Cargando...

Jarraipen berezia

Urkullu lehendakari hautatu dute

Honelakoa izan da inbestidura saioa, minutuz minutu

EITB.EUS

eitb.eus-ek zuzenean eta minutuz minutu jarraitu du Iñigo Urkullu lehendakariaren inbestidura saioa.

Actualizar

Bukatu da bozketa. Iñigo Urkullu EAJko hautagaia izendatu du lehendakari Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren botoekin.

Hasi da bozketa. Legebiltzarkideak banan-banan eta ahoz ari dira bozkatzen.

Legebiltzarkideak euren eserlekuetara itzultzen ari dira jada. Berehala izango da bozketa.

Bukatu da eztabaida eta Legebiltzarreko presidenteak 10 minutuko atsedena agindu du. Ondoren bozketaren txanda izango da.

Joseba Egibar (EAJ) EH Bilduri zuzendu zaio, eta, ETA aipatu gabe, esan dio badaudela "ardura batzuk zuritu ezin direnak".

Kortajarenak (EH Bildu) gogorarazi du zilegitasuna ematen ziotela jarduneko Jaurlaritzari, hauteskundeak atzeratu eta egoera larriari aurre egiteko, modu bateratuan eta elkarlanean. EAJren erantzuna "mespretxua" izan zela ere azpimarratu du. Era berean, gaineratu du hauteskundeetako abstentzioak dataren desegokitasuna uzten duela agerian.

Anduezak (PSE-EE) Martinezi (Vox) ohartarazi dio Eusko Legebiltzarrak zerbitzu publikoak onartuko dituela, bidegabekeria guztien biktimei duintasuna emateko lan egingo duela, ez dela bazterkeriarik izango, berdintasunaren alde lan egingo dela, eta abar.

Miren Gorrotxategik esan du faltan botatzen dutela pobreziari aurre egiteko erreforma bat, zutaberik garrantzitsuena izatea jendeari baldintza duinetan bizitzeko neurriak.

Ondoren, Urkulluk hitz egin du. PSE-EEri eskerrak eman dizkio, eta jeltzaleek eta sozialistek "batzen gaituena aurretik jartzeko" gaitasuna erakutsi dutela azpimarratu du, desadostasunak desadostasun. EH Bilduri esan dio alor guztietan gehiago gastatzea "fantasia" dela, eta ezin dela horretan "denbora galdu".

Ondoren Iriarte lehendakarigaiaren txanda etorri da, alderdiei erantzuteko txanda alegia. Hala, Egibarri zuzendu zaio hasieran, eta adierazi dio "gezurra" dela EH Bildurekin akordioak egitea ezinezkoa dela, egin dituztelako. Bestalde, Gorrotxategiri esan dio ez dela koalizio abertzalearen errua hiru alderdi ezkertiarrek bat egin ez izana. Horren harira, Mendiari zuzendu zaio, aukera hori hasieratik baztertu zuelako.

Joseba Egibarren (EAJ) agerraldia, oso-osorik

Egibarrek EH Bilduri egotzi dio EAJ bere lekutik kentzea beste motibaziorik ez izatea, eta kritikatu egin du "jazarpen eta suntsiketarako" oposizio estrategia bat ezarri izana, berreraikuntzarako elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa denean. "Zuekin edo zuek gabe, herri honek aurrera egiten jarraituko du. Zuek gabe zailagoa da, baina ezinezkoa ere ez", azpimarratu du.

Ezker abertzaleak "beti arazo bat" izan duela iritzi dio, nahiago izan duelako imajinatzen duten herria eraiki eta gero herria bere nahietara eraman; EAJk, berriz, "beti entzun izan dio herriari", eta ez da hori aldatzen saiatu.

Joseba Egibar EAJren legebiltzarkidea EH Bilduko kideei zuzendu zaie une oro, eta "errealitate printzipioa" ez errespetatzea leporatu die, baita jeltzaleekin akordiorik lortu nahi ez izatea ere, "bere helburu bakarra EAJ baztertzea baita".

Gehiengo osoa izan ez duenean haiekin adosteko ahaleginik ez dutela egin gogorarazi du, eta, beraz, esan du zaila izango dela orain borondate hori izatea. Herritarrentzat onak diren akordioak ez dituztela oztopatuko adierazi du Kortajarenak, baina argitasuna eta zintzotasuna eskatu ditu, eta edukiez hitz egitea.

"Bere gobernantza-eredua ezagutzen dugu, politika egiteko modua, eta ez du Euskadik behar dituen politikak martxan jartzeko lidergo politikoa bere gain hartzeko ikuspegirik, ezta anbiziorik ere", azaldu du. "Sinesgarritasun kontua da, hau EH Bilduk bakarrik egin dezake, Maddalen Iriartek ordezkatzen duen proiektuak", gaineratu du.

Kortajarenak gaitzetsi egin du gobernu ituna, eta esan du EAEk politika egiteko modu berriak eta "gobernantza berria" behar dituela, eta Urkulluk ezin duela hori egin.

Nerea Kortajarenaren (EH Bildu) agerraldia, oso-osorik

Idoia Mendiaren (PSE-EE) agerraldia, oso-osorik

Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkideak salatu du EAJ-PSEk osatuko duten Eusko Jaurlaritza "grisa" eta "anbiziorik gabea" izango dela.

Eusko Jaurlaritzak "eskua luzatuta dauka", berretsi du buruzagi sozialistak, eta lehen mailako arreta indartzearen, "pandemiaren lehen kolpean hainbeste faltan bota ziren baliabide materialak handitzearen" eta "Osasun digitala" bultzatzearen alde egin du, kanpoko kontsultetan eta Osakidetzako anbulatorioetan presioa murrizteko.

Oposizioko alderdiei hiru urtean hauteskunderik ez izatea "aprobetxatzeko" gonbita egin die, "politika hizki handiekin" egiteko eta "herrialde mailako akordioak" lortzeko, krisi "izugarri gogor eta mingarriari irtenbide zuzena" emateko eta "inor atzean ez uzteko".

Mendiak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan izango duen gehiengo absolutuak ez du "arrabola" bat ezarriko. "Inork ez dezala aitzakia hori bilatu" Jaurlaritzarekin ez hitz egiteko, ohartarazi du.

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak EAJrekin batera gobernatzeko akordioa berregitea defendatu du, eta oposizioko taldeei dei egin die guztien artean "akordio zintzo" bat bilatzera, "Euskadi sozialki eta ekonomikoki berreraikitzea" helburu izango duena, COVID-19ren pandemiaren ostean.

Era berean, salatu du hezkuntza sistema oso pribatizatua dagoela eta baliabide publiko asko bideratzen dela horretara. Gainera emakumeen kontrako erasoen aurkako politika eraginkorragoen falta sumatu du.

Gorrotxategik aitortu du inbertsio publikoa ezin dela hobetu fiskalitatea "oso pobrea" delako, batez ere ondare handienen kasuan. Zerga presioa Espainian eta Europan baino baxuagoa dela azpimarratu du.

Urkulluren gobernua pandemia garaian behar zuen lekuan ez dela egon iritzi dio, eta ildo horretan, adinekoen zaintzaileen, osasun langileen, ERTE ugarien eta kaleratzeen lan baldintza txarrak ekarri ditu gogora.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ukatu egin du EAE oasi bat dela. Pandemia honek argi eta garbi erakutsi ditu "lan prekarietatean", "klientelismoan" eta zerbitzu publikoen pribatizazioan oinarritutako garapen eredu baten "ahuleziak", bere esanetan. "Gero eta familia gehiago pobreziaren mugaren azpian bizi dira", azpimarratu du.

Carlos Iturgaizen agerraldia, oso-osorik

Hala ere, Urkulluri ohartarazi dio hori "bateraezina" dela "Konstituzioa hausteko agertokiak" babestearekin.

Ikastetxeen beharrei erantzutera bideratutako aurrekontu-partidak indartzeko akordioak ere proposatu ditu, osasuna hobetzeko, bereziki lehen mailako arreta, arreta soziosanitarioa eta Lanbide erreformatzeko estrategia berri bat adosteko, eta familiei laguntzeko plan bat egiteko, besteak beste. "Laguntza emateko prest gaude", esan du.

Bere abstentzioaren bidez Urkullu berriz hautatzearen aurka agertuko direla ziurtatu du, eta EAJ-PSE koalizioak legealdi honetan egindako kudeaketarekin kritiko agertu da, baina krisi egoera honetan euskal herritarren aurrean oposizio gisa duten "erantzukizunaren" jakitun direla gaineratu du.

Carlos Iturgaiz PP+CS talde parlamentarioko presidenteak Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiari esan dio prest dagoela laguntzeko eta akordioak bilatzeko COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko, baina esan dio ez dezatela haiekin hitz egin "estatus delakoa" bultzatzeko.

"Zenbat eta gehiago iraindu eta isildu gure boto-emaileak, orduan eta gehiago haziko gara", iragarri du Martinezek, eta kritikatu egin du ezker abertzaleari halako mugarik jarri ez izana "Josu Ternera ETAko buruzagiaren garaian (legebiltzarkide izan zen), eta taldearen jarduera kriminala bizia zenean".

Gogora ekarri du Vox "zilegitasun osoz" iritsi dela Eusko Legebiltzarrera, eta kritikatu egin du haien ekimenak eta hitza hartzeko denborak mugatu izana.

Legebiltzarkideak EAJren eta PSEren pandemiaren kudeaketa gaitzetsi du, eta "Emakunde bezalako txiringitoak" daudela salatu du.

Amaia Martinezen agerraldia, oso-osorik

Amaia Martinezek "¡Viva España!" esanez amaitu du hitzaldia, ETAri hamaika erreferentzia egin ostean.

Amaia Martínez Voxen ordezkari bakarra izan da arratsaldean hitza hartzen lehena, eta gogor kritikatu du bere alderdia ustez isolatzeko gainerako alderdiek hartu duten erabakia. 

Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-IU) gogorarazi du abstenitu egingo direla, hitzaldien ondoren ere. Urkullurena "autokonplazientea" izan dela esan du, horretarako "arrazoi gutxi" izan arren. Iriarteri buruz, esan du "proposamen interesgarriak" azaldu dituela, baina ez duela lortu "ezkerreko hiru indarrak elkartzea", eta, beraz, abstentzioari eutsi dio.

Eneko Anduezak (PSE-EE) uste du agerian geratu dela bi proiektu ezberdin daudela: "Proiektu sendo eta sinesgarri bat, eta beste bat oposizioko buru izateko proiektu bat duen hautagai batena"

Jasone Agirrek (EH Bildu) uste du argi eta garbi geratu dela "bi eredu" daudela "politika egiteko eta herriaren beharrizanei aurre egiteko", Iriarteri eta jarduneko lehendakariari erreferentzia eginez. Urkulluri "betikoa" entzun omen dio, eta "harritu" egin da "defentsiban" hasi duelako hitzaldia Zaldibar eta ikasturte hasiera aipatuz.

Joseba Egibarrek (EAJ) azpimarratu du Iririarteren hitzaldiak kanpaina ekitaldia zirudiela, "errealitatearekin zerikusi gutxi" zuena. Lehendakariak, berriz, "ofizioa" erakutsi omen du, eta "oso indartsu" ikusi zaiola uste du, pandemiaren aurkako estrategia eta erronkak azalduz.

Carmelo Barriok (PP) esan du Urkulluren diskurtsoak duela lau urtekoa ekarri diola gogora, "huts egin duen legealdi baten ostean, baina badirudi diskurtsoak berdin balio diola". Gaineratu duenez, "autokritika desagertu da, eta hori salatu egin behar da".

Argazki-galeria honetan jaso ditugu inbestidura saioko irudi esanguratsuenak.

Autogobernuari dagokionez, legegintzaldi honetako erronketako bat aniztasunetik "adostasun sendoa" lortzea dela esan du, "Estatuarekin aldebiko harremana" izango duen euskal estatus politiko berri bat onartzeko.

"Negoziazio prozesua aldebikotasun eraginkorrak gidatutako itun batean gauzatu beharko da, elkarrekiko leialtasuna bermatuz", azpimarratu du.

"Hezkuntza presentziala konpentsatzailea da", zehaztu du, eta "ikasleen arteko desberdintasuna zuzentzen laguntzen du".

Horrez gain, gogorarazi du mila irakasle kontratatuko dituztela errefortzua behar duten ikastetxeetarako, eta hezkuntza gune gehiago egokituko dituztela "kasu guztietan" distantziak bermatzeko. Kutsatuz gero eta kontaktuak isolatu behar izanez gero ere unean uneko neurriak hartuko dituztela azpimarratu du.

Osoko bilkura etenda geratu da 14:30 arte, Urkulluk hitzaldia amaitu berri baitu.

"Maila guztietan" aurrez aurreko hezkuntza egotea defendatu du Urkulluk, eta adierazi du "lehenengo agertoki" horretarako jarduera-protokoloak prebentzioa bermatzera bideratutako neurri guztiak barne hartzen dituela: "Higienea, distantzia, interakzio-talde egonkorrak sendotzea, etapa bakoitzean ikasgela bakoitzeko ikasleen gehieneko edukiera eta maskara erabiltzea" kontuan hartuta.

Hori dela eta, osasuna eta hezkuntza "bateragarriak" direla esan du, eta "errealismo eraikitzailea" eskatu du, bakoitzak bere erantzukizuna bere gain hartzeko.

Txerto bat edo tratamendu eraginkor bat egon arte, birusarekin bizi beharko da, eta egoera hori luzatu egin daiteke. Bien bitartean, osasun sistemaren "kolapsoa" eta "ekonomiaren koma" saihestu behar dira.
Birusaren hedapena geldiarazteko: Euskaldun bakoitzaren "gizalegea, erantzukizun soziala eta diziplina" beharrezkoa izango da, prebentzio neurriak (maskara, eskuen higienea eta distantzia soziala) bete ditzaten.
Orain Euskadin hasiko den ziklo politikoa "COVID-19aren legealdia" izango dela iragarri du, eta pandemiaren eta horrek ekonomian eta enpleguan izango dituen ondorioen aurkako borrokak "lau urte hauetan" iraungo duela ohartarazi du.
Osasun, ekonomia eta gizarte arloko krisi honek "guztiei" eragiten diela ohartarazi du, eta "hausnarketa egin eta jardun beharko dela" gaineratu du, "testuingurua eta ondorioak oso gogorrak izango direlako, bai arlo sozialean, bai ekonomikoan".

Ildo horretan, legealdi honetan Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko Lege berria onartuko dela esan du. "Ezberdintasun sozialari aurre egiteak prekarietatearen, ziurgabetasunaren, bazterketaren eta, muturreko bertsioan, pobreziaren aurrean borroka lehenestea eskatzen du", adierazi du.

Zaintza eredu berriak: "Adinekoen zaintza eta osasun eredu berrietan berrikuntzak egiten jarraitzeko konpromisoa" hartu du Urkulluk, "herritar guztiek bizitza duina izateko beharrezkoak diren baliabideak izango dituztela bermatzeko mekanismoetan".

"Erakunde guztiok ahalegin berezia egin behar dugu koordinazio eta lankidetza bideak indartzeko", azpimarratu du.

Hautagaiak nabarmendu duenez, erakundeak "pertsonak, pertsona guztiak, zerbitzu publikoen eta politika sozialen bidez babesteko erronkaren aurrean gaude berriro".
Premiazko erreformak abiaraziko ditu egoera larri hori gainditzeko, "alderdi sozialean adierazgarririk dramatikoena" izango dena.
Urkulluk oposizioaren, erakundeen (Espainiako Gobernua barne), eragile publiko eta pribatuen eta euskal gizarte osoaren laguntza eta erantzukizuna eskatu du, koronairusaren pandemiaren ondorioz Euskadik bizi duen "krisi zorrotz eta sakonari" erantzuteko.
Zaldibarko zabortegiko "arrazoiak eta akatsak" identifikatzeko prozesu judizialak aurrera egingo duela eta erantzukizunak eskatuko direla adierazi du.
Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzarako bere hautagaitza defendatzeko Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran, Iñigo Urkulluk Zaldibarren hondakindegia eraitsi izanaz eta horren ondorioez hitz egin du, eta "asko sufritu" duela esan du.
Iriartek Joan Mari Torrealdai gogoratuz amaitu du saioa. "Omenaldi xume bat eginez amaitu nahi nuke gaurkoa", esan du.

Iriartek administrazio euskalduna aldarrikatu du eta euskal kulturaren atzerakada salatu du. Horrenbestez, lege aldaketa eta legea betearaztea, "hizkuntza prestigiatzea", eskatu du, "euskarak arnasa eta hauspoa behar duelako". Horren harira, urrats trinkoagoak eman behar direla esan du.

Hori dela eta, Iriartek azaldu du EH Bildu prest dagoela "trantsizio feminista, ekologikoa eta pertsonak botere publikoen ekintzaren erdigunean jarriko dituena" abiatzeko.
Halaber, "covid tasa" bat ezartzeko konpromisoa hartu du, pandemiak sortutako krisiari aurre egiteko balio duen politika fiskal "aurrerakoi eta justuago" baten esparruan gehien irabazten dutenei bakarrik eragingo diena.
EH Bilduko ordezkariak azpimarratu duenez, pandemiak kalitatezko zerbitzu publikoak izatearen garrantzia erakutsi du, herritarrei osasun, hezkuntza eta gizarte politika egokia bermatzeko.
Iriartek ohartarazi duenez, koronabirusaren krisiak agerian utzi du "politika egiteko modu berri bat" behar dela eta "trantsizio feminista, ekologikoa eta botere publikoen ekintzaren erdigunean pertsonak jarriko dituena".
"Beste politika publiko eta gobernatzeko eredu batzuk" gauzatzeko trantsizioa eta lankidetza proposatu ditu Iriartek.

"Ekintzarako garaia da, politika egiteko modu berri batena", eassn du

Maddalen Iriarte EH bilduko hautagaiak "beste politika publiko eta gobernatzeko eredu batzuk" daudela azalduko du.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak hartu du hitza.
Jarraitu zuzenean hasi berri den inbestidura saioa.

Iñigo Urkullu hirugarrenez izendatuko dute gaur lehendakari, Legebiltzarrean gehiengo absolutua duten jeltzaleen eta sozialisten botoei (41) esker. Maddalen Iriartek ere bere hautagaitza defendatuko du, baina EH Bilduko 21 legebiltzarkideen babesa soilik izango duela espero da.