Zuzenean

A10

PSOE garaile, 120 diputaturekin; jarraian, PPk 88 eta Voxek 52 dituzte

Actualizar

23:04 - Ezagutu hemen EAEko eta Nafarroako diputatu eta senatari berriak.

22:50 - Senatuko emaitzak, EAEn: EAJk apirileko 9 senatariei eutsi die, PSE-EEk bi ditu berriro, eta EH Bilduk bat du, A28an bezala, botoen % 82,85 zenbatuta. Gainerako alderdiek ez dute ordezkaritzarik.

22:44 - Igande honetako hauteskunde orokorretan izandako parte-hartzea % 69,96koa izan da, hau da, apirilaren 28an baino bi puntu gutxiago; orduan, % 71,76koa izan zen.

22:41 - Araban, EAJ da bozkatuena, eta apirilaren 28an lortutako aulkiari eutsi dio. PSEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ere errepikatu dute apirileko datua, ordezkari banarekin, % 100 zenbatuta. PPk puntu bat egin du gora, baina Mari Mar Blancok ez du eserlekurik erdietsi; izan ere, EH Bildutik 2.047 botora geratu da. 

22:31 - A10eko hauteskundeek EAEn utzitako emaitzak hauteskunde autonomikoetan proiektatuta, Voxek legebiltzarkide bat izango luke Legebiltzarkidean.

22:27 - EAJk zazpigarren diputatua lortu du eta PPk ez du ordezkaririk erdietsi berriro. EH Bilduk eta PSE-EEk diputatu kopuruari eutsi diote, bakoitzak lau eserleku lortuta. Bestalde, Elkarrekin Podemosek hiru diputatu eskuratu ditu, EAJren mesedetan bat galduta Bizkaian.

22:23 - PSOEk irabazi ditu hauteskunde orokorrak 120 eserleku eskuratuta.

22:20 - Marine Le Pen Talde Nazionala frantziar alderdiko liderrak eta Matteo Salvini italiar Ligako liderrak Vox zoriondu dute, A10eko hauteskunde hauetan izandako emaitzengatik: "Igoera lasterra izan du".

22:15 - Ezkerrak eskuinak baino 10 aulki gehiago ditu, botoen % 79 zenbatuta; PSOEk, Podemosek eta Mas Paisek osatutako blokea 10 eserlekuren aldearekin gailentzen zaio PPk, Voxek eta Ciudadanosek osatzen dutenari, behin-behineko emaitzen arabera.

22:07 - PP aulkitik 1.000 bat botora geratuko litzateke Araban, eta 200ra baino gutxiagora Bizkaian. Jarraitu emaitzak.

22:02 - Ezkerrak eskuinak baino 11 aulki gehiago izango lituzke, Estatuko % 71,7 zenbatuta.

21:58 - Sanchezek honela izango luke gehiengo osoa: PPrekin adostuz, edo Podemos, Mas Pais, ERC, EAJ eta PRCrekin. Jarraitu emaitzak.

21:50 - Euskadin, botoen % 92,77 zenbatuta, EAJ da bozkatuena, 7 aulkirekin, apirilean baino bat gehiago; PPk ordezkaririk gabe jarraitzen du.

21:49 - Estatuan, % 63 zenbatuta, PSOEk 124 diputatu ditu; jarraian, PP, 83rekin; Vox, 52rekin; UP, 35ekin; eta ERC, 13rekin. Ciudadanosek 10 ditu.

21:43 - Botoen erdia zenbatuta, Estatuan, PSOE da garaile, 124 aulkirekin, PPk 85 ditu, eta Voxek 50.

21:41 - EAJk eta PPk Bizkaiko azken aulkia dute jokoan; oraingoz, EAJrentzat da, baina PPk 400 botora bakarrik dago. Botoen % 93 zenbatu dituzte, eta lehiak amaierara arte jarraituko du. Jarraitu emaitzak.

21:37 - Estatuko botoen % 44 zenbatuta, PSOEk 122 aulkirekin jarraitzen du; PPK 84 ditu, eta VOXek 49.

21:33 - Katalunian, botoen % 34 zenbatuta, ERCk irabaziko lituzke hauteskundeak, eta 13 aulki lortuko lituzke; PSC izango litzateke bigarren indarra, 12rekin; JxCat, hirugarren, 8rekin; CUPek 3 izango lituzke, Kongresuan sartuko litzateke.

21:28 - Zenbaketa, EAEn: EAJk 7 aulki lortuko lituzke, bat gehiago, eta PPk ez luke ordezkaririk izango, % 74 zenbatuta.

21:24 - Nafarroan, Navarra Sumak bi aulki izango lituzte, apirilean bezala; PSNk, EH Bilduk eta Podemosek, bana. Botoen % 42 zenbatu dituzte

21:21 - Bizkaian, aulki bat dago lehian EAJ eta PPren artean; boto oso gutxi daude bien artean. Emaitzak, zuzenean.

21:15 - Botoen % 52,85 zenbatuta, PPk aulki bat berreskuratuko luke Euskadin, eta Elkarrekin Podemosek ordezkari bat galduko luke, eta 3 izango lituzke; EAJk apirileko 6 diputatuei eutsiko lieke, eta PSEk eta EH Bilduk ere A28 datua errepikatuko lukete: 4na diputatu. Jarraitu emaitzak.

21:13 - Botoen % 16 zenbatuta, Estatuan, PSOEk 122 aulki lortuko lituzke, eta hauteskundeak irabaziko lituzke; PPk 82 izango lituzke. Kontsultatu emaitza guztiak eitb.eus-en.

20:58 - EAEko emaitzak, EiTBren inkestaren arabera.

20:44 - Diputatuen Kongresuko grafikoa, EiTBren inkestaren arabera.

20:40 - EiTBren inkesta: Nafarroan, aldaketarik ez. Navarra Sumak bi ordezkari izango lituzke, PSNk beste bi, eta UPk bat. EH Bilduk, hortaz, ez luke aulkirik lortuko.

20:34 - Jarraitu zuzenean eta online, hemen, Euskadi Irratiaren saio berezia, hauteskunde-gauarekin.

20:20 - Jarraitu zuzenean, hemen, ETB1eko saio berezia.

20:15 - Podemosek 8-12 eserleku galduko lituzke, 30-34 ordezkarirekin geratuz. Kontsultatu EiTBren inkesta.

20:12 - EiTBren inkesta: Ciudadanosek 14-15 diputatu erdietsiko lituzke, 42-43 eserleku galduz. 

20:08 - EAJk 6-7 aulki lortuko lituzke; baliteke apirilean baino bat gehiago izatea. EH Bilduk Arabakoa gal litzake, eta 3-4 izango lituzke. Kontsultatu hemen EiTBren inkesta.

20:07 - EiTBren inkesta: PPk bigarren tokia eskuratuko luke, 19-24 ordezkari gehiago eskuratuta. VOX hirugarren indar politiko nagusia bihurtuko litzateke, eta ordezkari kopurua biderkatu baino gehiago egingo luke.

20:00 - EiTBren inkesta: PSOEk hauteskundeak irabaziko lituzke, baina ordezkaritza galduta.

19:48 - 19:55ean hasiko da, ETB1en, hauteskunde-gaueko saio berezia. ZUZENEAN, hemen.

19:35 - Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Jose Luis Arastik adierazi duenez, hauteskunde-eguna, “eguraldiaren gorabeherek zailtasunak sortu dituzten arren”, hauteskunde-eskolen irekieran eta egunean bertan “normaltasuna izan da nagusi”.

19:19 - EAEn, 18:00etan, 989.343 hauteslek zuten emana botoa; apirilean, ordu horretan, 1.031.076 hautesle ziren. Nafarroan, aldiz, 273.798 izan dira orain, eta 294.515 apirilaren 28an.

18:44 -Bi pertsona boto-txartelak aukeratzen, Iruñeko hautesleku batean. Argazkia: EFE/Villar Lopez

18:42 -Nafarroan, parte-hartzeak ere behera (% 4,43) egin du. 18:00etan % 56,46koa zen.

18:41 -Bizkaian % 58,74ko parte-hartzea izan da 18:00etara arte, apirilean % 62,34koa izan zenean. Beraz, botoa eman dutenen kopuruak 3,6 puntu egin du behera.

18:39 -Gipuzkoan, parte-hartzea % 56,79koa izan da 18:00etan, aurreko hauteskundeetan % 60,03koa izan zenean. Ondorioz, 3,2 puntu egin du behera.

18:17 -Araban, herritarren % 55,10ek botoa eman dute; apirileko hauteskundeetan ordu berean % 51,80k boza eman zuten. Beraz, boto eman dutenen kopuruak 3,3 puntu egin du gora.

18:12 -Espainiako Estatu osoan parte-hartzea % 56,62koa zen 18:00etan, apirilaren 28ko hauteskundeetan baino lau puntu gutxiago; orduan % 60,74koa izan baitzen.

17:29 -Dolors Bassa Kataluniako kontseilari ohiak ziurtatu duenez, "garaipen handi batek soilik justizia eta askatasun etorkizuna irabazteko balioko du".

17:09 -Behobia-Donostia lasterketa erdian pasabide bat, herritarrek hauteslekuetara joan ahal izateko. Argazkia: EFE/ Juan Herrero.

17:05 -Ampostako (Tarragona) Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du Poblenou del Deltako hautesleku batean, pistola bat kargaturik eta labana zeramatzalako.

17:01 -Cayetana Alvarez de Toledo PPren Bartzelonako hautagaiak bozkatzeko deia egin du igande honetan, "Espainia konstituzionalaren etorkizuna bermatzeko".

16:54 -

16:44 - 18:30etan jakingo da hurrengo parte-hartze datua. 14:00etan publiko egin diren datuen arabera, Estatuan 3,5 puntu jaitsi da parte-hartzea A28ko hauteskundeekin alderatuta.

15:56 -BIDEOA: Hauteskunde hauek Euskadirentzat 'oso garrantzitsuak' direla azpimarratu du Urkulluk

15:40 -BIDEOA: Nafarroako hautagaiek botoa ematera joateko dei egin diete nafar guztiei

15:29 -BIDEOA: Neguko giroa protagonista, gaurko hauteskunde-egunean 

15:15 -BIDEOA: Hauteskunde-egunak utzitako bitxikeriak

15:07 -Urretxuko (Gipuzkoa) hautesleku bat bi orduz egon da itxita eguerdian, botoa ematera zihoan 87 urteko gizonezko batek bihotzekoa izan eta bertan hil delako.

15:03 -Azkenik, Araban, gora egin du parte-hartzeak, martxan jarritako 425 mahaietan, hautesleen % 37,8k bozkatu baitu. A28an, ordu horretan, % 36,94k emanda zuen botoa, hau da, 0,86 puntu gehiago igo da oraingoan.

14:58 -Gipuzkoari dagokionez, parte-hartzea % 39,91koa izan da, eta aurreko hauteskunde orokorretan % 42,81ekoa izan zen, 2,9 puntu gutxiago.

14:53 -Lurraldeka, Bizkaian % 41eko parte-hartzea izan da zabaldutako 1.396 mahaietan, apirileko % 42,24ko datuaren aurrean, hau da, 2,9 puntu gutxiago.

14:33 -Hego Euskal Herrian, parte-hartzearen beherakada txikiagoa izan da izan da, Estatuarekin alderatuta. EAEren kasuan, % 40,18an kokatu da 14:00ak arte, eta A28an % 41,75koa izan zen.

Nafarroan, aldiz, Estatuko joera errepikatu da, lau puntu baino gehiago behera eginda, baina batezbestekoa baino gorago kokatuta, % 39,41ean, hain zuzen (A28an % 43,79koa izan zen)

14:17 -Gaurko hauteskundeetan 14:00ak arte zenbatutako parte-hartzea % 37,8koa izan da Estatuan, 2019ko apirilaren 28an zenbatutakoa baino ia lau puntu gutxiago.

Barne Ministerioak bere webgunean emandako behin behineko datuak dira. Parte hartzea mahaien % 98,5i dagokie, eta hautesleen % 98,6ri.

13:53 -Fernando Grande-Marlaska jarduneko Barne ministroak azpimarratu du hauteskunde egunean "lasaitasun, fidagarritasun eta bakearen" sintomak agerikoak direla eta horiek "demokrazia sendoa" duen herrialdea garela erakusten duela.

13:35 -Iñaki Ruiz de Pinedo Kongresurako EH Bilduren Arabako zerrendaburuak esan duenez, Euskadikoa "oso egoera berezia" da; igande honetan "asko dago jokoan", erantsi du.

Pinedok Zalduondon eman du botoa, hain zuzen, elurrak zurituta argitu du herri arabar horretan. EH Bilduren hautagaiak "bozkatzeko eskubidea oztopatu nahi duten horiek Araban helbururik ez lortzeko" apustua egin du. "Aurreko hauteskundeetan lortu genuen, eta oraingo honetan ere lor dezakegu", gaineratu du.

13:13 -Maria Solana Kongresurako Geroa Bairen Nafarroako hautagaiak bozkatzeko deia egin du eta, ohartarazi duenez, "abstentzio handi batek emaitza desitxuratzea eragiten du".

Solanak, Iruñeako Hizkuntza Eskolan botoa eman ondoren, adierazi duenaren arabera, "zaila bozkatzeko eskubidea lortzea izan zen, batzuei beste batzuei baino gehiago", hori dela eta, igande honetan hauteslekuetara jotzea "oso garrantzitsua" dela azpimarratu du.

12:53 -Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak (PSN) parte hartzeko deia egin du Gorraizko hauteslekuan botoa eman ondoren, eta bozetako emaitzek blokeo egoera gainditzea ahalbidetzeko itxaropena agertu du.

Parte hartzea zenbat eta altuagoa izan, orduan eta zilegitasun handiagoa izango dute emaitzek, eta, beraz, "garrantzitsua da gaur bozkatzera joatea eta jendea mobilizatzea".

12:47 -Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiak Bilbon eman du botoa. "Eskuinak eta muturreko eskuinak Euskadin lekurik ez dutela eta Estatuan demokraziaren alde, Gobernu aurrerakoiaren alde eta duela sei hilabete egitea ezinezkoa izan zen ildotik aurrera egin" nahi dela erakustea eskatu du.

Halaber, Martinezen arabera, "mundu guztia ilusioz bozkatzera joatera animatu behar" da eta, gainera, "apirilaren 28an baino boto gutxiago ez egotea" eskatu du.

12:25 -Bel Pozueta Kongresurako EH Bilduren Nafarroako zerrendaburuak adierazi duenez, "Nafarroa subiranistak" Kongresuan eserleku bat lortzeko aukera dauka.

"Giro politikoa gaurko egunaren berdina da, hotza eta desatsegina, horregatik beharrezkoa da Nafarroa soberanista, aurrerakoi, ezkertiar eta feministak ahotsa izatea Madrilen, eta gaur aukera dugu benetako justizia aldarrikatzeko", Altsasuko eskola batean esan duenaren arabera.

12:18 -Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak parte hartze handia eskatu du hauteskunde hauetan, bereziki "moderatuei, liberalei, klase ertainei eta zalantzazkoei"; izan ere, haren ustez, horiek dira egoera politikoa desblokeatu ahal izateko "gakoa" eta "giltza".

"Botoa ematera joaten ez badira, beste batzuek erabakiko dute; zentroa zabaltzen ez bada, muturrekoek irabazten dute, gorriek edo urdinek berriz irabazten badute, ez dago nabardurarik, ez dago akordiorik, oztopoak daude", adierazi du hedabideen aurrean, 10:40an Pozuelo de Alarconeko Volturno 2 Kultur Zentroan botoa emateko eskubidea erabili ostean.

12:15 -Pablo Casado PPko buruak "masiboki" bozkatzera deitu ditu herritarrak, eta Espainiak behar duen egonkortasunaren alde egingo duen "emaitza argia" izatea nahi du, egoera politikoa desblokeatu ahal izateko, izan ere, "dagoeneko ekonomia kaltetzen hasi da", esan du.

Emaztearekin batera, Casadok 10:20ak aldera eman du botoa Madrilgo Nuestra Señora del Pilar ikastetxean, eta bertan esan die kazetariei popularrek "baikortasun handiz eta ikuspegi oso onekin" itxi dutela hauteskunde kanpaina.

12:12 -Pablo Iglesias Unidas Podemoseko hautagaiak hauteskunde egunean parte hartzeko deia egin du, eta azpimarratu duenez, "edozein herritarrek aberats baten botere bera du gaur".

Unidos Podemoseko buruzagiak botoa eman du La Navata ikastetxe publikoan, 10:00ak aldera, Isabel Serra Madrilgo Asanbladako bozeramailearekin batera.

12:06 -Mari Mar Blanco Kongresurako PPren Arabako zerrendaburuak botoa emateko deia luzatu die herritarrei, "arduraz" jokatuta, Gobernu "egonkor" bat osatu ahal izateko.

Blancok Gasteizen egin ditu adierazpenak hedabideen aurrean eta, bertan, hiriburu arabarrean gaur izaten ari den "haizea, euria eta hotza" gorabehera bozkatzera eskatu die herritarrei.

11:51 -Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak bozkatzera joateko eskatu die herritarrei, "faxismoa geldiarazteko, autodeterminazio eskubidea defendatzeko eta presoak kalera ateratzeko".

Otegik Elgoibarko (Gipuzkoa) kultur etxean eman du botoa eta, ondoren, eguraldi makurra dagoen arren, hauteslekuetara joatea eskatu du.

11:43 -Joseba Agirretxea, Kongresurako EAJren Gipuzkoako zerrendaburuaren esanetan, "eguna ez dago oso goxoa, baina oso garrantzitsua da jendea bozkatzera etortzea, eta nik uste dut demokraziaren onerako jendeak bozkatu egin behar duela".

Horren ildotik erantsi duenez, "oso inportantea da gaur bozkatzea, emaitza edozein delarik ere, demokraziaren garaipenerako oso inportantea da".



11:32 -Quim Torra Generalitateko presidenteak ere gaurko hauteskunde orokorretan parte hartzea eskatu du, hautetsontziak eta botoak "katalanen joko-eremua" direlako.

11:21 -Mertxe Aizpurua Kongresurako EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak adierazi du espero duela gaurko egunarekin "jendeak erantzungo duela, erabakitzeko eskubide gehiagorekin, demokrazia gehiagorekin, eta neurri politiko eta sozial aurrerakoiekin".

"Azken finean –erantsi du- datorren enbatari aurre egiteko hori da behar dena eta hori da herri honek behar duena". Aizpuruak Usurbilen eman du botoa, 10:30k aldera.

11:05 -Patxi Lopez Kongresurako PSE-EEren Bizkaiko zerrendaburuak bozkatzera joatea eskatu du, "haserrea" eta "eguraldi latza" gorabehera, "gure etorkizuna okerreko eskuetan ez uzteko".

10:44 -Sergio Sayas Navarra Sumako (PP. Cs eta UPN) zerrendaburuak nabarmendu du garrantzitsua dela gaurkoa "behin betikoa izatea", eta "bizi dugun ezegonkortasunari amaiera ematea".

10:31 -Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburu eta sozialisten hautagaiak bozkatzera animatu ditu espainiar guztiak, demokrazia "indartzeko".

"Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak zabaldu ditugu demokrazia bere bide arrunt eta arruntetatik igaro dadin. Botoa emateko eskubidea funtsezkoa da", adierazi du Sanchezek.

10:27 -Bea Fanjul Kongresurako PPko Bizkaiko zerrendaburuak "mundu guztiari etxetik irteteko" eskatu dio, bozkatzera joateko eta "zentzuz jokatzeko"

10:13 -Iñigo Urkullu lehendakaria "lau urteko ziurgabetasunari amaiera emateko" gogotsu agertu da botoa eman duenean. Horrela, Gorteetan lortutako ordezkaritzarekin "aro berri bati aurre egin" ahal izango zaio, esan duenez, "Euskadirentzat onuragarria" izatea espero duela nabarmendu du.

Urkullu, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

10:07 -Datu gehiago hauteskundeen inguruan: Kongresurako lortutako boto-paper bakoitzaren truke 57 zentimo jasoko dituzte alderdiek, betiere, ordezkaritza lortzen badute. Diru kopurua jaitsi egin da, aurreko hauteskundeekin alderatuta. Boto-paper bakoitzeko 81 zentimo jaso zituzten orduan.

10:05 -

10:03 -Hauteskundeei buruzko zenbait datu: Espainiako Kongresuan eta Senatuan lortutako eserleku bakoitzeko 14.817,35 euro jasoko dituzte alderdiek, apirileko bozetan baino % 30 gutxiago.

Diputatuen Kongresua. Artxiboko irudia, EFE

09:54 -Mikel Legarda Kongresurako EAJren Arabako zerrendaburuak ere eman du botoa lehen orduan, Gasteizen.

09:52 -Roberto Uriarte Kongresurako Elkarrekin Podemoseko Bizkaiko hautagai nagusiak botoa emateko deia egin die herritarrei, bihartik aurrera, "hiritarrek nahi duten Gobernua" osatu ahal izateko, "sistema neoliberalarekin ados daudenek ez dutelako aukera galtzen".

Roberto Uriarte, Bilbon. Argazkia: EiTB

09:37 -Botoa eman duen beste hautagaietako bat Imanol Landa izan da, Senaturako EAJren hirugarrena, eta Getxoko alkate ohia.

Imanol Landa, Getxon. Argazkia: EiTB

09:25 Hautagai goiztiarrenek botoa eman dute jada, besteak beste, Roberto Uriarte Unidas Podemoseko Bizkaiko hautagaiak.

Roberto Uriarte, Bilbon. Argazkia: eitb.eus

09:19 -Lehen parte-hartze datuak 14:30ean ezagutaraziko dituzte. Aurretik, 10:30ean, hauteslekuen irekiari buruzko xehetasunak emango dituzte.

09:10 -Eguraldiaren iragarpenari dagokionez, eguraldi mardula izango dugu, aire masa hotz bat sartuko baita giro petrala utzita, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez.

Euria goitik behera egingo du egun guztian, batez ere isurialde atlantikoan. Ekaitzak jo eta txingorra ere egin lezake.

09:03 -Hauteslekuak 11 orduz zabalik egon ostean, zenbaketa egiteko unea helduko da. eitb.eus atariak webgune berezi honetan egingo du hauteskunde egunaren jarraipen zehatza, goizean goizetik. Albisteak, bideoak eta audioak bilduko ditugu, zuzeneko kontakizunean.

Emaitzak ere zuzenean emango ditugu, herriz herri eta barrutiz barruti, eta edozein ordenagailu edo gailu mugikorretatik kontsultatu ahal izango dira.

Hauteskunde gauean EiTBk saio bereziak emango ditu taldeko hedabide bakoitzean. Euskal Telebistak saio bana eskainiko du ETB1en eta ETB2n, 20:00ak baino lehen hasita, eta hauteskundeetako informazioa tartekatuko dute gainerako albistegi eta igandeko kirol tarteekin batera. ETB1ekoa Amaia Cayerok eta Xabier Usabiagak aurkeztuko dute; ETB2n, berriz, Africa Baeta, Juan Carlos Etxeberria eta Xabier Garcia Ramsden izango dira aurkezleak.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik 19:45ean hasiko dute hauteskunde gaueko tarte berezia; Iñaki Guridik eta Olaia Urtiagak gidatuko dute Euskadi Irratikoa eta Dani Alvarezek Radio Euskadikoa.

08:56 -Hego Euskal Herriko hauteslekuetan azken ukituak ematen ari dira ateak irekitzeko.

Hauteslekua osatzen Bilboko Zazpikaleetan. Argazkia: eitb.eus

08:54 -Ikusmin handia dago gaurkoan: batetik, parte-hartzeak behera egingo duela aurreikusi dute eta, bestetik, inkestek espainiar hautesleek eskuineko alderdiei boto gehiago emango dietela diote, eta horrek Kongresuko egoera aldatuko luke.

08:48 - Oraingo honetan, Hego Euskal Herriko 2.305.370 herritar daude deituta botoa ematera, apirilaren 28ko bozetan baino 3.000 inguru gehiago. 

08:35 - Laugarren aldiz lau urtean; hiritarrok deituta gaude Diputatuen Kongresua eta Senatua osatuko duten ordezkariak hautatzeko, A10eko hauteskunde orokorretan.