Cargando...

Zuzenean

ERRESUMA BATUA

Karlos III.a erregearen lehen mezua: "Eskerrik asko, ama"

EITB MEDIA

Your browser doesn’t support HTML5 video

Elisabet II.a erregina 96 urte zituela hil zen atzo, 70 urte baino gehiagoko erreinaldiaren ondoren.

Actualizar

Karlos III.a Erresuma Batuko errege berriak lehen mezua eskaini dio nazioari, eta Elisabet II.a amaren "zerbitzu promesa" berritu nahi duela aldarrikatu du. "Eskerrik asko, ama", adierazi du.

Karlos III.a lehen mezua eskaintzen ari da errege gisa: "Elisabet II.arena ongi bizitako bizitza izan da".

Erresuma Batuak aldatu egin du ereserki nazionalaren letra. Atzo bertan egin zuen, erregina hil eta berehala, "erregea" omentzeko, "erregina" baino gehiago.

Britainiarrek "God save the Queen" (Jainkoak erregina salba dezala) abestu dute zazpi hamarkadaz, baina orain "God save the King" (Jainkoak erregea salba dezala) esan beharko dute.

Gaurkoan Buckingham jauregiaren inguruetan bildu direnek dagoeneko abestu dute letra berria, baina ereserkiaren estreinaldi ofiziala gaur arratsaldean izango da, Elisabet II.aren omenez Saint Paul katedralean egitekoa den mezan.

Karlos III.a erregea dagoeneko bildu da Liz Truss lehen ministroarekin, Buckingham jauregian.

Elisabet II.aren bizitzari buruzko 'The Crown' telesaila (Netflix ekoiztetxearena) Bartzelonan ari dira grabatzen egunotan, eta erreginaren heriotzaren berri izan orduko, grabazioa etetea erabaki dute, omenaldi gisa.

Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministroak Elisabet II.a gogoratu eta haren lana txalotu du, Komunen Ganberan, gaur, egin den saio berezian.

Karlos III.a erregea eta Camilla ezkon-erregina Buckingham jauregian dira jada. Atarian orduak eta orduak zain egon den jendetzak txaloka hartu ditu biak, eta errege berria eurengana hurbildu da, eskua eman eta agurtzera.

Elisabet II.aren hilkutxa Balmoralgo gazteluan (Eskozia) egongo da harik eta Londresera eraman arte. Oraindik ez dute zehaztu noiz aterako duten hilkutxa handik.

Erresuma Batuko hainbat toki esanguratsutatik 96 kanoi salba jaurtita —Elisabet II.ak zituen urteak—, agur berezia eskaini nahi izan diote gaur eguerdian erregina zendu berriari. Londresen, Edinburgon, Cardiffen edota Belfasten entzun dira kanoi hotsak.

Errege etxe britainiarrak jakinarazi duenez, Karlos III.a bihar, larunbatarekin, aldarrikatuko dute errege. Ekitaldia Saint James jauregian (Londres) egingo dute, 09:00etan (GMT ordutegia, Euskal Herrian, 10:00etan).

Karlos III.a eguerdian atera da Balmoral gaztelutik (Eskozia) eta handik gutxira heldu da Aberdeengo aireportura, Londres jomuga. Aurreikuspenen arabera, hiriburura heltzean, Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministroarekin eta Edward Fitzalan-Howard koroatzearen eta estatu hileten arduradun eta kondearekin bilduko da. Arratsaldean, lehen aldiz, telebistaz zuzenduko zaio Britainia Handiko herriari.

Reuters berri agentziak zabaldu duenez, Karlos III.a eta Britainia Handiko errege-etxeko beste hainbat kide Balmoral gaztelutik atera dira 12:00ak aldera. Londresera bidean dira, datozen orduotarako iragarrita dauden ekitaldi ofizialetan parte hartzeko.

Londresko eta Erresuma Batuko eraikin esanguratsu ia guztiek ateak itxita dituzte gaur, Elisabet II.aren heriotzagatik. Besteak beste, Buckingham jauregia, Windsor Dorrea edota Edinburgoko Gaztelua ezingo dituzte bisitatu egunotan han dauden milaka turistek.

Erresuma Batuko bandera haga erdian dago, atzotik, Big Benen ondoan, Elisabet II.a erreginaren heriotzaren ondoren.

Londresko Saint Paul katedralean Elisabet II.aren aldeko elizkizuna egingo dute gaur arratsaldean, 18:00etatik aurrera. Herritarrentzako 2.000 eserleku egokituko dira, eta besteak beste, Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministro berria bertan izatea espero da. BBC telebista kateak zuzenean eskainiko du meza.

Erresuma Batuko herri eta hiriak Elisabet II.aren aldeko mezuz eta irudiz bete dira. Argazkian, Londresko Euston geltokia, gaur goizean.

Erresuma Batuko egunkari guztietako azaletan Elisabet II.a erregina zendu berria da gaur protagonista bakarra. Haren lana goratu dute hedabide guztiek izenburuetan.

Argazkia: EFE

Buckingham jauregiak gaur jakitera eman duenez, Elisabet II.aren aldeko hileta noiz izango den aurrerago jakinaraziko dute, "dagokion momentuan". Ekitaldiari buruzko xehetasunak ere ondorengo egunotan zabalduko dituzte.  Erreginaren heriotzagatik atzo ezarritako dolu nazionala hileta izango den egunetik gutxienez beste zazpi egun luzatuko dela ere esan dute.

Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri Gaietako ministroak jakitera eman duenez, Espainiak Elisabet II.aren hiletara bidaliko duen ordezkaritza erabakitzen ari dira, errege-etxearekin batera. Juan Carlos I.a errege emeritua hiletara joango den galdetuta, Albaresek erantzun argirik eman ez badu ere, ia baztertu egin du aukera hori.

Elisabet II.a hil zela jakin zenetik, Buckingham (Londres) erreginaren egoitza ofizialaren atarian eta Balmoraleko gazteluaren inguruan (Eskozia) jendetza dago batuta. Ehunka lore-sorta eta mezu pilatu dira dagoneko.

Karlos III.ak gaur arratsaldean eskainiko du bere lehen hitzaldia errege gisa telebista bidez. Zendu berri den Elisabet II.a  gogoratuko du, eta Britainia Handiko erregetzari dagozkion eginkizunak bere gain hartzeko konpromisoa hartuko du.

Erresuma Batuko parlamentuko bi ganberek Elisabet II.a gogoratzeko ekitaldi berezia egingo dute gaur eguerdian, eta Saint Paul katedralean (Londres) ere zeremonia berezia egingo da.

Erresuma Batuko Gobernuak gaur zehaztuko du zenbat egun iraungo duen Elisabet II.aren heriotzagatik ezarritako dolu nazionalak; 10-12 egunekoa izatea aurreikusten da, eta hileta elizkizuna azkeneko egunean egingo da. Gaur eguerdian, minutu bateko isilunea egingo dute herrialde osoan.

Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministro berriarekin lehen audientzia izango du gaur arratsaldean Karlos III.ak, Buckingham jauregian. Halaber, estatuburu gisa lehen hitzaldia eman beharko du telebistaz, hori noiz egingo duen zehaztu ez badute ere. 

Elisabet II.a erregina ostegun honetan hil ondoren, orain, Erresuma Batuak ekitaldiz beteriko hamar egun ditu aurretik. Karlos III.a, Erresuma Batuko monarka berria, larunbat honetan bertan errege izendatuko dute, eta Estatu hileta Elisabet II.a hil eta hamargarren egunean izango da. Hil eta hiru egunera iritsiko da gorpua Buckingham jauregira, Londresera, eta biharamunean, Karlos III.ak bira abiatuko du Erresuma Batu osoan.

Mundu osoko agintariek eta errege-etxeek helarazi dituzte euren doluminak Elisabet II.aren heriotzagatik. 70 urtez Erresuma Batuko erregina izan denaren lana goratu dute guztiek.

Bihar izendatuko dute Erresuma Batuko errege Karlos III., Elisabet II.aren seme zaharrena. Halere, koroatze zeremonia ez da egingo urtebete igaro arte, gutxi gorabehera.