Zuzenean

'Cabacas auzia'ren epaiketa

Horrela kontatu dugu, zuzenean, 'Cabacas auzia'ren epaiketaren bigarren saioa

Actualizar

13:50 - Bukatu da gaurko saioa. Lekukoek ukatu egin dute pilotak Cabacas jo zuenean istiluak egon izana.

13:48 - Ez du gogoratzen agenteak nola zeuden jantzita

13:44 - Ez zuen Ertzaintza ikusi. Tiroak entzun zituen, baina ez zekien zergatik ari ziren pilotak jaurtitzen.

13:42 - Azken lekukoaren testigantza hasi da

13:32 - "Ez zegoen horrela jokatzeko arrazoirik. Ertzain batek galdutako neska-laguna ote nintzen galdetu zidan", esan du.

13:31 - Ez zuen autobusik ikusi, eta inork ez zuela ezer jaurti esan du.

13:27 - Cabacas zaurituta ikusi zuenean, agenteetako bati arduraduna nor zen galdetu zion. "Mutiko bat zauritu duzue", esan zien. Orduan horietako bat bertaratu zen. "Nirekin hitz egin zuen lehen ertzainak kolpatu egingo ninduela iruditu zitzaidan. Bigarrena, ostera, atseginagoa izan zen (gorriz jantzita zihoan bigarren agente hori, ustez arduraduna zena)", esan du.

13:23 - "Kasko gorriak ikusten nituen, eta agenteek arropa ilunak zeramatzaten. Uste dut batzuk beltzez jantzita zeudela eta beste batzuk gorriz. Borrak eta eskopetak zituzten", adierazi du.

13:19 - Gainerako lekukoekin bat etorri da kaputxadunik ez zegoela adierazteko orduan.

13:15 - Kalezulora joan zirenean Poza Lizentziatuaren kaletik hurbil furgoneta bat zegoen. Alabaina, ez zegoen inolako liskarrik.

13:14 - Bederatzigarren lekukoaren txanda da orain

12:55 - "Ez da igarlea izan behar pilotak nondik zetozen eta nora jaurtitzen zituzten jakiteko".

12:55 - Ez du ondo gogoratzen agenteak gorriz jantzita zeuden ala ez.

12:50 - Lekukoaren arabera, ur gutxi zeukan botila bat jaurti zien mutiko batek agenteei, "besterik ez". "Lehenengo pilotakadak ni kolpatu ninduen, ipurdian jo zidan", nabarmendu du.

12:47 - "Hiruzpalau furgoneta iritsi ziren, argirik eta sirenarik gabe. Ilaran jarri zituzten, eta agenteak kanpora atera ziren", argitu du.

12:42 - San Mamesetik irteterakoan, Kirruli tabernara joan ziren. "Jendez betetzen hasi zen, baina gu nahiko arin iritsi ginen", esan du. Gainerako lekukoek bezala, festa giroa nagusi zela adierazi du.

12:37 - Zortzigarren lekukoak hartu du hitza

12:35 - "Gorantz jaurtitzen zituzten pilotak eta errebotatu egiten zuten, baina ez dut ondo gogoratzen. Furgonetak sarraskia jazo ostean iritsi zirela uste dut", esan du zalantza artean.

12:29 - "Ertzainak furgoneten atzealdean zeuden, beltzez jantzita eta kaskoarekin. Ez dut gogoratzen gorriz jantzitako agenterik ikusi izana", adierazi du.

12:23 - Ertzaintzaren karga zen entzun eta ikusi zuen lehendabiziko gauza. Toldo batek ez zion Iñigo ikusten uzten, esku-ohean eraman zutenera arte.

12:20 - Maria Diaz de Haro kalean bizi da lekukoa. Istiluak gertatu ziren kalezuloa ikus dezake terrazatik.

12:19 - Seigarren leukoaren deklarazioa hasi da

12:03 - Hamar minutuko etenaldia

11:59 - "Taberna barruan nengoela tiroak entzuten nituen. Handik irtetean mutil bat zegoen lurrean, baina oinak soilik ikusi nizkion. Denbora batera jakin nuen Iñigo zela han botata zegoena", argitu du.

11:54 - Borroka horren ondotik, komunera joan zen. Handik 15 minutura tabernatik ateratzen saiatu zen, baina dagoeneko istiluak hasita zeuden. Ertzaintza han zegoen jada".

11:52 - Bi borroka ikusi zituen: bat partidua hasi aurretik eta bestea ondoren. Bigarren borroka horretan, gazte batek mutiko bat kolpatu zuen, "mozkor arteko borrokaldia izan zen".

11:51 - Bosgarren lekukoak bideokonferentzia bidez deklaratuko du. Aurreko lekukoaren bikotekide ohia da.

11:43 - "Festa giroan ondo pasatzen geunden, eta infernu batean bilakatu zen dena. Ertzaintza heldu zenean, jendearen bizitza aldatu zen. Orain, Polizia ikusten dugunean, beldur gara. Ez dira konturatzen jende askoren bizitza hautsi dutela", esan du.

11:39 - "Agente bati plakako zenbakia eskatu nion, eta alde egiteko esan zidan, bestela lurrean zegoen mutilak (Iñigo Cabacasek) bezala bukatuko nuela. Ez nuen haien jarrera ulertzen".

11:32 - "Nire lagunak ere kolpatu zituzten. Geroago, 'Pitu' ikusi nuen lurrean, eta artatzera joan nintzen, soroslea naizelako. Koagulu handi bat zeukan, eta belarritik eta burutik odola botatzen zuen. Anbulantzia oso berandu iritsi zen. Une horretan, oraindik ere, tiroka ari ziren, baina atzeko kalezuloan".

11:30 - "Fusilatzera zihoazela zirudien".

11:24 - "Tiro egin zuten agenteak gorriz jantzita zeuden, eta batzuek kaskoa zeramaten. Aurrera zuzentzen zituzten tiroak", gaineratu du.

Argazkia: EFE

11:21 - "Hiruzpalau furgoneta heldu ziren, eta abusirik eman gabe hasi zuten karga. Ikusi nuen bakarra izan zen, karga hasi ostean, mutiko batek plastikozko botila bat jaurti ziela, besterik ez", azpimarratu du.

11:19 - "Ez zegoen kaskamotzik, ezta kaputxadunik ere", eta gazte horrek beste mutiko bat kolpatu ostean ez zen agenterik ez anbulantziarik heldu.

11:16 - Laugarren lekukoak, Bilbora Aste Santua igarotzeko asmoz iritsitako Kataluniako emakume batek, Kirrulin ikusi zuen partidua. Haren aldamenean, partiduaren ostean, gazte batek beste bati kolpe bat eman zion.

11:12 - Laugarren lekukoaren deklarazioa hasi da

11:08 - Lekukoak lauzpabost zauritu ikusi zituen, horietako batzuk Basurtuko Ospitalean.

11:01 - "Inor bereizi gabe jaurti zituzten pilotak. Hormetan errebotatzen zuten. Gezurra da txanodunak zeudela. Jendeak gauza bakarra nahi zuen: kalezulotik azkar atera", zehaztu du.

10:58 - "Gazte batek zerbait jaurti zien, baina oso urrutitik. Nire lagun batek gelditzeko eskatu zion, ez zuelako zentzurik ezer botatzeak."

10:55Gutxi gorabehera hiru furgoneta iritsi eta agenteak handik jaitsi ziren. Ez zuten abisurik eman, eta tiroka hasi ziren", esan du hirugarren lekuko honek.

10:51 - "Kalezuloan borroka txiki bat ikusi nuen bi lagunen artean, baina ez genion garrantzirik eman. Azkar bukatu zen", esan du hirugarren lekukoak.

10:50 - Hirugarren lekukoaren txanda da.

10:45 -"Eskopetek aurrerantz zuzentzen zituzten tiroak. Hasiera batean, baten batek gora egin zuen tiro. Piloten zarata entzuten zen, baina ez nituen ikusi. Ez dut gogoratzen zenbat agente zeuden, hori bai, jantzi ilunak zituzten", esan du.

10:43 - Lekukoak Goirizelaiari erantzun dio ez zela karga egiteko arrazoirik egon.

10:41 - Iñigo Cabacasi anbulantziara arte lagundu zion. Buruan golpe handia zeukan. "Inoiz ez dut hainbeste odol ikusi", adierazi du.

10:39 - Lekukoak eta haren lagunek "gelditzeko" eskatu zioten Ertzaintzari. Cabacas zaurituta ikusi zuen bere lagunetako batek, orduan.

10:36 - "Ez zegoen txanodunik. Karga hasi ostean, baten batek botila txikiren bat jaurti zuen, baina inork ez zuen galtzada-harririk bota", zehaztu du.

10:33 -Karga hasi zenean, jendea korrika hasi eta tabernetan sartu zen. Gure lagun taldea banandu egin zen. Plaza ia hutsik geratu zen, jendea izututa zegoelako. "Guztiok geratu ginen harrituta, furgonetak ikustean", esan du.

10:29 - Aurretiko abisurik gabe hasi ziren tiro egiten. Lekukoaren arabera, inork ez zien agenteei ezer jaurti.

10:25 - Poza Lizentziatuaren kalean zegoen lekukoa. Geroago, Maria Diaz de Harora joan zen, han lagun batzuekin geratu zelako, tartean, Iñigo Cabacas zegoen. Plaza jendez lepo zegoen, eta festa giroa zen nagusi.

10:25 - Bigarren lekukoak hartu du hitza

10:23 - Lekukoak ez du zehaztu ertzainak gorriz jantzita zeuden ala ez, baina tiro egiteko prest zeudela argitu du. "Baten batzuk zeuden, ez dakit zenbat", gaineratu du.

10:16 - Autobus gidaria ari da deklaratzen

10:12 - Duela minutu gutxi sartu dira Justizia Jauregira Iñigo Cabacasen senitartekoak eta Jone Goirizelaia abokatua.

09:55 - Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako ofizial batek atzo esan zuen ez zekitela gomazko pilotak hilgarriak zirenik. Kontraesanez beteta egon zen lehen saioa.

09:45 -Astearte honetan, 10:00etatik aurrera, 'Cabacas auzia'ren epaiketari ekingo diote berriro. Hamar lekukok deklaratuko dute gaurkoan.