Zuzenean
EITB Media
- Goizean, ordubete pasatxoko hitzaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak "autogobernu estatus berri baterako akordioa" eskatu du, eta konpromiso zehatzak eta inbertsioak iragarri ditu zerbitzu publikoak hobetzeko.
- Giro politiko zehatzean heldu da saioa. Madrilen martxan dira Espainiako Gobernuaren inbestidura saiorako negoziazioak, eta EAEn, argitzeko dago hauteskunde autonomikoen data.
- Legegintzaldi honetako azken politika orokorreko saioa da honakoa.
Gogoratu streaming bidez jarrai dezakezula Legebiltzarreko saioa.
Osakidetzaren "pribatizazioa" salatzean daturik eman ez izana leporatu die lehendakariak taldeei.
Urkullu alderdiei erantzuten ari da jada.
Euskara hutsean egin duen agerraldian, fiskalitatearen arloan epe motzeko eta epe luzeko neurriak aztertu behar direla nabarmendu du Egibarrek.
Joseba Egibar EH Bilduri: "Zein da zuen eredua? Ez da proiektua, asmoa baizik".
"Garbi eduki behar dugu gure ongizate maila mantentzeko gure sektore publikoaren dimentsioan asmatu egin behar dugula", erantsi du Egibarrek.
Joseba Egibar EAJren bozeramaileak lehendakariak autogobernuari buruz izandako hitzak izan ditu hizpide. "Argitasuna eta ziurtasuna eskaintzen du autogobernu alorrean", esan du.
Espainiarekiko erlazioa beste era batekoa izan behar dela gaineratu du.
"EH Bildu prest dago auzolanerako", erantsi du Kortajarenak. "Hemen ez dago konspiraziorik, baizik eta anbizioa duen alderdi bat", ohartarazi du.
"EH Bilduren eskua luzatuta dago akordio zabal bat erdiesteko", nabarmendu du Kortajarenak. "Bide hau denon artean egin behar dugu. Gonbitea luzatzen dizugu", esan dio Urkulluri.
"Zure ekimen falta kezkaz bizitzen ari gara EH Bildun", adierazi dio Kortajarenak lehendakariari. "EH Bilduk akordioetara iristeko gaitasuna erakutsi du. Badago gauzak egiteko beste modu bat", azpimarratu du. "Herri honek diagnostiko zehatza behar du. Jauzi bat emateko ordua da", erantsi du.
Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak hitza hartu eta "enpleguaren prekarizazioa nabarmena" dela salatu du. Bestalde, "berdintasunak toki gutxi izan du zure hitzaldian", esan dio lehendakariari.
"Sozialistok egonkortasun politikoaren bermea gara", amaitu du Anduezak.
"Indarrean dauden mekanismoak landu behar ditugu autogobernu alorrean", gaineratu du Anduezak, baina "transferentzia batzuen konplexutasunak" prozesua moteldu duela onartu du. "Autogobernua ez dago arriskuan", nabarmendu du.
"Osasun alorrean sistema publikoa indartu behar dugu; egiteko asko geratzen da", onartu du Anduezak.
PSE-EEko idazkari nagusiaren ahotan, "Euskadik ilusioz, itxaropenez eta anbizioz erantzun behar dio etorkizunari".
"Etxebizitza legearen inguruan ezin da egina ezkutatu", aurpegiratu du Anduezak.
"Gaur Euskadik enplegu gehiago eta hobea du", azpimarratu du ordezkari sozialistak.
Eneko Andueza PSE-EEko bozeramailearen hitzetan, "Euskadik oso ondo daki zer nahi duen. Espainian Gobernu sozialista nahi du. Eta Euskadin, adostasuna bilatuko duena".
"Herritarrek argi hitz egin dute: politiken norabidea aldatu beharra dago", erantsi du Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak.
"Grazia egiten dit prentsan irakurtzeak Elkarrekin Podemos-IU hezkuntza itunetik alde egin duela. Ez da horrela. Egia esan, Eusko Jaurlaritza da zaldia bota eta, hezkuntza lege berriarekin, Pecos ibaia zeharkatu duena ", esan du Gorrotxategik.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea adierazi duenez, "beharrezkoa da berrindustrializazio prozesua abian jartzea".
"Sanchezekin egin dituen burdinazko itunak euskal gizartearen interesen aurkako ekintzak izan dira", kritikatu du Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak. "Truke bat egon da Sanchezekin, eta Moncloako tiradera batean amaitzen da. Abiadura Handiko Trena (AHT) bezala. Euskadiko historiako inbertsiorik handiena. 1988an eztabaidatu zen. Duela 35 urte ", gaineratu du.
Vox alderdiko legebiltzarkidea bigarrena izan da arratsaldeko saioa hitza hartzen. Gizartearen arazoak "alde batera uztea" egotzi dio Amaia Martinezek Iñigo Urkullu lehendakariari. "Zure ustez herritarren arazorik handiena autogobernu falta da", leporatu dio. "Euskadi Espainiatik modu sutilean ateratzeko proiektu erradikala" dagoela uste du.
Jose Manuel Gil Ciudadanos alderdiko bozeramaileak adierazi duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldi "ukatzailea eta triunfalista" egin du. Era berean, nazionalismoari egotzi dizkio Euskadik ekonomian dituen arazoak, eta "errentetatik bizitzea" egotzi du. "Zubiak luzatzearen" alde egin du eta "beste Euskadi bt posible dela uste du".
Ordubete barru ekingo diote berriro saioari. Txikitik handira parte hartuko dute, 30 minutuko tartean. Talde mistoko denbora bitan banatuko da: aurrena Ciudadanoseko legebiltzarkideak hartuko du hitza (15 minutu) eta Voxekoak ondoren (15 minutu).
Lehendakariak denbora muga gabe erantzun ahalko die; taldeek 10 minutu dituzte berriz ihardesteko.
Amaia Martinez (Vox) legebiltzarkidearen ustez, Urkullu "autokonplazentziaz" aritu da eta "hauteskunde kanpainiari hasiera eman dio" gaurko hitzaldiarekin. Iragarri duenez, kanpainan EAJ eta EH Bildu "liskar betean" egongo dira, batez ere autogobernuaren alorrean.
Amaia Martinez, prentsa aretoan. EITB Media
Politika orokorreko saioak duen ikusgarritasuna jakitun, Eusko Irratiko eta Ertzaintzako langileek euren aldarrikapenak eraman dituzte Legebiltzarrera:
Legebiltzarraren atarian egin dute bilkura. Argazkia: EITB Media
Politika orokorreko eztabaida, argazkitan:
PSE-EE alderdiko legebiltzarkide Alberto Alonsok positibotzat jo ditu lehendakariaren hitzak "Egun On Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketa batean. Enpleguaren legea onartzea beharrezkoa dela eta aurrera aterako denaren uste osoa duela ere esan du.
Autogobernuari buruz egindako planteamenduaren harira, bestalde, argi utzi du lehentasunak beste batzuk direla, eta hiritarren eskubideak aurrera eramatea dela erronka nagusia.
Gerora, prentsa aretoan azpimarratu duenez, "ez da ibilbide orria aldatzeko unea".
Alonso, 'Egun On Euskadi'ren galderei erantzuten. EITB
Ciudadanoseko (Cs) Euskadiko ordezkari Jose Manuel Gilek lehendakariaren hitzaldia "elektoralista, triunfalista eta ukatzailea" iruditu zaiola adierazi du. Gaineratu duenez, "lehendakari nekatuta ikusten du, hankak arrastaka dituela, Euskadik berrikuntza, dinamismoa eta erabateko aldaketa behar dituenean".
Gil, Legebiltzarreko aretoan. EITB
Laura Garridok (PP) adierazi du autokonplazentzian eroso ikusi duela lehendakaria; horrela, beharrezkoak diren konponbideak martxan jarri ez direla azpimarratu du.
Garridoren esanetan, Jaurlaritzak ez du plangintza zehatzik biztanleon arazoei erantzuteko: "Biztanleon arazoak hortxe daude, ezin dute itxaron", esan du.
Garrido, 'Egun On Euskadi'n. EITB
Lehendakariari proposamen zehatzak falta izan zaizkiola iritzi dio Elkarrekin Podemos-IUk Legebiltzarrean duen bozeramaile Miren Gorrotxategik. "Lehen 30 minutuak autokonplazentziarako eman ditu, eta lau minutu soilik gorde ditu hobekuntza esparruei buruz hitz egiteko. Horietan, gainera, arrazoia eman digu", nabarmendu du.
Miren Gorrotxategi 'Egun On Euskadi'n. EITB
Autogobernuaren harira, Joseba Egibarrek (EAJ) errealitate nazionalaren aitortza gauzatzeko beharra defendatu du, eta, beraz, "harreman berri bat sortu behar dela, errespetutik". Horren harira, "bai Euskadiko, bai Kataluniako arazo politikoari heldu behar zaiola" erantzun die sozialistei.
Bestalde, zerbitzu publikoen aldeko apustuari eusteko beharra azpimarratu du Egibarrek, eta horretarako baliabideak behar direla esan du.
Egibar, 'Egun On Euskadin'. EITB
Lehen balorazio batean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "anbizio falta" ikusi du Urkulluren hitzaldian. "Osakidetzako itxaron zerrendak konpontzeko neurriak hartu behar direla esan du lehendakariak, eta hori legea aplikatzea besterik ez da. Zortzi urtean egingo duen inbertsioa hartu du berbagai, eta arazoa gaur dago. Autokritika gutxi ikusten dugu hor", adierazi du
Hezkuntzan, garraioan zein beste hainbat arlotan dauden arazoen aurrean, "Gobernu agortu bat, irudimenik gabekoa eta anbizio gutxikoa" ikusten du Otegik.
Otegi, Egun On Euskadi saioan. EITB
Taldeen txanda arratsaldean izango da, baina ordezkariak ari dira Urkulluren hitzaldiaren balorazioak egiten.
Hitzaldia 10:48an bukatu du lehendakariak. Aurrez, Legebiltzarrak hezkuntza lege berria onartuko duela ziurtzat eman du, eta talde parlamentarioek "aukera historikoa" dutela azpimarratu. Etxebizitza alorrean, inbertsioak iragarri ditu: 90 milioi euro alokairu sozialerako, edota 60 milioi, etxebizitzak berrizteko (Next funtsen laguntzetatik kanpo geratu diren horientzat).
Legebiltzarra goitik ikusita. EFE
Osasun arloan hainbat konpromiso hartu ditu lehendakariak. Sei hilabeteren buruan, kirurgiak egiteko itxaron zerrenda 65 egunekoa izatea, gaixo onkologikoen itxaron zerrenda 30 egunera jaistea, eta bihotzeko ebakuntzak 90 egunekoa izatea itxaron zerrenda.
Lehendakariaren aburuz, "Estatuaren aniztasuna errealitate bat da: hizkuntza ezberdinak, tradizio forala edo euskal eskubide zibila, finantzazio sistema ezberdinak edo Estatuaren eta erkidegoen arteko mekanismo ezberdinak".
Horren ildoan, galdera egin du: "Zergatik egon behar du Estatu batean nazio bakarra? Ikuspegi baztertzailea da. Nahikoa izango litzateke nazioak aitortzea, hizkuntza, kultura edo historia ez ezik, euren burua hala ikusten duten gehiengo bat ere egotea".
Autogobernua hizpide, balorazio "gazi-gozoa" egin du. Hiru ardatzeko bidaia orria proposatu du: aldebiko batzordeari benetako funtzionalitatea ematea, autogobernuaren estatu berrirako akordioak bilatzea, eta nazio aniztasuna aitortzeko konbentzio konstituzionala eratzea.
Gure hizkuntza hartu du ahotan lehendakariak: "Euskara jaso dugun edo ikasi dugun askok sentitzen dugu euskararen katearen begi bat garela. Euskara jaso edo gureganatu dugu eta sentitzen dugu euskara hurrengo belaunaldien buru-bihotzetan bizirik mantentzeko ardura daukagula. Eta arduraz eta kezkaz bizi dugu egoera hori".
2040rako desio duen Euskadi deskribatu du lehendakariak: EBren baitan biztanleko errenta altuena duten 30 eskualdeen artean egotea; pobrezia tasa txikiena duten eskualdeen artean kokatzea, edo berrikuntza aitzindari izatea Europan. Langabezia tasa % 6tik behera nahiko luke Urkulluk.
Iragarri duenez, Nazio Batuen koalizio Lokalaren 2030 egoitza EAEn zabalduko da.
Auzolana, gizarte kohesioa eta gardentasunaren printzipioak aldarrikatu ditu Urkulluk.
Autokritika eginda ere, lehendakaria ez dator bat Euskadiri buruzko "balantze katastrofista edo hirugarren munduko batekin".
Autokritika egin eta, hobetzeko hiru eremu aipatu ditu lehendakariak: Osakidetzako Lehen Arretaren zerbitzua indartzea, erronka demografikoari erantzuna ematea eta gazteriaren beharrei erantzun, eta energia berriztagarrien trantzisioan pausoak ematea.
Legebiltzarreko taldeei "akordioak lortzeko izandako jarrera" aitortu eta eskertu die lehendakariak. Izan ere, legegintzaldi honetan onartutako legeen % 67 oposizioaren babesarekin atera dituzte aurrera.
Bost ardatz hartu ditu ahotan lehendakariak: nazioarteko segurtasunerako mehatxuak, klima eta energia larrialdiak, demografia eta migrazio krisia, eta EBren baitako oreka eta batasuna.
Lehendakariak hiru zatitan banatu du hitzaldia: eraldaketa ekonomiko, sozial eta politikoak nazioarte mailan aztertzea; Eusko Jaurlaritzaren konpromisoen balantzea eta Euskadiren etorkizuneko ikuspegia.
Era berean, gogoan izan du Zaldibarko zabortegiaren amiltzea, eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren heriotzak. Pandemiak eragindako biktimekin ere izan du akordua.
Lehendakariak atzera egin du, eta ETAren terrorismoaren amaiera eta 2008ko krisi ekonomikoa izan ditu gogoan.
Iñigo Urkullu. EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du hitza.
Lehendakaria 09:15 pasatxo heldu da Legebiltzarrera, ezker-eskuin, Idoia Mendia lehendakariordea eta Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua zituela.
Lehendakariaren iritsiera. EITB Media
Legebiltzarkideez gain, agintari andanak jarraituko du eztabaida bertatik bertara, gonbidatuen palkotik.
Han izango dira hiru lurraldeetako ahaldun nagusiak, foru ganberetako presidenteak, edota Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Gainera, alderdi politikoetako ordezkariak ere bertaratzekoak dira (Andoni Ortuzar-EAJ, Arnaldo Otegi-EH Bildu, Mikel Torres-PSE-EE, Pilar Garrido-Elkarrekin Podemos, Iñaki Oyarzabal-PP),
Hain justu, Legebiltzarraren atarian elkarretaratzea egiten ari dira Ertzaintzaren sindikatuak, euren lan hitzarmenaren negoziazioaren alde eta "inposizioaren kontra".
Elkarretaratzea Legebiltzar atarian egiten ari dira. EITB Media
Ordu erdi baino ez da geratzen saioa hasteko. Iritsi dira legebiltzarkide batzuk, baita, besteak beste, Josu Erkoreka Segurtasun sailburua ere.
Politika orokorreko 9. eztabaida izango da lehendakariarentzat. Oraingo honetan EAEko hauteskundeen data airean dagoela egingo dute saioa. Izan ere, Urkulluk ez du argitu Europako bozkekin batera, hots, ekainaren 9an, egiteko deituko ote dituen.
Saioa lehendakariaren hitzaldiarekin abiatuko da. Astelehenean aurreratu zituen Urkulluk agerraldiaren ildo nagusiak.
Lehendakaria, iazko eztabaidan. EFE
Eusko Legebiltzarrak legealdi honetako politika orokorreko azken eztabaida hartuko du. Ordubete eskas barru hasiko da saioa.