Cargando...

Jarraipen berezia

COVID-19

Gotzone Sagarduiren agerraldia, LABIren bileraren ondotik

EITB MEDIA

- Covid ziurtagiria otsailaren 13ra arte luzatzeko eta eremu gehiagotara zabaltzeko baimena eskatu du Eusko Jaurlaritzak.

- Neurri hauek mantenduko dira: ostalaritza, merkataritza, kultura eta aisialdi jarduerak 01:00etarako amaituta, aforoak mugatuta eta barran kontsumitzea debekatuta.

- Nafarroan neurriak otsailaren 14ra arte luzatzea baimendu du Auzitegi Nagusiak.

Actualizar

Amaitu da Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren agerraldia.

Sagardui: "Auzitegien erabakia noiz helduko den ikusi beharko da. Edozelan ere, LABIren asmoa neurriak luzatzea da, eta horien artean, ziurtagiriarena. Baliogarria da neurria, eta ikusi besterik ez dago, txertaketaren datuetan izan duen eragina. Argi dago, noski, Auzitegiaren erabakiaren zain egongo garela, baina datuek erakutsi dute covid ziurtagiria eraginkorra dela".

Sagardui: "Zuhurtzia eskatzen duen egoera batean gaude. Adierazle batzuek erakusten dute beheranzko joera moteldu egin dela edo joera-aldaketa ere izan litekeela. Goiz da zer datorren jakiteko. Ziurgabetasun egoera bat da, eta horregatik neurriei eustea erabaki da".

Sagardui: "Covid ziurtagiria otsailaren 13ra arte luzatzea eskatu dugu, egungo egoeraren ondorioz. Beherakada moteltzen ari dela ikusi dugu. Orain arteko espazioetan eta beste bi eremu gehiagotan ziurtagiria nahitaezkoa izatea eskatu dugu: hoteletan eta turismo ostatuetan, eta joko lokaletan".

Sagardui: "Zergatik jarraituko dugu covid ziurtagiria eskatzen? Transmisio-maila muturrekoa da azken asteetan, eta azken egunetan izandako intzidentziaren jaitsiera geldotzen hasi da. Bestalde, ospitaleratzeen kopurua, eta bereziki ZIUetan dagoen gaixo kopurua oso handia da duela aste batzuetatik".

Ondorengoak dira, gaur hartutako erabakiak:

- 2022ko otsailaren 13ra arte, beranduen 01:00etan itxiko dira merkataritza, gizarte eta kultur jarduera guztiak, bai eta ostalaritza eta jatetxe establezimendu eta antzekoak ere.

-  Oro har, 2022ko otsailaren 13ra arte, % 60ko edukiera-muga ezartzen da mota guztietako establezimendu eta barrualdeko esparruetan.

- Ekitaldien esparruan, honako edukiera-muga hauek ezartzen dira:

·         Gizarte, kultura edo kirol-ekitaldietarako esparruetan, gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean, eta 800 kanpoaldean.

·         1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, gehieneko kopurua 800 pertsonakoa da barrualdean, eta 1.200 pertsonakoa kanpoaldean.

·         5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko aforoa % 50ekoa izango da.

- Ostalaritza eta jatetxe-establezimenduetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, debekatu egiten da zutik kontsumitzea, eta mahai bakoitzeko edo mahai-multzo bakoitzeko bezero-taldeak gehienez ere 10 lagunera mugatzen dira, bai barrualdean bai terrazetan. Era berean, mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izango da.

Ostalaritza-establezimenduei aplikatzen zaien araubide bera aplikatuko zaie txokoei, gazte-lokalei edo elkarte gastronomikoei.

-  Barruko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsona arteko taldeetan egituratu beharko da; aldagelen erabilera % 50eko okupaziora mugatuko da; eta dutxak banaka erabiliko dira, edo pertsonen artean bi metroko distantzia gorde beharko da.

Sagardui: "Komenigarria da zuhurtziari eustea eta, ondorioz, jarduera jakin batzuetan covid ziurtagiria eskatzeari buruzko neurriak denboran luzatzea".

Datu epidemiologikoen berri emanez hasi du agerraldia Osasun sailburuak:

·         14 eguneko intzidentzia-tasa 3.399,72koa da.  Atzo baino 152 puntu txikiagoa da.

·         7 eguneko intzidentzia-tasa 1588,66 an dago. Atzo baino 2,3 puntu gehiago dira.

·         Birsorkuntza tasa  0,97ra igo da.

Abiatu da Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren agerraldia

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak une batetik bestera jakinaraziko ditu LABI instituzionalaren bileran hartutako erabakiak. EITB Mediak jakin ahal izan duenez, indarrean dauden neurri murriztaile guztiak otsailaren 13ra arte mantentzea erabaki dute. 18:00etan hasiko da Sagarduiren prentsaurrekoa. Jarraitu, hemen, zuzenean.

16:30ean hasi da LABI Larrialdiei Aurregiteko Bidearen Aholku Batzordearen bilera. Ezustekorik ez bada, azken hilabetean indarrean egon diren neurri murriztaileei eustea erabakiko dutela uste da. Neurriok gaur arte zeuden indarrean.

LABI

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak datorren asteartean jakinaraziko du covid ziurtagiriaren inguruan Eusko Jaurlaritzak egindako eskaeraren inguruan, Fiskaltzaren txostena jaso ondotik. Otsailaren 13ra arte covid pasaportea exijitzen jarraitzeko baimena eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiari Jaurlaritzak, eta baita, espazio gehiagotara zabaltzeko baimena ere, hotel, ostatu turistiko eta joko-aretoetan ere beharrezkoa izan dadin.

Zer erabaki dezake gaur LABI instituzionalak: azken orduotan Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu duenez, egun indarrean dauden neurriei eustea proposatuko du arratsaldeko bileran. Batzorde Zientifikoa ere, neurrioi eustearen aldekoa dela adierazi du. 18:00etarako dago iragarrita Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren agerraldia, gaurko bileran adostutakoaren berri emateko. 

Indarrean dauden neurriak, EAEn: Abenduaren 29tik, jarduera guztiak (ostalaritza, merkataritza, kultura eta aisialdia) 01:00etarako amaitu behar dira. Horrez gain, LABIk % 60ko edukiera muga ezarri zuen establezimendu guztietarako, eta tabernetan zutik kontsumitzea eta mahai bakoitzean 10 pertsona baino gehiago biltzea debekatu zuen. Bestalde, covid ziurtagiria derrigorrezkoa da ospitaletan, kirol-instalazio itxietan, kiroldegietan, ostalaritza-establezimenduetan edota erabilera anitzeko kultur-aretoetan.

Pandemiaren bilakaera azken hilabetean: 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak gora egin du abenduaren 28tik (2.547,24). Urtarrilaren 11n, tasa 7.038,61 puntukoa izan zen, eta, ordutik, pixkanaka behera egin du.

Pandemiaren bilakera, azken lau asteotan.

Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu dio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari Europar Batasuneko Covid Digital Ziurtagiriaren (QR) indarraldia luzatzeko, 2022ko otsailaren 1etik 13ra arte, eta bere eskakizuna hotel eta ostatu turistikoetara zabaltzeko, baita joko-aretoetara eta apustuetara ere.

Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen LABI instituzionala gaur arratsaldean bilduko da, 16:30ean, eta, ezustekorik ez bada, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko neurri murriztaileak luzatzea erabakiko dute. Datu epidemiologikoak kontuan hartuta, LABIren batzorde zientifikoa murrizketei eustearen alde agertu da, eta lehendakariak proposamen hori defendatuko du arratsaldeko batzarrean.