Cargando...

Zuzenean

U12-ko hauteskunde-kanpaina

Gorrotxategik 'De Miguel kasua' ren bidez "legez kanpoko finantzaketa" lortu izana leporatu dio EAJri

EiTB.EUS

Unean-unean zehaztuko dugu hauteskunde autonomikoetarako kanpainaren azken igandeko informazioa.

Actualizar

BIDEOA: Voxek ''traidoretzat'' jo ditu PSOE eta PP 

BIDEOA: Gernikako Arbolak ''batzen gaituena ordezkatzen du'', PP+Cs koalizioaren esanetan

BIDEOA: ''Gobernu sozialista batek ez du Espainia hausteko proiekturik hasiko'', dio Mendiak 

BIDEOA: Azken krisitik irteteko neurriekin ''arrakala soziala'' sakondu da, dio Gorrotxategik 

BIDEOA EH Bildu: ''EAJk eta PSE-EEk ez dute botoa eskatzen, konplizitatea baizik''

BIDEOA: EAJk, Erniotik, Zaldiaranetik eta Serantesetik, U12an botoa emateko deia egin du 

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU koalizioko lehendakarigaiak "legez kanpoko finantzaketa" lortu izana leporatu dio EAJri, 'De Miguel' auzitik abiatuta eta ustelkeriarekin lotutako delituengatik hainbat buruzagi ohi 'jeltzale' zigortu dituztela gogorarazi du.

Gasteizen Elkarrekin Podemos-IUk egindako ekitaldi batean egin du salaketa Gorrotxategik, Pablo Echenique Espainiako Diputatuen Kongresuko Unidas Podemoseko bozeramaileak ere parte hartu duen ekitaldian.

Azken urteotan EAJrekin lotutako pertsonei eragin dieten "ustelkeria" eta "klientelismo" kasuak kritikatu ditu koalizio progresistako hautagaiak.

Uztailaren 12ko hauteskundeetan koalizioa abertzaleak "bakarrik ezustekoa eman" dezakeela uste du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Otegik ohartarazi duenez, EAJk eta PSE-EEk, botoa baino gehiago, "murrizketa politiken konplize izatea" eskatzen diete herritarrei.

EH Bilduk kanpaina ekitaldia egin du Eibarren (Gipuzkoa). Mikel Otero Arabako zerrendaburuak ere hitza hartu du.

"Norgehiagoka" badagoela argi ikusten du Otegik, baina "EH Bilduk bakarrik eman dezake ezustekoa datorren igandean".

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Euskadin autogobernua indartzeko konpromisoa hartu du, baina "zeharkako autogobernua", "gizarte osoa barne hartuko duen autogobernua, alegia" eta "berdintasuna identitatearen aurretik jartzen duena".

Pedro Sanchezek Bilbon egin ditu adierazpen horiek, Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiarekin batera. Sanchezek bere hitzaldian esan duenez, Euskadira transferentziak eskualdatzeko prozesuan PPk egindako "geldialdi" baten ostean, Gobernu Sozialistarekin batera Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko batzorde mistoa aktibatu zen, eskumenen transferentzia "bizkortzeko". Ildo horretan, autogobernua indartzeko konpromisoa hartu dutela adierazi du, baina "zeharkako autogobernu bat, non gizarte osoak parte hartu ahal izango duen" eta "berdintasuna lehenetsiko duen aurretik identitateak".

"Nazionalismo baztertzailea geldiarazteko alternatiba bakarra" direla defendatu dute Voxeko ordezkariek igande honetan Gasteizen. Manifestari antifaxista eta abertzaleak bertara ez hurbiltzeko Ertzaintzak dispositibo handia jarri du.

Hauteskunde ekitaldia eguerdian izan da, Foruen plazan, eta bertan izan dira Javier Ortega Smith Vox alderdiko idazkari nagusia, Rocio Monasterio Madrilgo alderdiko presidentea eta Amaya Martinez Arabako zerrendaburu eta lehendakarigaia.

Ines Arrimadas Ciudadanoseko presidenteak Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteari erantzun dio "Gernikako arbolaren aurkako benetako motozerra" Ibarretxe Plana izan zela, baina baita Gernikako testua ordezkatzeko jeltzaleek EH Bildurekin hitzartu nahi duten "estatutu negargarria" ere.

PP+Ciudadanos koalizioarentzako botoa eskatu die konstituzionalista guztiei eta "EH Bildurekin egindako itunak ikusita", ETAk hildako alderdikide sozialistak "ahaztu" izana leporatu dio PSOEri.

Arrimadasek eta Pablo Casadok Carlos Iturgaitz babestu dute gaur Gernikan eta Gernikako arbolak "Estatutua eta Konstituzioa" ere ordezkatzen dituela nabarmendu dute.

Joserra Becerra Equo Berdeak alderdiko lehendakarigaiak "egungo sistema soziosanitarioa aldatzearen alde" egin du, COVID-19aren "pandemia garaian egoitzetan bizitako egoera dramatikoak" errepika ez daitezen.

Becerrak Equo Berdeak-eko ekitaldi batean parte hartu du igande honetan Tolosan (Gipuzkoa), eta salatu duenez, "laguntza zerbitzuen etengabeko pribatizazioa, Jaurlaritzaren eta aldundien arteko koordinaziorik eza eta langileen lan prekarietatea erakusten dituen PNV-PSE ereduak bere aurpegirik ankerrena erakutsi du osasun larrialdian".

"Konponbide desberdinak behar ditugu aurreko hilabeteetan ikusi ditugun eszenak errepika ez daitezen", defendatu du Equo Berdeak alderdiko hautagaiak, eta adinekoen egoitzetako "zerbitzuak eta langile-hornidurak indartzearen" alde egin du, "Euskadiko Egoitza Zentroei buruzko 126/2019 Dekretua aldatuz, pandemiaren etorkizuneko agerraldiak prebenitzeko eta zainketa duinak bermatzeko".

Iñigo Urkullu lehendakari eta Arabako hautagaia eta Leixuri Arrizabalaga zein Bakartxo Tejeria Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak, Zaldiaran, Ernio eta Serantes mendietako gailurretara igo dira igande honetan, hauteskunde-kanpainaren egun nagusian, eta, hirurek batera, uztailaren 12ko hauteskundeetan parte hartzera deitu dituzte euskal herritarrak.

Datozen lau urteetan euskal herritarrek aurre egin beharreko erronkak "enplegua, gizarte kohesioa eta autogobernua" izango direla ziurtatu du Urkulluk, eta horrek "indar, buru eta bihotz batuketa" eskatzen duela. "Euskadiren susperraldia boto bakoitzarekin hasiko da igandean", berretsi du.

EAJko ehunka afiliatu eta jarraitzaile (segurtasun neurriak bete) joan dira Urkullu, Arrizabalaga eta Tejeriarekin batera mendian gora gaur goizean. Igoera eta ondorengo ekitaldiak aldi berean eskaini dira eta sare sozialetan zabaldu dira.

Pablo Casado eta Ines Arrimadas PPko eta Ciudadanoseko presidenteak, hurrenez hurren, 12: 00etan iritsi dira Gernikako Batzar Etxera (Bizkaia), uztailaren 12ko hauteskundeei begira bi alderdiek Euskadin duten hautagaitza bateratua defendatzeko.

Gernikako arbolaren aurrean, Carlos Iturgaiz zerrendaburuarekin batera, ikurrina eta Espainiako bandera ondoan, atril bat duen agertoki bat jarri dute, eta bertatik hitz egin dute hiruek.

Mitineko protagonistak Alderdi Popularreko eta Ciudadanoseko buruzagi espainiarrak izan dira; lehen aldiz elkarrekin agertu baitira hauteskunde prozesu batean hautagaitza bateratua defendatzeko.

Gaur, Gernikan, kanpainako irudirik deigarrienetako bat ikusiko dugu: Pablo Casado eta Ines Arrimadas PP eta Ciudadanoseko buruzagiak elkarrekin, koalizioaren ekitaldi politiko batean, lehen aldiz.

Ekitaldi hori ez da oharkabean pasatu EAJrentzat, eta "Troiako zaldia Gernikako zuhaitzaren azpian" sartzea leporatu dio PPri, Ciudadanosi erreferentzia eginez.

EH Bilduk, berriz, zintzotasuna aldarrikatu zuen atzo EAJren aurrean, Maddalen Iriartek esan zuenez, "ustelkeria kasu ugarik zipriztindutako" alderdia baita EAJ. Elkarrekin Podemosek politika aurrerakoiak eskaini ditu, eta PP, berriz, antidoto gisa aurkeztu da "derrigorrezkoa" den nazionalismoaren aurrean.

Sozialistek "euskal erakunde guztien arteko elkarlanerako" deia egin dute.

Hemen uztailaren 4ko kanpainako kronika.