.

Aurreko asteburuan "Le Soir" egunkarian egindako adierazpenez galdetu diotenean (esan zuen nazioarteko bitartekaritza bultza litekeela, Espainian elkarrizketak huts egingo balu), Michelek esan du ez dagoela bi herrialdeen arteko "liskarrik, ezta krisirik ere".

15:39 Senatuaren Mahaia ere bilduko da larunbatean, Ministroen Kontseiluaren ostean; hain zuzen, Kontseilu horretan onartutako neurriak jasoko ditu, eta horiek eztabaidatu eta onartzeko tramitazioa zehaztuko du. Tramitazio hori datorren astean gauzatuko da, astelehenetik aurrera; azken bozketa hilaren 27an, ostiralarekin, ala hilaren 30ean, astelehenarekin, egin liteke, Europa Pressi parlamentu-iturriek jakitera eman diotenez.

15:28 Sergi Sabria ERCko bozeramaileak esan duenez, Gobernuaren erabakiak, alegia, larunbatean, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea xede, Ministroen Kontseilua deitzeak, handitzen du aukera Carles Puigdemontek Kataluniako presidenteak independentzia-aldarrikapenari jarritako etenaldia bertan behera uzteko.

15:25 BIDEOA: PSOEk eta Ciudadanosek, babesa Rajoyri; Podemosen iritziz, atzerapausoa da

15:23 BIDEOA: Euskal alderdiak, elkarrizketaren alde eta 155 artikuluaren aurka

15:14 Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, Katalunian "ez da independentzia-aldarrikapenik izan", eta, hortaz, ez dago zertan aplikatu Konstituzioaren 155. artikulua. Urkulluk elkarrizketaren aldeko apustua berretsi du, eta Mariano Rajoy eta Carles Puigdemonten esanetara jarri du bere burua, horiek uste badute Urkulluk laguntza eman dezakeela.

15:08 Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Espainiako Gobernua babestu du, Kataluniako gatazkan, eta adierazi du horren irtenbideak "Espainiako Konstituzioa izan behar duela oinarri"; Merkelek azpimarratu du Moncloaren jarrerarekin bat egiten duela, eta nabarmendu du, halaber, Espainiako Gobernuak herrialdeko alderdi nagusien babesa duela.

15:01 Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak gaur esan duenez, Bartzelona eta Madrilen arteko tren-zirkulazioan "gorakada" nabarmendu dute; De la Sernaren esanetan, azalpen bakarra du horrek, alegia, Kataluniatik alde egiten diren enpresengatik izatea. Hala ere, nabarmendu du "goiz dela sakonean aztertzeko".

14:56 Guardia Zibilak hiru lagun atxilotu ditu Bartzelonako Sant Esteve de Sesrovires herrian, U-1ean agintearen aurkako atentatua, erresistentzia, desobedientzia eta mehatxuak egitea egotzita. Horien artean, ERCko udalerri horretako agintari bat eta Esquadrako Mossoetan sartu nahi duen gazte bat ere daude.

14:38 JxSik eta CUPek Kataluniako Parlamentuan egindako bilera bi orduren buruan amaitu da; horretan, eztabaidatu dute noiz eta nola berpiztuko duten independentzia-aldarrikapena, Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatuko duela jakitera eman ostean.

Mariano Rajoyren Gobernuak autonomia bertan behera uzteko asmoari eusten badio, bi taldeak ados daude: independentzia aldarrikatzekoa litzateke. Xehetasunak ari dira aztertzen, ea nola egingo luketen.

14:29 BIDEOA: Azken unean erantzun dio Puigdemontek Rajoyren errekerimenduari

14:19 Gironako, Saint Julia de Ramiseko eta Aiguavivako Udalek jakitera eman dutenez, U-1eko gertakariengatik komuneko kereila aurkeztuko dute; izan ere, Girones eskualdea, alegia, hiri eta herri horiek dauden eskualdea, indar-segurtasunek "berezi zigortu" zutelakoan daude.

Marta Madrenas, Marc Puigtio eta Joaquim Mateu alkateek Albert Carreras abokatuarekin batera egin dute agerraldia; Carrerasen esanetan, zigor horren arrazoia izan zen, alde batetik, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak udalerri horietako batean eman behar zuela botoa, eta, beste alde batetik, Puigdemonten alabek Gironako eskola batean ikasten dutela.

14:13 Espainiako Gobernuaren presidente ohi Jose Maria Aznarrek ohartarazi duenez, Konstituzioaren balizko erreforma bat "ezin da izan Kataluniako Gobernuari epeka ordaintzeko modu bat, alegia, orain ordaindu ez diogunaren epekako ordainketa bat"; hortaz, Konstituzioa aldatzearen aurka agertu da, Kataluniak ez izateko aukerarik Espainiatik alde egiteko.

14:09 Jordi Turull Kataluniako Gobernuko kideak Twitterren esan duenes, susmoa du Espainiako Gobernuak ez ote zuen Puigdemontentzako erantzuna aldez aurretik idatzita:

13:59 Senatuko Mahaia larunbatean edo astelehenean bilduko da Katalunian ezarri behar duten 155 artikulua indarrean jartzea agintzeko. Ministro kontseiluak larunbatean egingo du bileran, eta bertan zehaztuko ditu Kataluniako autonomia bertan behera uzteko pausoak.

13:50 A9agatik ezarritako bermea (5,25 milioi euro) ordaintzen amaitzeko 15 eguneko epea eman dio Kontu Auzitegiak Artur Mas Generalitateko presidente ohiari.

Jada 2,2 milioi euro ordaindu ditu Masek, eta gainerakoa pagatu ahal izateko denbora gehiago eskatu dio Auzitegiari.

Mas Puigdemontekin hizketan, duela gutxi hartutako irudi batean. EFE

13:45 BIDEOA: Urkulluren ustez, eskutitzean garbi dago ez zela independentzia aldarrikatu

13:30 Espainiako Gobernuari zuzendu zaio gaur Iñigo Urkullu lehendakaria adierazpen instituzional batean. "Katalunian ez da sekula egin aldebakarreko independentzia aldarrikapena, eta, ondorioz, ezin da inola ere aplikatu Konstituzioaren 155. artikulua", ohartarazi du.

Urkulluren aburuz, "ezinbestekoa da hartutako erabakiek izango dituzten ondorioak aztertzea, eta, batez ere, erabaki horiek gizartearen hausturan eragina izan dezaketenean. Horregatik ez da hartu behar egoera zaildu dezakeen erabakirik. Behar-beharrezkoa da egoerak okerrera egin dezan saihestea".

Hori horrela, bi gobernuei "elkarrizketa prozesu baten aukerak aztertzeko formula bat" adosteko deia egin die. Lehendakariak uste du prozesu hori ezin dela "baldintzatuta egon" eta ezin duela "umiliaziorik eragin ezein aldetan". "Akordiorako borondatean oinarrituta egon behar du, eta egoera konpontzera bideratu behar da", azpimarratu du.

 

Argazkia: EiTB

13:05 Crida Democracia Omnium Cultural elkarteak U-1 babesteko sortutako mugimenduak iragarri duenez, ostiral honetatik aurrera "ekintza zuzen baketsuak" antolatuko dituzte.

12:59 Guardia Zibilaren hainbat agente Esquadra Mossoek Lleidan duten eskualde-komisarian sartu dira ostegun honetako goizean, Ponenten,  Kataluniako Poliziaren komunikazio-telefonoguneak urriaren 1eko erreferendumean egindako grabazioak eskuratzeko.

12:49 Jose Luis Abalos PSOEko Antolaketa idazkariak adierazi duenez, bere alderdiak espero du Espainiako Gobernuak, 155. artikulua aplikatuta, Katalunian egingo duen esku-hartzea "laburra" izatea, Katalunian "normaltasun demokratikoa eta autogobernua berrezarri arte".

12:41 Maddalen Iriarte EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramailearen iritzian, "Gobernu espainolak, PSOEren babesarekin, Autonomien Estatua bera dinamitatu du gaur ofizialki".

12:27 Rafael Hernando Alderdi Popularrak Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, "zubi guztiak erre dituen zonbi bat da Puigdemont". Hernandok uste du Generalitateko presidentearen helburu bakarra "Kataluniari eta bere erakundeei ahalik eta min gehien egitea" dela. "Berarentzat, gero eta okerrago, hobeto. Tragikomedia bat da hau", erantsi du.

12:22 BIDEOA: Monica Oltraren etxe aurrean eskratxea egin du eskuin muturreko talde batek

12:20 BIDEOA: Tarda: 'Espainiako Gobernuak aldebiko negoziazioa onartu beharko lituzke'

12:12 Nafarroako Parlamentuak Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium Cultural elkarteetako presidenteen kartzelatzea salatu du.

Foru ganberako Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bana onartu dute "Katalunian dagoen salbuespeneko egoera demokratikoa salatzeko".

Nafarroako parlamentariek, Ainhoa Aznarez presidentea buru zutela, elkarretaratzea egin dute gertaerok gaitzesteko. Argazkia: EFE

11:59 Amaitu da Junts Pel Si eta CUP alderdiek Kataluniako Parlamentuan egin duten bilera.

11:56 Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egingo du gaur, 12:45ean Lehendakaritzan, Kataluniako egoerari buruz.

eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du prentsaurrekoa.

11:46 Taula de la Democracia elkarteak larunbatean Bartzelonan egingo duten manifestazioa aurkeztu du:

11:37 Guardia Zibilak 22 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur U-1ean Estatuko segurtasun indarrei eraso egitea egotzita. Guardia Zibilaren arabera, gazteak buruan ostikoa eman zion agente bati Sant Esteve de Sesrovires herrian (Bartzelona).

11:32 Espainiako Gobernuak hitz egiteko borondaterik ez izatea deitoratu du ERCk:

11:23 CUP eta Junts Pel Si alderdietako ordezkariak Kataluniako Parlamentuan bilduta daude goiz honetan independentziaren balizko aldarrikapen bati buruz hitz egiteko.

CUPeko diputatu batzuk (Albert Botran, Mireia Boya eta Gabriela Serra, besteak beste) JxSi taldeak ganberan dituen bulegoetan sartu dira 10:15 aldera.

11:15 BIDEOA: Espainiako Gobernuaren agerraldi osoa, Puigdemonten gutuna erantzunez

11:13 BIDEOA: Espainiako Estatuak 'akats historikoak' errepikatu dituela esan du Asironek

11:07 Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak nabarmendu duenez, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatzen badu "Europak inork ez du hori onartuko", eta beraz, Puigdemontek ez du "laguntzarik" izango.

COPE irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, Kataluniako auzia Espainiaren barne arazoa dela berretsi du Tajanik, eta konponbidea "Espainiako esparru juridikoaren barruan" bilatu behar dela azpimarratu.

10:59 Milaka lagunek eskatu dute bart Bartzelonako Camp Nou futbol-zelaian, ANC eta Omnium Culturaleko buruzagi Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart aske uztea.

10:52 Laburra izan da oso Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramailearen agerraldia. Moncloak kaleratutako ohar ofiziala irakurtzera mugatu da eta ez du kazetarien galderarik onartu.

10:37 Espainiako Gobernuak oharra kaleratu du Carles Puigdemonten gutunari erantzuteko. Agiriaren arabera, "agerikoa da Generalitateko presidenteak errekerimenduari erantzuteko duen borondate eza". Hori horrela, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzen jarraitzeko pausoak emango ditu.

Ministroen Kontseilua larunbatean bilduko da izapide horiekin jarraitzeko.

10:22 Hasi dira Puigdemonten erantzunari erreakzioak heltzen. Albert Rivera Ciudadanoseko buruak esan duenez, "demokraziak ez du inoren xantaiarik onartuko".

Gosari informatibo batean adierazi duenez, Espainiako Estatuak ez zuen O23ren eta terrorismoaren "xantaien" aurrean amore eman, eta "orain ere ez du horrelakorik egingo".

10:08 Hauxe da Puigdemontek Rajoyri bidalitako gutuna:

10:05 Puigdemontek emandako azken erantzunaren aurrean Espainiako Gobernuak duen jarrera azalduko du goizean Iñigo Mendez de Vigo Exekutiboaren bozeramaileak. Mendez de Vigok Kongresuan egingo ditu adierazpenak, 10:30etik hasita.

09:57 Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak bigarren gutun bat bidali dio Rajoyri. Agirian elkarrizketarako asteleheneko eskutitzean egindako eskaintza berretsi du Kataluniako Gobernuak, baina ohartarazi du Espainiako Gobernuak "elkarrizketari uko egiten jarraitzen badu", Kataluniako Parlamentuak independentzia aktibatuko duela.

09:25 CUPek elkarretaratzea deitu du arratsalderako (18:00ak) Espainiako Gobernuak Bartzelonan duen Ordezkaritzaren aurrean. "Errepublika orain" aldarrikatzeko eta "errepresioa" geldiarazteko deitu du bilkura.

09:09 Itxura guztien arabera, beste gutun bat bidaliko dio Puigdemontek Rajoyri. Elkarrizketarako egindako eskaintza berresteaz gain, ohartarazpena ere egingo omen dio, atzo Generalitateak aurreratu zuen moduan. Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua ezartzen badu, independentziaren ondorioen etetea bertan behera utziko du.

08:57 Bien bitartean, Mariano Rajoy Espainiako presidentea Bruselan da gaur, Europar Batasuneko estatu eta gobernuburuen bileran.

Kataluniako auzia ez dago agendan.

08:38 10:00etan bukatuko da Espainiako Gobernuak Generalitateari emandako bigarren epea. Urriaren 10eko bilkuran independentzia aldarrikatu ote zuen argitzeko eskatu zion Rajoyk Puigdemonti, eta hori egin ezean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezarriko du.

Generalitateko presidenteak elkarrizketarako emandako bi hilabeteko eskaintzari eutsiko dio, eta ez du independentzia aldarriaren inguruko argibiderik emango.

Puigdemont, urriaren 10ean, independentziari buruzko agiria sinatzen. EFE

Atzo jakin zenez, 155. artikuluari bide eman baino lehen, azken eskaintza bat egin dio Rajoyk Puigdemonti: hauteskunde autonomikoak deitzea. Hori egin ezean, Kataluniako autonomia kentzeko prozesua abiatuko du Gobernu zentralak.