Cargando...

Jarraipen berezia

O14 KATALUNIAKO HAUTESKUNDEAK

Independentismoak bozen % 50a, abstentzio handia (% 46) eta 'Illa efektua' gainditu ditu

EIDER JAUREGI / ERIZ LOTINA | EITB Media

-Parte-hartzea % 53,42koa izan da, 2017an baino 25 puntu gutxiago.

-Pedro Sanchez sendotuta atera da, Salvador Illa ministroaren aldeko apustuak PSCren garaipena, botoetan, ekarri duelako. 2006az geroztik emaitzarik onena lortu dute sozialistek.

-Ciudadanosek behea jo du; izan ere, 2017an lortutako diputatuen % 83 galdu ditu.

-Voxek bere helburuak aise gainditu ditu. Parlamentan aurrenekoz ordezkaritza lortu bakarrik ez, Ganberako laugarren indarra izango da PPren eta Ciudadanosen aurretik.

Actualizar

Laburpena: PSC gailendu da boto kopuruan, baina independentismoak gehiengo absolutua indartu du.

Parte-hartzea % 53,42koa izan da, 2017an baino 25 puntu gutxiago.

Voxek bere helburuak aise gainditu ditu. Parlamentan aurrenekoz ordezkaritza lortu bakarrik ez, Ganberako laugarren indarra izango da PPren eta Ciudadanosen aurretik.

Ciudadanosek behea jo du; izan ere, 2017an lortutako diputatuen % 83 galdu ditu.

Pedro Sanchez sendotuta atera da, Salvador Illa ministroaren aldeko apustuak PSCren garaipena, botoetan, ekarri duelako. 2006az geroztik emaitzarik onena lortu dute sozialistek.

Botoen % 96 zenbatuta: PSC 33 diputatu, ERC 33, Junts 32, Vox 11, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3.

Botoen % 90 zenbatuta: PSC 33 diputatu, ERC 33, Junts 32, Vox 11, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3

Botoen % 81 zenbatuta: PSC 33 diputatu, ERC 33, Junts 32, Vox 11, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3.

Botoen % 76 zenbatuta: PSC 33 diputatu, ERC 33, Junts 32, Vox 11, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3.

Botoen % 74 zenbatuta: PSC 34 diputatu, ERC 32, Junts 32, Vox 11, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3.

Bozen % 71 zenbatuta: PSC 33 diputatu, ERC 33, Junts 32, Vox 11, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP .

Bozen % 62 zenbatuta: PSC 33 diputatu, ERC 33, Junts 32, Vox 11, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3.

Boten % 55 zenbatuta: PSC 33 diputatu, ERC 33, Junts 32, Vox 11, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3.

Boten % 50 zenbatuta: PSC 34 diputatu, ERC 32, Junts 32, Vox 11, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3.

Boten % 46 zenbatuta: PSC 34 diputatu, ERC 32, Junts 32, Vox 11, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3.

PSC, ERC eta Junts alderdiak lehia estua izaten ari dira, botoen zenbaketan.

Laura Borras Generalitateko lehen emakume presidentea izatea eta Parlamentan gehiengo independentista errepikatzea espero du Elsa Artadi Juntseko presidenteordeak.

BIDEOA: Hautagaiek bozkatzeko mezuak zabaldu dituzte egun osoan zehar 

BIDEOA: Segurtasun neurri zorrotzekin bozkatu dute Katalunian, batez ere azken orduan 

Boten % 31 zenbatuta: PSC 34 diputatu, ERC 32, Junts 32, Vox 11, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3.

David Cid En Comu Podemeko kanpaina zuzendariak azpimarratu duenez, "inkesta guztien arabera, ezkerreko gobernu bat posible da" Katalunian, eta gehiengorik zabalena lortuko luke Parlamentan.

Boten % 24 zenbatuta: PSC 35 diputatu, ERC 33, Junts 31, Vox 9, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3.

Bozen % 18 zenbatuta: PSC 35 diputatu, ERC 33, Junts 31, Vox 10, CUP 9, Comu Podem 8, Cs 6 eta PP 3.

Parte-hartze txikiaren (% 50,33) ardura Hauteskunde Batzorde Zentralari eta Kataluniako Auzitegi Nagusiari leporatu die CUPek, hauteskundeak "behartu dituztelako", adituen eta osasun langileen gomendioei jaramonik egin gabe.

Sergi Sabria ERCren Parlamentako presidenteak deitoratu duenez, "Estatuak eta auzitegiek inposatutako hauteskundeak" izan dira, baina, hala ere, independentismoaren garaipena iragarri du.

Aurreneko emaitzen arabera (botoen % 5,6 zenbatuta), ERCren eta PSCren arteko berdinketa dago, bakoitza 34 eserlekurekin; baina bloke independentistak (ERC, Junts, CUP eta PDCat) 78 ordezkari ditu, gehiengo osoa.

Oriol Junqueras ERCko buruzagia 20:00ak aldera alderdiko egoitzara heldu da, eta sartzerakoan alderdikideak eta kazetariak agurtu ditu: "Eskerrik asko hemen egoteagatik".

GAD3k TV3 Kataluniako telebistarentzat egindako inkesta baten arabera, PSCk botoen % 24,5 eta 34-36 parlamentari lortuko lituzke. ERCk % 24,3ko babesa erdietsiko luke, eta 36-38 ordezkari.

20:00etan itxi dituzte hautesleku guztiak eta botoak kontatzen hasi dira. 22:30 aldera arte ez da espero Generalitatetik datuak ezagutzera ematea.

Hauteskunde-mahai guztiak, goizeko bederatziak pasata eratu direnak barne, arratsaldeko zortzietan itxiko dituzte, lau hauteskunde-batzorde probintzialek Generalitateari jakinarazi diotenez.

Inpresioa egiten du hauteskunde-mahaietako kideak norbera babesteko ekipamenduekin jantzita ikusteak, covid-19an positibo eman dutenei bozkatzeko gomendatu dieten ordu tartean:

Alderaketa: Kataluniako hautesleen % 45,6k eman dute botoa 18:00etarako. EAEko 2020ko uztailaren 12ko hauteskundeetan % 36,02k eman zuten 17:00etarako.

Zuzenean: Bernat Soleren prentsaurrekoa

Hauteskundeetan parte hartzera deituriko herritarren % 45,72k eman du botoa 18:00ak arte, hau da, 2017ko abenduaren 21eko hauteskundeetako bigarren parte-hartze datuetan baino 22,54 puntu gutxiagok, orduan % 68,26k eman baitzuen botoa.

19:00etan amaituko da herritar "arruntentzat", oro har, gomendatutako tartea eta covid-19an positibo direnentzat eta kontaktu estu izateagatik etxealdian direnentzat gomendatutako ordutegia hasiko da.

24 urteko bi gazte atxilotu dituzte igande honetan Castellvell del Camp udalerrian, hauteslekuan botoa emateko maskara janzteari uko egiteagatik.

Polizia iturriek jakitera eman dutenez, maskara janzteko esan dietenean, bi gazteek aurre egin diete mossoei, arin zaurituz. Horren ondorioz, bi gizonak atxilotu egin dituzte desobedientzia delitu larria eta agintaritzako agenteen aurkako atentatua leporatuta.

Hauteskunde Batzorde Zentralak gogorarazi duenez, boto-paper zuriak dituzten gutun-azalak baliogabetzat jo behar dira, boto zuriak boto-paperik ez duten gutun-azalak bakarrik direla ezartzen baitu legeak.

Otsailaren 14 honetan kaleratutako ebazpenean, Generalitateko Kanpo Ekintza, Erakunde Harreman eta Gardentasun Sailaren eskaerari ezezkoa erantzun dio Hauteskunde Batzorde Zentralak. Izan ere, Generalitateak herritarrei egindako bidalketetan, boto-paper zuriak ere sartu zituen, aurkezten diren hautagai-zerrenden boto-paperekin batera, eta paper horiek boto zuri gisa hartzeko eskatu zuen.

HBZk aukera hori baztertu du, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoak (HAOLO) honako hau ezartzen duelako: "Boto zuritzat jotzen da, baina baliozkotzat, boto-paperik ez duen gutun-azala".

Horrez gain, Hauteskunde Batzorde Zentralak dio "behin baino gehiagotan errepikatu" duela "boto zuria Loreg-en 96.5 artikuluan aurreikusitako moduan adierazten dela: boto-paperik ez duen gutun-azala".

Horregatik, "gutun azal batean, paper zuri bat sartzea boto baliogabe gisa kalifikatu behar da. Izan ere, boto zuria hauteslearen aukera bat bada ere, Loreg Legearen 96.5 artikuluan zehazten den moduan egin behar da".

Behin ebazpena kaleratuta, Hauteskude Batzorde Zentralak agindu du erabaki hori lehenbailehen helarazteko Lurraldeko Hauteskunde Batzordeei, horiek Eskualdeko Hauteskunde Batzordeei helaraz diezaieten, bozketa amaitzen denean egingo den boto-zenbaketari begira.

Hau da Generalitateak arratsalderako aurreikusitako ordutegia:

18:30 Parte hartzearen bigarren datua

20:00 Hauteslekuen itxiera

22:30 Agerraldia Generalitatetik lehen emaitzekin

Bernat Sole Kanpo Harremanetarako, Harreman Instituzionaletarako eta Gardentasunerako kontseilariak botoa emateko eskubidea erabiltzeko eskatu die herritarrei, eta ilara gutxien dauden uneetan joateko botoa ematera eskatu die, kutsatzeak saihesteko.

HAUTESKUNDE EGUNA ARGAZKITAN:

Quim Torra Generalitateko presidente ohiak Kataluniako hauteskundeetan "masiboki, Kataluniaren alde eta bizitzaren alde" bozkatzea eskatu du. "Inhabilitatu gaitzakete, erreprimitu gaitzakete, baina gure botoa dugu" esan du eta parte-hartze handia eskatu du.

Angel Chacon PDeCATeko presidentegaiak parte hartzeko deia egin du: "Katalunia krisi sanitario, sozial eta ekonomiko honetatik nola aterako den erabakitzen ari delako".

Igualadan botoa eman ostean prentsari egindako adierazpenetan, Chaconek esan du "herrialde honetako herritar gehienek zentratutako aukera baten alde" egingo dutela, "Katalunia martxan jarriko duen Gobernu on baten alde", PDeCATi erreferentzia eginez.

Chaconek eskerrak eman dizkie mahaietako kideei, kontu-hartzaileei, udaltzainei eta Esquadra Mossoei, botoa ematera joatea ahalbidetu dutelako: "Eskerrik asko konpromisoagatik, eskerrik asko hori posible egiteagatik".

Alejandro Fernandez PPCko presidentegaiak botoa ematera joateko eskatu du, "demokrazia indartzeko". "Botoa ematen ez baduzu, beste batzuek erabakiko dute zugatik", esan du Fernandezek Tarragonako Sant Pere i Sant Pau pabiloian botoa eman ostean, Lorena Roldan Bartzelonako 'bigarrena' ondoan zuela.

Argazkia: EFE

Salvador Illa PSCko presidentegaiak "itxaropenez" bozkatzeko eskatu die herritarrei.

Roca del Vallesen (Bartzelona), 1999tik 2005era alkate izan zen udalerrian, botoa eman ostean egindako adierazpenetan, "itxaropena beldurra baino indartsuagoa da beti, eta maitasuna gorrotoa baino indartsuagoa", esan du.

Hautagai sozialistak bozkatzeko deia egin die hautesleei, eta koronabirusaren pandemiak eragindako osasun egoerari dagokionez, hauteslekuetara joatea "segurua" dela ziurtatu du.

Argazkia: EFE

Roger Torrent (ERC) Kataluniako Parlamentuko presidenteak Kataluniako hauteskundeetan bozkatzeko deia egin du, "herritarrek askatasunaren alde eta gorrotoaren diskurtsoaren aurka duten armarik boteretsuena delako".

Parte-hartzea % 22,59koa zen eguerdian, 2017an baino 12 puntu gutxiago, orduan % 34,69ra iritsi baitzen. Urte hartan errekorra lortu zen, Generalitateak jakitera eman duenez.

Gogoan izan behar da Kataluniako hauteskunde eguneko lehen orduetan, covid-19agatik arrisku taldeetakoak diren pertsonei gomendatzen zitzaiela bozkatzera joatea.

Carlos Carrizosa CS alderdiko presidentegaiak "konstituzionalismoaren aldeko bozketa masiboa" egiteko deia egin du: "Konstituzionalismoak mobilizatu egin behar du, baldin eta Katalunian elkarbizitzarako eta aldaketarako aro berri bat ireki nahi badugu", esan du Ines Arrimadas alderdiko buruzagia ondoan zuela, Bartzelonan, bere hauteslekuan botoa eman ostean.

Argazkia: EFE

Pere Aragones Kataluniako Gobernuko jarduneko presidenteorde eta ERCko presidentegaiak "hautetsontziak determinazioz eta askatasunez betetzeko" deia egin du Kataluniako Parlamenturako hauteskunde egunean.

Pineda de Mareko (Bartzelona) hauteslekuan botoa eman ostean egindako adierazpenetan, bozkatzeak herritarrei beren etorkizuna erabakitzeko eta "hurrengo belaunaldiei utziko zaien herrialdea nolakoa izango den erabakitzeko" balio duela esan du.

Era berean, hauteskunde-mahaietako titularrek eta kideek, toki-administrazioko langileek, langile publikoek eta poliziak hauteskunde egun honetan boto eskubidea bermatzeko egindako lana eskertu du.

Argazkia: EFE

Dolors Sabater CUPeko hautagaiak adierazi duenez, egungo krisi egoeran "beldurra gainditu eta bozkatzera atera behar da, beharrezko neurri guztiak hartuz".

Dolors Sabater CUPeko hautagaia botoa ematen. Argazkia: EFE

Femen erakundearen bost ekintzailek protesta egin dute eguerdian, Ignacio Garriga Voxeko hautagaiaren aurka, Bartzelonako hauteslekura heldu denean.

Bular agirian, faxista deitu diote, eta 'Voto a Garriga, foto fascista' oihukatu dute pankartekin batera.

Argazkia: EFE

Laura Borras JxCat alderdiko presidentegaia Xavier Botet senarrarekin eta Marta alabarekin joango da botoa ematera Bartzelonako Sarria auzoko Salesiar Unibertsitate Eskolara.

Argazkia: EFE

Ninot Merkatua ere hautesleku bihartu da gaurko. Argazkia: Oihane Justos | EITB Media

Hauteskunde-batzordeek 34.000 alegazio jaso dituzte Kataluniako hauteskunde-mahaietan parte hartzeari uko egin dioten pertsonen aldetik, eta horietatik 22.000 onartu dituzte.

Bernat Sole kontseilariak prentsaurreko batean adierazi duenez, alegazio kopuru handi horren ondorioz, udalek mahaietako kideak ordezkatzeko mekanismoak jarri behar izan dituzte martxan, mahai guztien eraketa bermatzeko.

Hautesleku bereko baina beste mahaietako ordezkoak erabiltzea izan da aukeretako bat, eta pertsona horiek hautesleku batetik bestera ere lekualdatu dira zenbait kasutan.

Beren errekurtsoaren erantzuna jaso ez duten guztiei dagokien mahaira joateko gomendatu die Kataluniako Gobernuak, eta gerora sortutako arrazoi batengatik mahaian egoteko eragozpenak dituztenei, eskolan agertu eta gertakariaren berri emateko.

Bernat Sole Generalitateko Kanpo Ekintza, Erakunde Harreman eta Gardentasunerako kontseilariak hauteskunde-mahaien % 100 osatuta daudela iragarri du:

Camp Noun ere botoa emango dute oraingoan:

Datua: Hauteskunde-mahaien % 99,41 osatuta daude 10:49an

Bernat Sole Generalitateko Kanpo Ekintza, Harreman Instituzional eta Gardentasun kontseilariak adierazi duenez, litekeena da hauteskundeen emaitzak beste batzuetan baino "beranduago" ezagutzea; izan ere, mahaietako kideek "kontuz ibili beharko dute zenbaketaren unean, eta, ondorioz, prozesua motelagoa izango da" eta posta bidezko boto gehiago izango dira.

Bernat Solé Generalitateko Kanpo Harremanetarako, Erakunde Harremanetarako eta Gardentasunerako kontseilariak esan duenez, hauteskunde-mahaien osaketa % 97,45ekoa zen 10:00etan: "2017ko zifra beretan gaude". Kataluniako Parlamentuan emandako prentsaurrekoan esan duenez, 2017an ere % 97koa zen.

"Datozen minutuetan" 9.139 mahai osatzea aurreikusi du Generalitateak. Hala, eskerrak eman dizkie Kataluniako udal guztiei eta hauteskunde-mahaietako pertsonei, eta igande honetako hauteskundeak "normaltasun osoarekin" egin ahal izango direla defendatu du.

Hautesle batzuk ilaran, Bartzelonako Mercat de Sant Antoni hauteslekuan, lehen orduan:

Hauteskunde-mahaien % 96,98 osatuta daude 10:00etarako, Generalitatearen datuen arabera. Hauteskunde hauetarako 9.139 mahaietako 8.863 mahairi dagokie portzentaje hori.

Segurtasun eta higiene neurri zorrotzak Kataluniako hauteslekuen irekieran:

Hauteskunde mahaien % 91,77 osatuta zeuden 09:35 alderako, Generalitateak emandako datuen arabera. 9.139 mahaietatik 8.387 mahai osatu dira, beraz. Falta direnek 10:00ak arterako tartea dute osatzeko.

Segurtasun protokoloekin eta ordutegi tarteekin garatuko da hauteskunde eguna Katalunian: 09:00etatik 12:00etara, arriskuko kolektiboentzat dago aurreikusita; 12:00etatik 19:00etara, herritar guztientzat; 19:00etatik 20:00etara, koronabirusaren positiboentzat eta kontaktu estuentzat.

Bernat Sole Generalitateko Kanpo Harremanetarako, Harreman Instituzionaletarako eta Gardentasunerako kontseilariak 08:30 aldera esan du ez dela egon arazorik:  "Une honetan ditugun datuek ez dute inolako eraginik".

Ireki dituzte hauteslekuak Katalunian. EITBk jarraipen zuzena egingo die hauteskundeei egun osoan zehar.

Igandean hauteskunde gau saio bereziak eskainiko dira 22:00etatik aurrera Euskadi Irratian eta Radio Euskadin,22:30ean ETB2n eta 23:00etan ETB1en.

Kataluniako hauteskundeei arreta berezia eskainiko die EITBk

84 milioi boto orri, Pasaiako Transkrit enpresatik Kataluniara: 200 tona paper behar izan dituzte. Duela hamar urte hasi ziren lan honetan, eta ordutik Espainiako zenbait autonomia erkidegotarako boto orriak egin dituzte, baita Afrikako herrialde batzuetarako ere. 

Bernat Sole Generalitateko Kanpo Harremanetarako, Harreman Instituzionaletarako eta Gardentasunerako kontseilariak adierazi duenez, Kataluniako hauteskundeetarako dispositiboa orain arteko "handiena" izango da, eta 14.000 polizia izango ditu guztira.

Hautesmahai guztiak osatuko direla defendatu du Generalitateak:

Bernat Solé Generalitateko Kanpo Harremanetarako, Harreman Instituzionaletarako eta Gardentasunerako kontseilariak ziurtatu duenez, hautesleku guztietan eratu ahal izango dira botoa emateko mahaiak, Katalunian.

Igandeko hauteskundeen dispositiboari buruzko prentsaurrekoan, jardunaldia segurtasun osoz egingo dela bermatu du eta mahaien %99,9k nahikoa kide badutela osatu ahal izateko adierazi du.

Igande honetan 2.763 hautesleku izango dira -2017an baino 83 gehiago- eta ohiko hauteskundeetan ez bezala, dentsitate txikiko aforoa (gutxienez 2,5 metro koadro pertsonako) ahalbidetzen duten espazioak lehenestea erabaki da ikastetxeen ordez, pabiloiak eta espazio zabalak, esate baterako eta ez da bozkatuko osasun-zentroetan edo egoitza-zentroetan, normalean egin izan den bezala.

Generalitateak onartutako protokoloaren arabera, bozketa-zentroetan etengabeko aireztapena egongo da. Halaber, bi metroko tartea egongo da hautesmahaien artean eta mahaietako kideen artean, hautesleen eta mahaien artean zein hautesleen artean 1,5 metroko tartea bermatuko da. Osasun-segurtasuneko arduradunak egongo dira neurriak betetzen direla zaintzeko.