Cargando...

Zuzenean

U12-ko hauteskunde-kanpaina

PPk eta Ciudadanosek botoa "Gernikako Arbolaren itzalean" eskatzea kritikatu du Ortuzarrek

EiTB.EUS

Kanpainaren erdia igarota, bigarren eta azken asteburuan sartu gara gaur, eta horrekin batera, alderdiek orain arteko ekitaldi jendetsuenak egingo dituzte (normaltasun berriak izan daitezkeen jendetsuak, noski, segurtasun neurriak zainduz). Madrilgo hainbat buruzagi ere EAEn izango dira.

Actualizar

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak kritikatu egin du Ciudadanosek, euskal autogobernuaren aurka agertu den alderdiak, bihar "Gernikako Arbolaren itzalean" eskatzea botoa. Izan ere, PPko "ustezko foralistekin" batera "gustura botako lukete".

Ortuzarrek gaur arratsaldean Gasteizen egindako ekitaldi batean parte hartu du, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta EAJren berrautaketarako hautagaiarekin batera, eta kritikatu egin du Ines Arrimadas Ciudadanoseko presidenteak eta Pablo Casado PPko buruak leku hori, autogobernuaren ikurra, aukeratu izana Carlos Iturgaiz EAEko hauteskundeetarako hautagaiari modu bateratuan babesa emateko.

"Harrigarriena da Gernikako Arbolaren itzalean botoa eskatzera etorriko direla, eta lotsagarriena da lehen foraltasunaren defendatzaile bakarrak omen ziren horiek ekarriko dituztela Gernikara. Ustezko foralista horiek Troiako zaldia sartuko dute Gernikan" bota du Ortuzarrek.

Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Podemoseko burua Bilbon izango da astelehenean, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiaren alde egiteko, uztailaren 12ko hauteskundeen kanpainako ekitaldien barruan. Alberto Garzon Kontsumo ministroa ere bertan izango da.

BIDEOA: Partekatutako subiranotasunaren alde egin du Gonzalez Laya Espainiako ministroak :

BIDEOA: Abertzaleek uste dute ''lur hau eurena dela'', Iturgaizen esanetan:

BIDEOA: Hainbat ustelkeria-kasurekin lotu du EAJ Maddalen Iriartek:

BIDEOA: Emakumeen aurkako indarkeria saihesteko inbertsioa % 30 handituko du EAJk:

BIDEOA: Gorrotxategik botoa eskatu du, krisitik ateratzeko politikak eskuinekoak ez izateko :

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigaiak Euskadiko ezkerreko indar politikoei behin eta berriz egitean ari zaien deia berretsi du gaur ere: "Bat egin dezagun, jakitun baikara batzen gaituena gehiago dela banatzen gaituena baino, eta elkarrekin egin dezagun arraunean euskal gizartearen gehiengoaren nahiari erantzungo dion ezkerreko gobernu baten alde".

Arrasaten (Gipuzkoa) egindako ekitaldi politiko batean, Gorrotxategik adierazi du "une historikoa bizitzen ari garela". "Hauteskundeetako hitzordu oso garrantzitsua" izatea, kontuan hartuta, gainera, COVID-19aren pandemiarekin "krisiaren ondorioak kudeatzeko moduari buruzko erabaki bat hartu behar dela".

Ildo horretan, Elkarrekin Podemos-IUko hautagaiak nabarmendu du "aurreko krisiaren errezetak, eskuineko politiketan oinarritutakoak" jarrai dezaketela, edo, aitzitik, "buelta bat eman eta krisiaren kudeaketari ezkerreko politikekin erantzuteko aukera" dagoela.

Carlos iturgaiz PP+CS koalizioaren lehendakarigaiaren esanetan, eurek "guztiontzako" Euskal Herria eskaintzen du EAJren "derrigorrezko nazionalismoaren aurrean". Hala, hauteskunde hauetara "guztion alde eta guztion ongiaren alde" eta alderdi jeltzaleari irabazteko asmoz aurkezten dela defendatu du, "gizartearentzako askatasun espazio gehiago, eta Euskadik bizikidetza eta moderazioa defendatzeko gai izango den ahots konstituzionalista behar duelako".

Iturgaitzek ekitaldi politikoa egin du larunbat honetan Donostian, Maite Pagazaurtundua Ciudadanoseko europarlamentariarekin, Fernando Savater filosofoarekin eta Muriel Larrea Gipuzkoako zerrendaburuarekin batera.

Bere hitzaldian adierazi duenez, "abertzaleek, Pedro Sanchezen eta Barne ministroaren oniritziarekin, lurralde honetan hiltzaileen erreferente bihurtu nahi dute orain". Aldiz, bere koalizioak Pagazaurtundua eta Savater bezalako pertsonak dituela adierazi du: "benetako erreferenteak, egunero, Euskadin, askatasunaren eta demokraziaren alde eta egiaren alde borrokatzen dutenak".

Aske geratu dira atzo Donostian Voxen mitinaren ostean izan ziren liskarren baitan atxilotu zituzten bi pertsonak, epailearen aurretik igaro ostean.

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak uztailaren 12a euren "zintzotasunaren" eta EAJk ordezkatzen duen "gezurraren" artean aukeratzeko eguna izango dela esan du, "ustelkeria kasu ugarik zipriztindutako" alderdia dela EAJ salatuz.

Maddalen Iriartek Bilboko Plaza Barrian egin ditu adierazpenok, eta bertan izan dira Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, Marta Vilalta ERCko bozeramailea eta Jasone Agirre hautagaia ere.

Iriartek "hainbeste estimatzen ditugun preso politiko katalan guztiak" gogoratu ditu bere lehen hitzaldian, eta "EH Bilduren zintzotasuna" aldarrikatu du, "ustelkeria kasu ugariz zipriztindutako EAJren aurrean".

Arantza Gonzalez Laya Atzerri Gaietarako, Europar Batasunerako eta Lankidetzarako ministroaren ustez, "XXI. mendean helburua ez da independentzia ametsak jazartzea edo independentzia mamuak mantentzea", baizik eta "gure interdependentzia ondo kudeatzea, denon artean hitz eginez eta lan eginez".

Gonzalez Laya Irunen izan da larunbat honetan, Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigai eta idazkari nagusiarekin eta alkatearekin batera, eta euskal sozialisten "zintzotasuna, duintasuna, profesionaltasuna, konpromisoa eta koherentzia" defendatu ditu.

Iñigo Urkullu lehendakari eta EAJren hautagaiaren helburua Euskadi "genero berdintasun atalean Europako zortzi herrialderik onenen artean" egotea dela adierazi du, eta horretarako, Eusko Jaurlaritzak emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan eta arretan egiten duen inbertsioa %30 handitzeko konpromisoa hartu du.

Berdintasunaren aldekoa izan da jeltzaleek larunbat honetan Bilbon egin duten kanpainako ekitaldia eta Urkullurekin batera izan dira Inmaculada Boneta legebiltzarkide ohia eta Maitane Ipiñazar Bizkaiko hautagaia.

Urkulluk azpimarratu du berdintasuna "lehen mailako helburua" dela EAJren programan, eta ohartarazi du denei dagokiela, "etxetik hasita eta harreman-esparru guztietara iritsita: hezkuntzan, lan-munduan, aisialdian...".