Zuzenean

M26

Rubalcabaren heriotzak hauteskunde kanpaina baldintzatu du

Actualizar

20:42 - Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatu eta CEUS koalizioko zerrendaburuak esan du alderdi jeltzalea "pertsonen zerbitzura dagoen euskal modernitatea" dela.

Bilbaoren arabera, EAJk "Estatuko politika sozial aurreratuenak" garatu ditu. "Batzuek esaten dute eskuindarrak garela; eta guk ezkerretik aurreratu ditugu", gaineratu du.

19:24 - Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak adierazi du koalizioa "goranzko joera argian" dagoela, eta lehentasuna "jendea zaintzea" dela. 

Donostiako alkate ohiak Zarautzen egindako ekitaldi batean egin ditu adierazpenok, eta azpimarratu du EH Bilduk "ilusioa berreskuratu" duela eta "indartsu" dagoela, gipuzkoarrek "badakitelako proiektu sendoa eta fidagarria dutela lurraldearentzat, eta proiektuak Gipuzkoako gehiengo sozialari egingo diola mesede".

19:09 - Lander Martinez Podemos Euskadiren idazkari nagusiak PSE-EEri galdetu dio ea maiatzaren 26ko hauteskundeen ostean alternatiba bat sortzearen alde egingo ote duen Donostian, edo Eneko Goia jeltzaleari "oxigenoa ematen" jarraituko duen.

19:00 - Podemosek kanpaina bertan behera utzi duela iragarri duen arren, Elkarrekin Podemosek agendari eutsi dio eta ekitaldia egin du Donostian.

18:16 - EH Bilduk, berriz, kanpainan jarraitzen du, eta Donostiako alkategaiak "Hiri hitzarmen berri bat" adierazpenaren berri eman du.

18:15 - PPren zuzendaritzak ere hauteskunde kanpaina bertan behera uztea erabaki du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako presidenteorde eta ministro ohiaren heriotza dela eta.

17:48 - Elkarrekin Podemosek hauteskundeetarako prestatu duen bideo berezia.

17:04 - EAJk ere bat egin du Rubalcabaren heriotzagatik atsekabea agertu dutenekin.

16:32 - Ciudadanosek eta Podemosek ere bertan behera utzi dituzte kanpainako ekitaldi guztiak PSOEren buruzagi ohiaren heriotza dela eta.

16:15 -PSE-EEk iragarri du bertan behera utzi duela hauteskunde-kanpaina Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren buruzagi ohiaren heriotza dela eta.

15:27 -Borja Semper PPren Donostiako alkategaiak gazteen kultura kontsumoa sustatzearen alde egin du, eta horretarako 18 urte betetzen dituen donostiar bakoitzari liburuak, sarrerak edo artea erosteko 100 euro ematea proposatu du.

15:24 -Alfonso Gil PSE-EEren Bilboko alkategaiak Bizkaiko hiriburua "berrindustrializatzea" aldarrikatu du: "Industria garbia, teknologikoak eta balio erantsi handikoak".

15:14 - Eneko Goia Donostiako alkate eta EAJren alkategaiak iragarri du Haizearen Orrazia Unescoren ondare izendatzeko lan egingo duela.

14:51 - Alcorconeko PSOEko eta PPko jarraitzaileek eztabaidan hasi ziren kanpainaren hasierako ekitaldian kartelak itsasteko lekuarengatik. Azkenean, komisaldegian bukatu zuten elkarri salaketa jarriz.

14:48 - EH Bildu Aldundian agintean egon zenean ez bezala, zaharren egoitzetako 5.000 langileek egun Aldundiaren ateak itxita eduki dituztela esan du Juan Karlos Izagirre ahaldun nagusigaiak.

14:47 - Euskal erakundeen ekonomia eredua begitan, 3. sektorea sustatu bitartean, industriak 16.000 lanpostu galdu dituela gogorazi du Elkarrekin Podemosek.

14:45 - Aurreko legealdian hasitako lana osatzeko Gasteiz eta Araba kudeatzen jarraitu nahi dutela adierazi dute Ramiro Gonzalez eta Gorka Urtaran EAJren hautagaiek.

14:44 - Ermua berdintasun politiketan aitzindaria izan dela gogoratu du Juan Carlos Abascal alkate eta PSE-EEren alkategaiak.

14:43 - Azken lau urteetan jeltzaleen agintean Gasteiz zein Araba ilunago, tristeago eta segurtasun falta handiarekin dagoela azpimarratu dute PPko hautagaiek.

14:41 - Madrilen, ezkerrak jokoan du udal aldaketari eustea. PPko Pablo Casadok, aldiz, bere etorkizuna jokoan du maiatzaren 26ko hauteskudeetan.

13:25 - Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak esan du "ezker soziala" dela "politika aurrerakoiak erakundeetara eramaten dakiena".

Itxasok Arrasaten egindako ekitaldi batean adierazi duenez, apirilaren 28ko hauteskundeetan argi geratu da "Gipuzkoak ezker sozialeko gobernua behar eta nahi duela".

13:15 - Bea Ilardia EH Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusigaiak esan du lurraldeak nahikoa baliabide duela "Kantauriko Danimarka" izateko enpleguan, gizarte zerbitzuetan eta bizi kalitatean. 

Ilardiak Portugaleten egindako ekitaldi batean azaldu duenez, Bizkaiaren baliabide horiek "interes orokorrarentzat" erabili behar dira, "ez gutxi batzuen intereserako".

"Leku pribilegiatuan bizi gara, beharrezko baliabideak eta indarra dauzkagu hemen bizi direnei bizitza duina eskaintzeko, baina agerikoa da gabezia larriak daudela eta proposamen berriak behar direla, asko baitira bizimodu duina ziurtatua ez dutenak", adierazi du hautagaiak.

Ilardiak azpimarrati du Bizkaiak ezin duela konformatu "ikasle txarrenen artean onena" izatearekin, eta Europako herrialde garatuenen alboan jarri behar duela.

13:10 - Podemos Euskadiren hautagaiak Trapagaranen izan dira industriako langileak defendatzen.

13:03 - Maider Etxebarria PSE-ren Gasteizko alkategaiak akordioak alderdi guztiekin egitea proposatu du, desadostasun politikoengatik hiriko jarduerak geldirik gera ez daitezen.

12:54 - Unai Rementeria Bizkiako ahaldun nagusi eta kargurako EAJren hautagaiak boluntario sare zibila, "Bizkaia gara" izenekoa, sortzea proposatu du "lagundu nahi dutenen eta laguntza behar dutenen topaleku" izateko.

Rementeriak esan du azken lau urteotan atzeman duen behar bati erantzuten diola horrek, eta horrelako proposamen batek eskatzen duen "beharrezko prestakuntza, konfidentzialtasuna, kontrola, ikuskaritza eta koordinazioa" izango dituela.

"Urteotan jendearen deiak jaso ditugu laguntza eskaintzen, zerbait egin ote dezakeen galdetzen, ea lagun dezakeen. Denbora eta gogoa duen jendea da. Ez genekien zer esan. Orain badakigu", azaldu du.

"Bizkaia gara" ekimenaren zereginen artean egongo lirateke adineko pertsonei liburutegira joaten laguntzea, harrera zentroetako txakurrak pasiatzea, ekitaldietan laguntzea, bisitariei konpainia egitea, gaixoekin egotea eta larrialdi egoeretan ekarpenak egitea.

12:44 -ERCk irabaziko lituzke Europako Hauteskundeak Katalunian, PSC eta JxCat oso gertu dituela, Iritzi Ikerketarako Zentroak zabaldu duen inkestaren arabera.

Inkesta horren arabera, Oriol Junquerasen ERCk botoen % 22,5 eskuratuko luke, eta atzean geratuko lirateke PSC (% 22,2) eta Carles Puigdemonten JxCat (% 21,2)

Podemosek botoen % 13,3 eskuratuko luke; Ciudadanosek, % 11; PPk, % 4,2; eta Voxek, % 3,2.

12:43 - Fernando Garcia Ciudadanosen Bilboko alkategaiak, bere aldetik, "herritarren segurtasuna berreskuratzea" jarri du helburu.

12:40 - Raquel Gonzalez PPren Bizkaiko buru eta Bilboko alkategaiak ez ditu Luis Eguiluz udal bozeramailearen kritika "hutsalak" komentatu nahi izan, nahiz eta horrek esan zuen maiatzaren 26an sozialistei emango ziela botoa.

12:35 - Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduren Arabako hautagaiak proposatu du 2040an arabarrek kontsumitzen dituzten elikagaien % 75a bertakoak izatea, eta horretarako estrategia bat adostea.

11:53 - EH Bilduk Nafarroako hauteskundeetarako bideoa aurkeztu du.

11:41 - Juan Mari Aburtok esan duenez, "Bilboko udal kanpaina hau azken urteetako digitalena, aktiboena eta modernoena" izango da, zeren "gure egiteko modu tradizionalean sinesten badugu ere, 80 orriko programa dugu eta ahoz eta belarriz jendearengana iritsi nahi dugu, teknologia berrien, sare sozialen eta euskarri eta medio digitalen garrantzian sinesten dugu".

11:27 - Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta EAJren alkategaiak udal hauteskundeen eduki digitalak aurkeztu ditu gaur, eta berrikuntza gisa, kanpainako egunerokoa jasoko duen bideobloga. Bertan jarriko ditu eguneroko gogoetak eta zuzeneko emanaldiak ere izango dira.

11:23 - Gasteizko Elkarrekin Podemosek oinezkoentzako lekuak zabaldu nahi ditu, eta motordun ibilgailuean abiadura muga 30 km/h-ra mugatu hiri osoan, saihesbidean izan ezik, hor 50 km/h mugan utzita.

11:02 - Nafarroan are garrantzitsuagoak dira hauteskundeak, Gobernua bera ere jokoan baitago, eta atzo hasi ziren lerro nagusiak defendatzen.

10:42 - EITBko Administrazio Kontseiluak erabakitako irizpideen arabera, Markel Olano elkarrizketatu du Euskadi Irratiak, EAJk Gipuzkoako ahaldun nagusitarako aurkeztu duen hautagaia eta azken lau urteetan kargu hori bete duena.

10:24 - Euskal alderdiek udal, foru eta Europako hauteskundeetako kanpaina abiatu dute, bart hiriburuetan egin dituzten ekitaldietan.

10:02 - Ez da 'Groundhog Day'... Hilabeteren buruan egingo den bigarren hauteskunde kanpaina da, baina kasu honetan, politikariek gertuagoko gaietan jarriko dute fokua EAEn eta Nafarroan, udal eta foru hauteskundeak izango baitira maiatzaren 26koak.

Bozei buruzko informazio guztia horretarako prestatu dugun webgunean duzue ikusgai: