Cargando...

Zuzenean

'Altsasu auziko' epaiketa

Horrela kontatu dugu zuzenean maiatzaren 3ko saioa

Actualizar

14:05 - Saioak bihar, ostirala, jarraituko du, gainerako defentsen ondorioekin.

14:04 - Terrorismoaren kalifikazioa baztertuz amaitu du bere agerraldia abokatuak.

13:45 - Bere abokatuaren esanetan, Julen "pertsona apolitikoa" da eta ez du Osparekin zerikusirik.

13:43 - Guardia Zibilaren txostenean terrorismoa aipatzen da hasieratik. "Hori Epaimahaiak zehaztu behar du, ez adituen txosten batek", adierazi du.

13:36 - Guardia Zibilaren txostenari buruz esan du "alderdikeria" dariola. Ikerketa egin zutenak guardia zibilak ziren, "eurek eraiki zuten inteligentzia adituen txostena".

13:33 - "Julenek bere sakelakoko datuak ezabatu zituela iradoki zuten. Baina berak eman zion telefonoa Poliziari", azaldu du abokatuak.

13:32 - Olle abokatuak azpimarratu duenez, Goikoetxeak ez zuen liskarrean parte hartu.

13:25 - Abokatuak kritikatu du ikerketan ez dituztela akusatuen arteko "deiak" edota "kontaktuak" aztertu. "Agian aztertu zituzten eta interesatzen ez zitzaizkienez ez zituzten aipatu", erantsi du.

13:17 - Goikoetxea Jon Ander Coben koadrilakoa da, gainerako akusatuak aurpegiz bakarrik ezagutzen zituen. Abokatuaren ustez, erasoa ezin izan  zuten aurrez antolatu.

13:12 - Julen Goikoetxea Koxka taberna barruan geratu zen liskarra eta gero. "Gertakarietan harremana izan balu, ospa egingo luke", argudiatu du.

Manuel Olle abokatua, bere agerraldian. Auzitegi Nazionaleko seinaletik hartutako irudia.

13:06 - Abokatuaren ustez, deigarria izan zen guardia zibilek eta bikotekideek esamolde bera ("akusatuek erasoan aktiboki parte hartu zuten") erabili zutela behin eta berriz epaiketan. Deklarazioa "prestatua" zegoela iradoki du.

13:02 - Guardia zibilek eta euren bikotekideek gau hartako detaile batzuekin gogoratu ez izana eta beste batzuk oso zehatz deskribatzea deigarria dela uste du abokatuak.

12:56 - "Zergatik esan zuen gezurra? Ados jarri al ziren (guardia zibilak eta bikotekideak) akusatu guztiei kalte egiteko?", galdetu du abokatuak.

12:53 - Goikoetxearen abokatuaren hitzetan, "sarjentuak gezurra esan zuen epaiketan". Hasierako deklarazio batean identifikatu zuen, baina gero atzera egin zuen. Epaiketan, berriro identifikatu zuen.

12:51 -

12:47 - Kritikatu duenez, guardia zibilek eta bikotekideek ez zuten akusatuen identifikazioa baieztatu epaiketan.

12:43 - Guardia zibilei eta bikotekideei erakutsi zizkieten argazkiak eta akusatuarekin egindako ezagutze-saioak "zalantzagarriak" direla esan du. "Julenekin batera agertu zirenak Hego Amerikakoak ziren, azal ilunekoak", salatu du.

12:42 - Goikoetxearen kontrako frogak "kaltedunen deklarazioetan" bakarrik oinarritzen dira.

12:37 - Salatu duenez, eskatutako lekukoak baztertu zituen Epaimahaiak. Lekukoek Goikoetxea Koxka barruan ikusi zuten gau guztian.

12:31 - 2016ko urriaren 15 hartan Julen Goikoetxea non eta norekin egon zen kontatu du abokatuak. Afaria eduki zuen futboleko kideekin eta gero, "bere tabernara, Koxkara, joan zen".

12:03 - Hasi da berriro epaiketa. Julen Goikoetxearen abokatua ari da hitz egiten.

12:02 - Amaitu da Jaime Monteroren txanda. 10 minutuko atsedena.

11:58 - Abokatuaren esanetan, guardia zibilei eta bikotekideei ustezko erasotzaileak identifikatzeko argazkiak "modu irregularrean" erakutsi zizkieten.

11:54 - Abokatuak Paulette lekukoaren deklarazioa hartu du ahotan. Gazteak esan zuenez, liskarretik "atera eta tabernaren beste puntara eraman zuen".

11:50 - Jaime Montero abokatuak nabarmendu duenez, bere bezeroa ez da ezker abertzalekoa.

11:45 - Maria Jose tenientearen bikotekideak ez zuen Oihanen izena aipatu, bere auzokidea zen arren. Horrela deskribatu zuen: "mutil ile horia zen eta begi urdinak zituen".

11:43 - Abokatuak nabarmendu duenez, Oihan ez da ile horia eta 2016ko urriaren 15ean ere ez zuen ilea horrela. Horrela deskribatu zuten guardia zibilek eta euren bikotekideek.

Lekukoek baieztatu dute hori, baita bere sakelakotik ateratako argazkiek ere. Abokatuaren ustez, "beste pertsona batekin nahasten ari dira".

11:28 - Ainara Urquijori leporatutakoaz eta horrek sarjentuari eta bere bikotekideari esan omen zien esaldiaz ("Hortik goitik jaisteagatik pasatu zaizue hau, eta hori gertatuko zaizue jaisten zareten bakoitzean") mintzatu da Izko. Abokatuak zalantzan jarri du akusatuak hori esan izana, baina hala izan balitz ere, "gustu txarreko" esaldia izan zela azpimarratu du, "ez baitu mehatxu terroristak leporatzeko nahikoa elementu".

11:26 - Izko azaldu duenez, Jokinek berak epaiketan azaldutakoak eta lekukoek diotenak (foruzainak eta herritarrak) bat egiten dute, eta frogatzen dute Jokinek ez zuela inor jo.

11:20 - Izkoren esanetan, Maria Jose tenientearen bikotekideak eta bi guardia zibilek ez zuten Jokin Unamuno aipatu erasotzaile moduan euren deklarazio zehatzetan.

11:14 - Abokatuaren ustez, "gertakariak handitu" nahi izan dituzte terrorismo gisa har ditzaten, baina ez dago hori frogatzeko "elementu objektiborik".

11:03 - Gogorarazi duenez, ETA armagabetuta dago eta desegiteko fasean.

Abokatuaren ustez, 2016an jazotako gertakari batzuk ezin dira 1998ko agiri batzuekin lotu, eta Gorenaren ebazpen bat aipatu du. Horren arabera, "iraganeko agiri batzuk ezin dira froga gisa hartu anakronismoan jausteko arrisku handia dagoelako".

11:01 - 'Alde Hemendiken eskuliburua' hartu du hizpide Izkok. Olatzagutiako gaztetxea atzeman omen zuten 1998an. Argudiatu duenez, agiri horrek ez du gertakariekin eta akusatuekin zerikusirik.

10:55 - "Inteligentzia adituen txostena" (Guardia Zibilaren txostena) kritikatu du Izkok. Akusazioak aurkeztu duen froga bakarra dela dio. Defentsak inpugnatu du.

10:44 - "Desordena terroristen" inputazioa baztertu du Izkok. Azaldu duenez, kalifikazio hori emateko egileak erakunde terroristako kideak izan behar dira, edo erakunde terrorista baten babespean egin behar dute.

Zortzi gazteei ez zaie ETAko kide izatea leporatu. Jokin Unamuno Ospa Mugimenduarekin lotu dute, baina Mugimendu hori "ez da erakunde terrorista, eta inork ez du bere kontra egin".

10:42 - Izkok onartu du guardia zibilek eta euren bikotekideek "beldurra, izua edo terrorea" senti zezaketen gau hartan. "Dena dela, sentimendu hori gorabehera, ezin da esan gertakariek herritarren artean izua sortzeko helburua zutenik", erantsi du.

Izko, bere agerraldian. Argazkia: Auzitegi Nazionaleko seinaletik jasotakoa


10:32 - Gogorarazi duenez, argudio horiek ez dira defentsarenak bakarrik. Horixe bera azaldu zuten Nafarroako Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak eskuduntzen auzia argitu zutenean.

10:24 - Abokatuak Zigor Kodeko hainbat artikulu eta Europako zuzentarau batzuk aipatu ditu azaltzeko gertakariok ezin direla "delitu larri' gisa hartu. Terrorismoa izateko gertakariak "larriak" izan behar dira.

10:19 - Izkok azaldu duenez, 2016ko urriaren 15eko gertakariak "ezustekoak" eta "isolatuak" izan ziren. Guardia zibilek eta euren bikotekideek izan zituzten lesioak "maila txikikoak" izan ziren, abokatuaren esanetan.

10:18 - Bi gazteen absoluzioa eskatu du, eta terrorismo kalifikazioan oinarrituko ditu bere argudioak.

10:12 - Amaia Izkok hartu du hitza. Jokin Unamuno eta Ainara Urquijo akusatuen defentsako abokatua da.

10:07 - Altsasuko zortzi gazteen gurasoek euren gogoeta plazaratu dute epaiketaren azken txanpan:

10:00 - Amaitzear da 'Altsasu auziko' epaiketa. Astebeteko etenaldiaren ostetik, defentsek euren ondorioak azalduko dituzte eta akusatuek hitza hartu ahalko dute. Horren ondotik, epaiaren zain geratuko da auzia.