Zuzenean

KATALUNIA: U-1AREN URTEURRENA

Boto-kutxak protagonista, erreferendumaren urteurreneko mobilizazioetan

Actualizar

21:30 Manifestazio handia egin dute Bartzelonan, Kataluniako erreferendumaren lehen urteurrenean. Orduan emandako mandatua bete dezala exijitu diote manifestariek Generalitateari. 180.000 lagun inguruk hartu dute parte erakunde soberanistek antolatutako mobilizazioan, Udaltzaingoaren arabera.

21:23 Quim Torra Generalitateko presidentea eta Roger Torrent Parlamentuko presidentea ekitaldian izan dira, eta hainbat manifestarik oihu artean hartu dituzte. "Puigdemont, gure presidentea", "Bozkatu dugu, pazientzia agortu da" edo "Herriak agindu, gobernuak obeditu" bezalako leloak oihukatu dituzte.

21:08 Amaitu da ekitaldia Parlamentuaren aurrean. Quim Torra presidentearen kontrako oihuak izan dira, baita zenbait manifestariren eta Esquadra Mossoen arteko tentsio uneak ere.

20:59 Euskal Herrian ere hainbat mobilizazio izan dira Kataluniako erreferendumaren lehen urteurrena gogoratzeko. Independentistak sareak deituta, ehunka lagun bildu dira hiri eta herritan egindako elkarretaratzeetan, Kataluniako Errepublika aldarrikatzeko eta preso politikoen eta erbesteratuen askatasuna eskatzeko.

 

20:45 Errepublika edo preso politikoen askatasuna aldarrikatzeaz gain, manifestariek Miquel Buch Barne kontseilariaren dimisioa ere eskatu dute. Esquadra Mossoek azkenaldian izan duten jarreragatik eskatu dute Buchen dimisioa; joan den larunbaten independentistek kontra egin zuten Bartzelonan.

20:24 - Kataluniako Asanblea Nazionalak ohartarazi du manifestazioa ez dela Via Laietana etorbidetik igarotzen, eta manifestariei Parlamentura joateko eskatu die.

20:16 Milaka manifestari martxaren ibilbidetik atera eta Espainiako Poliziak Bartzelonan duen egoitza nagusiaren aurrean bildu dira, Via Laietana etorbidean.

19:58 Manifestazioaren burua Kataluniako Parlamentura iritsi da, hautestontziak eskuan dituztela. Urriaren 1eko erreferenduma gogoratzeko adierazpena irakurriko dute orain.

18:49 'Urriak 1, ez ahaztu, ez barkatu' eta 'preso politikoak askatu' oihu artean, milaka eta milaka herritar Parlamenturako bidea egiten ari dira Bartzelonan. Aurretik, Catalunya plazan,  pankarta erraldoi bat zabaldu dute,  'Autodeterminazioa giza eskubidea da' leloa ingelesez idatzita zuena.



18:30 Abiatu da manifestazioa Bartzelonan. Milaka eta milaka herritar batu dira, U-1eko mandatua bete dezatela eskatzeko erakundeei. Manifestazioaren buruan, herritar anonimoak.

18:29 Abiatzear da manifestazioa Catalunya plazatik

18:23

18:09 Catalunya plazatik Parlamentuaren atarirainoko bidea egingo du manifestazioak. Amaieran, iazko erreferendumean erabilitako hautetsontziak emango dizkiete antolatzaileek Quim Torra Kataluniako presidenteari eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko buruari,  U-1eko mandatua bete dezatela eskatuz.


18:06 Hasi da jendea biltzen Bartzelonako Catalunya plazan

17:53 Ekitaldiz eta protesta ekintzez jositako eguna izan da gaurkoa Katalunian. Arratsalde-iluntzerako ere, hainbat ekintza daude deituta: orduerdi barru manifestazioa abiatuko da, independentziaren aldeko taldeek deituta, eta 22:00etarako, berriz, lapiko-jotzea deitu dute CDR taldeek, presoen askatasuna eskatzeko.

 

17:27 'Berreskuratu dezagun U-1a' lelopean, 18:30ean abiatuko da Bartzelonan independentziaren aldeko taldeak batzen dituen 'Urriak 1 Plataforma'-k deitutako manifestazioa; besteak beste, ANCk, Omnium Culturalek eta CDR batzordeek osatzen dute plataforma hori. Iazko urriaren 1eko erreferendumean parte hartu zuten herritar anonimoak joango dira manifestazioaren buruan, eta erreferendumean erabilitako hautetsontziak eramango dituzte eskutan.

17:08 CDR errepublikaren defentsarako taldeek protesta ugari egin dituzte, goizean goizetik, Katalunia osoan; errepideak eta trenbideak itxi dituzte, eta elkarretaratzeak egin dituzte finantza erakundeen aurrean, besteak beste. Quim Torra Kataluniako presidentearen eta Miquel Buch Barne kontseilariaren dimisioak ere eskatu dituzte, joan den larunbateko manifestazioan izandako istiluengatik.


16:57 Iazko urriaren 1ean independentziaren aldekoek lortutako "garaipenaren aurrean huts egitea" egotzi die CUPek Kataluniako erakundeei. Kataluniako Gobernuak "errepublika ezartzeko benetako borondaterik ez" duela uste du CUPek.

 

16:50 ANC elkarteak gaur arratsalderako Bartzelonan deitu duten manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak: 18:30ean abiatuko da martxa Catalunya plazatik, eta Parlamentuaren atarian amaituko da.

16:33 Josep Borrell Espainiako Gobernuko Atzerri Gaietako ministroa Quim Torrari zuzendu zaio, "Katalunian ordena publikoa zaintzea bere ardura" dela esateko. Torrak, goizean, CDR taldeak "ondo" ari direla eta "presionatzen jarraitzeko" esan ondoren etorri da Borrellen mezua.

 

15:56 Nuria Marin eta Nuria Nieto Universitats per la República plataformako eledunen arabera, urtebete eta gero, "errepresioa ez da eten Katalunian". 155. artikuluak utzitako "kalteak" handiak direla esan dute, eta, presoak berehala askatzeko eskatu dute.

15:39 Universitats per la Republic plataformaren arabera, 50.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte gaur goizean Bartzelonan egin den manifestazioan. 'U-1 ez ahaztu, ez barkatu' goiburupean, urriak 1eko mandatua betetzea aldarrikatu dute.

15:11 Jose Antonio Agirre lehendakariaren esaldi bat zizelkatuta duen enbor-xafla bat oparitu diote Gure Esku Dagoren bozeramaileek Carles Puigdemonti. Hau da esaldia: "Euskadik inork baino gehiago sentitzen du Kataluniaren antsietatea ... katalanek eta euskaldunok oztopo berdinei aurre egin behar diegu, eta, horregatik, elkarrekin biziko dugun arrakasta kolektiboa izango da".

15:00 Urriak 1 Plataformak deituta, manifestazioa egingo da gaur arratsaldean Bartzelonan, 18:30etik aurrera. ANC eta Omnium taldeek eta CDR batzordeek osatzen dute, besteak beste, Urriak 1 Plataforma.

14:51 Gernikako elkartasun ekitaldiaren ondoren, eta Kataluniako erreferendumaren urteurrenean, Carles Puigdemontekin bildu dira, Waterloon, Angel Oiarbide eta Jone Amonarriz Gure Esku Dago plataformaren bozeramaileak. Kataluniako eta Euskal Herriko testuinguru politikoa izan dute hizpide, eta bi herrien arteko elkarlan esparrua indartzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute. "Elkartasunetik elkarlanerako" jauzi honen garrantzia azpimarratu du Oiarbidek. Euskal Herrian elkarretaratzeak eta elkartasun ekimenak deitu ditu Gure Esku Dagok herrietan gaur arratsalderako.

14:37 BIDEOA: U-1eko polizia kargengatik 200 salaketa baino gehiago daude zabalik


14:36 BIDEOA: Hainbat protesta egin dituzte Katalunian, U-1aren urteurrenean

14:07 Bartzelonako Burtsaren egoitzara kateatu dira CDR batzordeetako bi kide, gaur eguerdian, eta dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin dute eraikinaren atarian. "Eraitsi dezagun erregimena. Independentzia bozkatu dugu" leloarekin, pankarta handi bat zabaldu dute.

 

14:01 Ikasleen Sindikatuak amaitutzat eman du Bartzelonako manifestazio erraldoia.

13:55 'U-1 ez ahaztu, ez barkatu' leloa margotu dute lurrean manifestariek, Laietana etorbidean, Poliziaren egoitzaren aurrean.

13:03 Milaka ikasle ari dira protestan Bartzelonan, urriaren 1eko erreferenduma gogoratzeko eta herriaren mandatua bete dadila eskatzeko.


12:48 Roger Torrent Parlamentuko presidentea buru zela,  Kataluniako Ganberako ehun bat langilek elkarretaratzea egin dute goizean.  Urriak 1eko erreferendumean erabilitako hautetsontzi bat jarri dute Parlamentuaren atarian, eta bilkuraren amaieran, bertan bildutakoek boto-paper bana sartu dute kutxan.

 

12:31 Pablo Casado PPko buruak esan duenez, gaur Quim Torrak "CDR taldeen kale borrokari" babesa adierazi dio. "Sanchezek jada ez du aitzakiarik 155. artikulua ez ezartzeko edota hauteskundeak deitzeko", esan du buruzagi popularrak. Hori egin ezean, "golpisten konplizea" izango dela gaineratu du.

12:21 Milaka ikaslek Bartzelonako kaleak hartu dituzte. 12:00etan abiatu da martxa Unibertsitatearen plazatik, eta Generalitatearen aurrean amaituko da. 'Ni oblit, ni perdó!' lelopean, urriaren 1eko mandatua betetzeko eskatzen ari dira.


12:16 Urriak 1eko erreferendumaren urteurrena, IRUDIETAN:

11:55 Abian dira ikasleek deitutako manifestazioak Kataluniako hiriburuetan. Halaber, elkarretaratzeak egiten ari dira ehunka eskola eta lantokietan, urriaren 1eko erreferenduma gogoratzeko. Milaka kataluniar batu dira protesta ekintzetara, U-1eko mandatua betetzea eskatuz.

11:50 BIDEOA: U-1eko hautetsontzien bidaia luze eta misteriotsua

11:40 Nuria Marin PSC alderdiko bigarrenak eta L'Hospitalet de Llobregateko alkateak esan duenez, urriak 1a "egun negargarria izan zen elkarbizitzarako, eta Kataluniaren orainaldirako eta etorkizunerako".  Egun hura ahaztu, eta Kataluniar guztien alde gobernatzeko eskatu dio Quim Torrari.


 

11:29 Universitats per la Republica plataformak eta Ikasleen Sindikatuak deituta, greba egiten ari dira milaka ikasle gaur Katalunian. 12:00etan manifestazioak egingo dituzte Tarragonan, Bartzelonan, Gironan eta Lleidan.


11:17 Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak babesa adierazi die "independentziazaleen jazarpena" pairatzen duten poliziei.

11:13 BIDEOA: Urriaren 1eko mandatua betetzeko konpromisoa berretsi du  Kataluniako Gobernuak

10:57 KATALUNIAKO GOBERNUAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA: "Kataluniako herriak demokraziarekin eta eskubide politikoekin duen konpromiso erostezina agertu zuen eguna izango da beti urriak 1a  … Independentziaren aurka bozkatu zutenak ere gogoan izan nahi ditugu. Harro gaude herriak erakutsitako heldutasunarekin … Urriaren 1eko mandatua betetzeko konpromisoa berresten du Gobernu honek".

Argazkia: EFE

10:27 Quim Torra Kataluniako presidenteak urriaren 1eko erreferendumaren urteurreneko ekitaldi instituzionalean hitz egin du, Sant Julia de Ramisen (Girona). Bertan, CDR errepublikaren defentsarako taldeei zuzendu zaie, eta  "presionatzen jarraitzeko" esan die.

10:26 Isabel Celaa Espainiako Gobernuko eledunak eta Hezkuntza ministroak esan duenez, urriaren 1eko polizia kargak "akatsa" izan ziren. Egun hura herritar guztien memorian iltzatuta geratu den "egun tristea" izan zela esan du, Kataluniako gizartean bizi den "zatiketaren erakusle". Ser irrati kateari egindako adierazpenetan, Celaak azpimarratu du gaur ez dagoela "ezer ospatzeko".

10:08 CDR errepublikaren defentsarako batzordeetako hainbat kidek Espainiako bandera kendu dute Generalitateak Gironan duen ordezkaritzako eraikinetik. Estelada bat jarri dute haren tokian.

09:56 Quim Torra Kataluniako presidenteak Sant Julia de Ramisen egin duten ekitaldi instituzionalean esan du ez diola inoiz uko egingo urriaren 1eko mandatuari. Datozen aste eta hilabeteei aurre egiteko, batasuna eskatu die independentziazaleei, eta presoak berehala askatzea aldarrikatu du.

09:47 CDR errepublikaren defentsarako taldeek Bartzelonako erdigunean egindako protestaren irudi bat:

Argazkia: EFE

09:45 BIDEOA: CDRko ehunka kidek AVEren bideak moztu dituzte Gironako geltokian

09:40 Sant Julia de Ramisen egiten ari diren ekitaldiaren irudiak zabaldu ditu ERCk.

09:35 Sant Julia de Ramisen (Girona) egingo du osoko bilkura gaur Generalitateak, erreferendumaren urteurrena gogoratzeko. Herri horretan bozkatu behar zuen Carles Puigdemont orduko presidenteak, baina polizia kargak zirela eta, ez zuen han bozkatzerik izan.

09:28 CDR taldeek bertan behera utzi dute Gironako trenbideetan egiten ari ziren protesta. 06:50ean hasita, AVEren trenbideetan protestak egin dituzte, eta, besteak beste, Bartzelona eta Girona lortzen dituen tren-zerbitzua etenda egon da.

09:19 CDR taldeen protesta, Espainiako Bankuaren aurrean


Argakia: EFE

09:08 Kataluniako Gobernuak bideo bat zabaldu du sare sozialetan, duela urtebeteko erreferenduma gogoratzeko. Galdeketa eguneko irudiak jaso dituzte bideoan; herritarrak bozkatzen ari ziren bitartean izandako karga polizialen irudi gogorrak, besteak beste.

08:57 BIDEOA: CDRko kideek zirkulazioa eten dute Bartzelonako hainbat gunetan

 

 

08:52 Independentziaren aldeko taldeek Kataluniako kaleak hartuko dituzte gaur berriro, duela urtebete egin zen independentzia erreferenduma gogoratzeko. Arratsalderako manifestazioa deitu dute: 18:30ean abiatuko da Katalunia plazatik, eta Parlamentuaren atarian amaituko da. U-1eko mandatua betetzea eskatuko dute.

08:25 CDR errepublikaren aldeko batzordeek errepideak eta trenbideak eten dituzte, goizean goizetik. Gaur urtebete Katalunian egin zen independentzia erreferendumaren mandatua betetzea aldarrikatzen dute. Bartzelona erdiguneko hainbat kale moztu dituzte, eta Gironan, berriz, AVEren trenbide sareetan egin dituzte protestak.