Jarraipen berezia

Politika Orokorrari buruzko Eztabaida

Horrelakoa izan da Politika Orokorrari buruzko Eztabaida Eusko Legebiltzarrean, minutuz minutu

EITB MEDIA

Lehendakariak 40 neurri zehatz eta 400 milioi euroko programa bat proposatu ditu. Herri akordioak aurrera ateratzeko bermea EH Bildu izango dela esan du Iriartek. Elkarrekin Podemos-IU herri-itunetara zabalik, betiere arlo publikoaren defentsa badute oinarrian. PP-Ciudadanos Taldeak akordioak eztabaidatzea proposatu dio lehendakariari, energian eta ekonomian.

Actualizar

Amaitu da Politika Orokorrari buruzko Eztabaida.

"Errealitatetik abiatuta eman behar dituzue pausoak", esan dio Joseba Egibar EAJko bozeramaileak Maddalen Iriarte EH Bilduko ordezkariari. "Parke tematikoak dira zuen proiektu politikoak", erantsi du.

"Aurre hartze ariketa partekatua egin behar da", eskatu dio Maddalen Iriartek (EH Bildu) lehendakariari. Bestalde, "zerbitzua okertzen ari da Osakidetzan", ohartarazi dio. Iriarteren hitzetan, "40 urte pasata Osakidetzak badauka zer aldatu".

Energiari dagokionez, "gure udaletan energia alorrean egiten ari garen lana goraipatu nahi dut", nabarmendu du. Aldarrikatu duenez, "itun energetikoa EH Bilduk ekarri zuen Legebiltzar honetara". "Urte askotan oligopolioen tutela izan duzue", esan die.

"Herri akordioa ez da posible izango banatzen gaituzten gaietan", esan du Eneko Anduezak (PSE-EE). "Egin dezagun aurrera eta lor ditzagun akordioak batzen gaituzten gaietan", erantsi du.

Bestalde, "lehendakari, PSEren eta PSOEren konpromisoa adierazten dizut Gernikako Estatutua bete dadin", azpimarratu du. Zentzun horretan, "ez dut onartuko inork zalantzan jartzea sozialisten Estatutuarekiko duten konpromisoa", ohartarazi du.

"Zero bertigo, guk pozik sinatu dugu hezkuntzako akordioa", adierazi dio Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak lehendakariari.

Calors Iturgaiz PP+C's taldeko legebiltzarkideak Urkulluri esan dionez, "estanflazio egoeran gaude". "Zergak jaitsi behar dituzu, Madrilen eta Andaluzian bezala", azpimarratu du. "Zergatik ez dituzue jaisten, Kontzertu Ekonomikoak aukera ematen duenean?", galdetu dio. "Harrokeria gutxiagorekin jokatu behar duzue", gaineratu du. "Nik akordioak eskaini dizkizut. Gure proposamena argia: zergak jaistea", gogorarazi dio.

"Bi eredu desberdin defendatzen ditugu", azaldu du Martinezek.

"Hipokresia berdearen erdian gaude", erantzun dio Amaia Martinez Vox ultraeskuineko alderdiaren ordezkariak lehendakariari. "Zuek euskara lehenesten duzue, politika baztertzailea eginez", aurpegiratu du.

Azkenik, "pertsonak egon behar dira erdigunean", adierazi du lehendakariak. "Autogobernua da tresnarik eraginkorrena", ondorioztatu duenez.

"Iriarte andrea, kontraesan asko utzi dituzu, baina alde positiboarekin geratu nahi dut", gaineratu du lehendakariak.

"Iriarte andrea, pairatzen dugun egoeraren dimentsio globala ezkutatu egin duzu", adierazi dio lehendakariak Iriarteri. Urkulluren ahotan, "oso eroso zaudete denari ezetz esanda. Koherentziaz jokatu behar da".

"Gorrotxategi andrea, Osakidetzak ez du inoiz aurrekontu handiagorik izan", esan dio Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideari. "Irakaskuntza publikoaren aldeko konpromisoa argia eta erabatekoa da", ziurtatu dio.

"Iturgaiz jauna, badakizu beti gaitzetsi ditudala indarkeria ekintzak", gogorarazi dio Urkulluk PPko ordezkariari. "Ez dago euskararen inposaketarik hezkuntza legean", erantzun dio lehendakariak.

"Martinez andrea. Demagogia besterik ez duzu egin", esan dio lehendakariak Vox ultraeskuineko alderdiaren ordezkariari. "Euskadik zuk diozuna balitz, inor ez litzateke itoko Bidasoan", erantsi du Urkulluk.

"Euskadik erakargarria izaten jarraitzen du", aldarrikatu du Urkulluk.

"Egingo dugu orainartekoaren azterketa fiskalitate alorrean", ziurtatu duenez. Lehendakariaren hitzetan, "herritarrek diru gehiago izango dute deflaktazioari esker". "Egunez egun jarraituko dugu egoera, unean uneko neurriak hartzeko", agindu du.

"Energia berriztagarrien aldeko apustua garbia da", nabarmendu du lehendakariak. Azpimarratu duenez, "berdintasunean eta memorian ere ari gara urratsak egiten".

"Inflakzioak zuzenean eragiten die familiei eta enpresei", onartu du EAEko agintariak. Urkulluren esanetan, "errenta hitzarmenak lagunduko lioke egoerari". "Gastu publikoa ere goa doa eta hori ere kontutan hartu behar da", ohartarazi du.

"Egungo egoera ezin dugu konparatu 2008koarekin", uste du lehendakariak. Hala ere, "egoera etengabe aztertzen ari gara", ziurtatu du.

Iñigo Urkullu lehendakariak berriro hitza hartu du, bigarren aldiz gaurko saioan: "Bat nator ziurtasun gutxiko aroa bizitzen ari garela". "Arazoak arazo hau ez da ika-mikan ibiltzeko unea. Akordio zabalak behar ditugu", gogorarazi du agintariak. "Ohikoa da zuek gure proposamenak kritikatzea", eta "klasiko bat erabili duzue: autokonplazentzia leporatu didazue", aurpegiratu die oposizioko indar politikoei.

Deflaktazioak jaso dituen kritiken inguruan, "progresibidade bat badago. Formula egokiagoa daukanak jarri dezala mahai gainean", adierazi du Egibarrek.

Egibarren ustez, "egonkortasun soziala behar da, eta sindikatuak eta patronala batu beharko lirateke itunetara". "Proposamenak mahai gainean jarri eta ea hitzartzeko modua daukagun", adierazi du jeltzaleak.

"Koherente izatea ez da iraganari amnesia aplikatzea", gogorarazi dio jeltzaleak Iriarteri. "Indarkeriaren erabileraren inguruan oraindik ez dugu ezagutzen irakurketa kritikorik", erantsi du. Egibarren esanetan, "badago halako adanismo bat. Badirudi EH Bildurentzat politiko lientzo txuri bat dela". "Estrategia aldatzen denean denbora behar izaten da", ohartarazi du.

"Akordioak behar beharrezkoak dira", azpimarratu du Joseba Egibar EAJko bozeramaileak.

Joseba Egibar

"Euskaldunok dena erabaki ahal izatea nahi du EH Bilduk, baina zuk lehendakari hasierako tokira itzuli zara. Estatus berri bati uko egiten diozu?", galdetu dio Iriartek Urkulluri. "Prest zaudete burujabetzaren alde egiteko? Gu bai", gaineratu du. Koalizioko bozeramailearen esanetan, "prest gaude herritarrei tokia egiteko. Estatuarekin beste harreman bat izan behar dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak". "EH Bilduk konpromisoa azaltzen du Estatu itunak egiteko", adierazi du. "Ardura ariketa eskatzen du. Norabidea aldatu behar dugula onartu", amaitu du.

"Zerga erreforma ezinbestekoa da", azpimarratu du Maddalen Iriartek.

"Neurri ausartak hartu behar ditugu", nabarmendu du Iriarte. EH Bilduko ordezkariaren ahotan, "partxe batzuk jarri ahal izango dituzu, baina egiturazko neurriak behar ditugu". "Errealitatea gainetik pasa zaio zure Gobernuari", esan dio lehendakariari. "Sei urte daramatzat hemen eta lehen egunetik aldarrikatu ditut herri itunak", gogorarazi dio Urkulluri.

"Eskema berritzaileak behar ditugu", jarraitu du EH Bilduko legebiltzarkideak. Iriarteren hitzetan, "zerbitzu publikoak bermatzeko neurriak behar ditugu. Fiskalite berria behar dugu". "Fiskalitate justuagoa behar dugu", erantsi du.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak hartu du hitza. "Eraldaketa garaia da", esan dio koalizioko ordezkariak Iñigo Urkullu lehendakariari. "Zure proposamenek eskema zaharrei erantzuten diete", erantsi du.

Maddalen Iriarte

Bakegintzari dagokionez, "ez da elkarbizitzarik egongo batzuek urratsak ematen ez dituzten bitartean", adierazi du Anduezak.

"Osasun zerbitzuan ez dugu atzerapausorik izango", agindu du PSE-EEko idazkari nagusiak.

"Enplegu legearekin aitzindaria izango da Euskadi", zoriondu da sozialista. Hala ere, "aurrekontuak dira lehentasuna", gogorarazi du. Anduezaren ustez, "ongizate estaturik gabe, ez dago gizarte kohesiorik".

"Koalizio Gobernuarekin gustura gaude", esan du Eneko Anduezak.

"Eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu herritarren beharrei erantzuteko", agindu du. Ohartarazi duenez, "trantsizio energetikoa ezin da gehiago atzeratu". "Ezin dugu onartu energia berriztagarriak % 17ra ez iristea Euskadin", kritikatu du PSE-EEko idazkari nagusiak. "Itun zabalak nahi ditugu, eta koherentzia eskatzen dugu", gaineratu du.

Anduezaren hitzetan, "gure autogobernuari esker hartu ahal izan ditugu erabakiak".

"Sozialistak egonkortasunaren bermea gara", azpimarratu du PSE-EEko ordezkariak.

"Ez da gauza bera eskuinak gobernatzea edo sozialistak gobernu guztietan egotea", erantsi du legebiltzarkide sozialistak.

"Ez da kasualitatea sozialistak gobernuetan izatea", aldarrikatu du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Eusko Legebiltzarrean.

Eneko Andueza

Iñigo Martínez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen esanetan, "pertsonern beharrizanak etaplanetaren mugak" kontuan hartu behar dira "ekonomia diseinatzeko". Horregatik, "aberastasuna modu justoan" banatzea aldarrikatu du.

Autogobernuaren txanda. "Gai asko ditugu konpontzeko, eta horietarako Estatutua lanabes ona izan daiteke". Dena dela, ohartarzi du: "Ze autogobernuz ari gara, oinarrizko beharrizanak arriskuan badaude?"

Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak "energia merkatuan esku hartzea" eskatu du. "Energia enpresa publiko bat sortu beharra dago, orain denok txalotzen dugun Norvegiako enpresa hori bezala", nabarmendu du. Statkraf konpainiaz ari zen, Euskadin bi parke eoliko eraiki nahi dituena.

Hezkuntza Legearen inguruan, Gorrotxategik esan du eskola publikoak izan behar duela "gure hezkuntza sistemaren ardatza". "Horren araberakoa izango da beti gure ekintza parlamentarioa", gainertu du.

Gorrotxategiren esanetan, "ongizate maila jaisten ari da Euskadin". "Inflazioaren gorakadarekin ikusten ari gara", gaineratu du. Horregatik, zerbitzu publikoak indartzea eta "zabaltzea" aldarrikatu du.

Gorrotxategiren esanetan, "nahi dugu herri itunak lortzea, baina hori eslogan politiko bihurtu da. Itunak, bai; baina zein da edukia?

Miren Gorrotxategiren (Elkarrekin Podemos) txanda.

Carlos Iturgaiz (PP-Ciudadanos taldea): "Akordioak adostea proposatzen dugu".

PP-Ciudadanos Taldeko Carlos Iturgaiz: "Ezinbestekoa da Hezkuntza Legea berriro aztertzea".

PP-Ciudadanos Taldeko Carlos Iturgaizek, lehendakariari: "Zure Gobernua norabide onean bultzatu nahi dugu, eta horrek eskatzen du zuzentzea".

Amaia Martinez (Talde Mistoa-Vox): "Hezkuntza Legearen Aurreproiektuak eredu publikoa inposatzen du, eta itunpeko ereduari desagerrarazi nahi dio".

Amaia Martinez (Talde Mistoa-Vox): "Ekaitzak daudela diozu, baina zure Gobernuak ez du tximistorratz politikorik. Benetako erreforma fiskala behar dugu".

Talde Mistoa-Voxeko Amaia Martinez legebiltzarkideak "autokritikarik eza" egotzi dio lehendakariari: "Zure hitzaldia errealitatetik urrun egon da".

Legebiltzarkideak aulkietan ari dira jartzen, Politiko Orokorreko Eztabaidako arratsaldeko saioa hastear baita.

Erreakzioak | Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos-IU): "Herri itunak, noski, beharrezkoak dira, eta gu hor egongo gara. Akordioa iritsiko da baldin eta lortzen den ituna alor publikoa hobetzekoa bada"

Erreakzioak | Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos-IU): "Lehendakariak iragarritako neurriak ondo aztertu behar dira, benetan jakin ahal izateko hain berriak diren. Hitzartuz, programa, adibidez, sakon aztertu beharko da"

Erreakzioak | Amaia Martinez (VOX): "Neurri zehatz gutxi eta orokortasun gehiegi. Autokritikarik ez eta autobonboa. Hori izan da lehendakariaren diskurtsoaren laburpena"

Erreakzioak | Joseba Egibar (EAJ): "Garbi dago aurrera egin nahi bada, akordioen eskutik urrutirago iritsiko zarela, eta hori azaldu du lehendakariak... Gobernuak bere ardura du, eskuz alda ezina, eta hortik abiatuta akordioak proposatzen ditu... legealdiaren erdian zure helmuga izango den bide horren zer egingo duzun azaltzea oso inportantea da"

Erreakzioak | Joseba Egibar (EAJ): "Lehendariak esaten duenarekin bat egiten dugu eta berak egiten duen ariketa oso txukuna eta egokia da, legealdi honen erdia igarota, zer egingo duen esan baitu argi eta garbi"

Erreakzioak | Carmelo Barrio PPko ordezkariak "autokritikarik ez" egitea egotzi dio lehendakariari. "Hobetzeko tarte handia dago Jaurlaritzan eta hori ez du aipatu lehendakariak", esan du.

Erreakzioak | Ekain Rico (PSE-EE): "Koalizio gobernuak egoera zailei aurre egiteko gaitasuna erakutsi du. Gaur Urkulluk Hitzartuz laguntza plana aurkeztu du, eta bide horretatik jarraituko dugu lanean"

Erreakzioak | Nerea Kortajarena EH Bilduko ordezkariaren hitzetan, Urkulluren gaurko hitzaldiarekin garbi geratu da lehenakariak "amore eman" duela estatutu berria adosteko bidean.

Erreakzioak | Nerea Kortajarena (EH Bildu): "Hitzartuz programako hainbat neurri atzerakoiak eta antisozialak dira"

Amaitu da lehendakariaren hitzartzea, eta saioa 14:30 arte etenda geratu da. Ordu horretan Legebiltzarreko taldeen txanda izango da. Txikienetik handienera hartuko dute parte, eta gehienez 30 minutuko tartea izango dute hitz egiteko.

Transferentzien inguruan Espainiako Gobernuak, 2020ko urrian, Jaurlaritzari igorritako egutegia betetzea eskatu du Urkulluk. Lehendakariak uste du "inflexio puntu" batean dagoela autogobernua, eta ezinbestekoa dela hura sakontzea, eguneratzea eta zabaltzea. Ondorengoa proposatu du: "Bitariko batzorde bat sortzea, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkari kopuru berberarekin".

Urkullu: "Harik eta Gernikako Estatutua osorik bete arte lanean jarraituko dugu. Hori da euskal gizartearekin dugun  konpromisoa. Akordioaren bila ari gara eta Estatuarekin harreman eraikitzailea nahi dugu "

Bost herri akordio proposatu ditu Urkulluk: 2023ko aurrekontua, lehen mailako arreta indartzeko plan, Hezkuntza ituna, energia ituna eta erronka demografikorako estrategia.

Urkulluk neurri sorta berri bat proposatu du, "prezioen igoerak eta energiaren kostuak euskal familia eta enpresetan dituen ondorio kaltegarriak arintzeko". Hauek dira, zenbait neurri: "gizarte larrialdietarako laguntzak % 10 handitzea inflazioaren ondorioz pertsona kalteberenek duten erosteko ahalmenaren galera konpentsatzeko; gizarte etxebizitzako parkean horniduren kostua murriztea, instalazio zentralizatuak dituzten komunitateetan; elikagaien merkataritza-sektorerako laguntzak, inflazioak herritarrengan duen eragina arintzeko; eta  energia-efizientziarako laguntza ematea, familien energia-fakturaren igoera konpentsatzeko".

Ipar Euskal Herriko erakundeekin eta agintariekin "lankidetza eguneratu eta indartuko" dutela adierazi du Urkulluk.
"Kultur politikak, sozio-ekonomikoak, garraioa, mugikortasuna eta ingurumena lehenetsiko ditugu", esan du.

Erronka demografikoari eta gazteen aldeko apustuari begira hartutako neurriak zehaztu ditu Urkulluk. Estratategia horrek hiru ardatz nagusi izango ditu: gazteen emantzipazio proiektuetarako laguntzak, etxebizitza eskuratzen laguntzeko neurriak eta gazteen enplegua sustatzeko ekimenak indartzea.

Besteak beste, Osakidetzako lehen mailako arreta indartzeko hartuko diren neurriak azaldu ditu: "Lehen mailako arretarako inbertsio-plan espezifikoa; familia medikuntzako eta osasungintza orokorreko 358 plaza kontsolidatzea; eta zerbitzu eta proba diagnostiko osagarri berriak".

Hauek dira lehendakariak datozen hilabeteotarako dituen bost lehentasunak: gizarte kohesioa; enplegua, industria eta hazkunde jasangarria; klima aldaketari erantzutea; erronka demografikoa eta gazteria; eta Euskadi Baque Country.

Etorkizun hurbilari begirako neurriak eta lehentasunak aletzen hasi da: bost lehentasun eta 40 neurri.

Iazko Politika Ororrari buruzko Eztabaidan azaldutako 20 konpromisoen betetze-maila azaltzen ari da lehendakaria, hori baita, bere hitzetan, "gardentasuneko eta kontuak emateko modurik onena".

Errusiak joan den otsailaren 24an Ukrainaren kontrako gerra abiatu zuenetik Jaurlaritzak hartutako neurriak ekarri ditu gogora Urkulluk: "Azken eta zehaz erantzun diogu egoerari".

Euskadik duen "ekosistema ekonomiko, instituzional eta sozial indartsu eta lehiakorrari esker" emaitza onak lortu direla esan du Urkulluk. "Ekosistema hori elkarrekin eraikitzen jarraitu behar dugu. Hazten jarraitzeko bidea hori da", gehitu du.

Legebiltzarreko taldeen jarrera eskertu du lehendakariak, baita EAEko gainerako erakundeena ere. Ezberdintasunak badirela aitortuta, elkarrizketa eta elkarlana posible izan direla nabarmendu du. "Emaitzak agerikoak dira. Hori da garrantzitsua", esan du.

Urkullu: "Estatuak txikiegiak gara munta handiko arazoei aurre egiteko, eta handiegiak tokian tokiko arazoak konpontzeko. Horren aurrean hauxe da gakoa: tokian-tokian jardutea"

Eztabaida hiru zatitan banatuko duela esan du Urkulluk: hiru krisi globalak, lehentasunak eta neurriak, eta autogobernua.

Covid-19aren pandemiak utzitako biktimak gogoratuz hasi du hitzaldia Urkulluk, eta osasun alorreko langileen lana txalotu du.

Legebiltzarkideek euren tokia hartuta, abiatu da Politika Orokorrari buruzko Eztabaida, Eusko Legebiltzarren. Iñigo Urkullu lehendakariak hartuko du hitza lehendabizi. Jarraitu saio osoa eitb.eus atarian.

EH Bilduko ordezkaritza ere, Legebiltzarrean da, jada.

Andoni Ortuzar, Itxaso Atutxa edota Juan Maria Aburto, EAJko ordezkariak, Legebiltzarrera iritsi diren unea:

Oposizioko talde nagusiek ere, herri itunak jarriko dituzte erdigunean. Krisi ekonomiko eta energetikoari aurre egiteko akordio zabalak ezinbestekoak direla nabarmenduko dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Bere aldetik, PPk akordioez hitz egin ez badu ere, elkarlanerako borondatea agertuko duela aurreratu du.

Lehendakaritzak Iñigo Urkulluren gauko hitzaldiaren ildo nagusiak aurreratu zituen joan asteartean. Legealdiaren erdia igaro den honetan, orain arte egindakoak, eta, batez ere, egungo erronkak izango ditu hizpide Urkulluk.  Euskadi "zaera globaleko hiru krisiren" —krisi ekonomikoa, osasun krisia eta Errusiaren inbasioak eragindakoa— eraginpean dagoela nabarmendu, eta horiei guztiei "lankidetzan oinarritutako gobernantza" batekin erantzun behar zaiela esango du.

Iñigo Urkullu

Eusko Legebiltzarreko lanurte berria abian jarriko duen Politika Orokorreko Eztabaida saioa izango da gaurko arreta gune nagusia EITB taldeko hedabideentzat. Osoko Bilkura osorik eta zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en. Halaber, EITBko albistegi zerbitzuek jarraipen berezia egingo diote hitzorduari.