Jarraipen berezia
Mikel Dominguez | Luzia Zugadi Lasa | EITB Media
-09:00etan hasiko da bigarren saioa, asteazkenean hitz egin ez duten taldeen diskurtsoekin: EH Bildu, EAJ eta Talde Mistoa (BNG, Coalición Canaria eta UPN, 30 minutuko tartea banatuko dute) eta PSOE.
-PSOEko buruak amnistiaren alde egin du "Espainiaren izenean" eta "adiskidetasunaren defentsan". Hainbat neurri proposatu ditu legealdi berrirako, eta esan du bere koalizio Gobernua dela eskuin muturraren kontrako "harresi bakarra".
-Eitb.eus-ek arratsaldeko saio osoa emango du zuzenean.
Noguerasen hitzaldiarekin, amaitu da Sanchezen inbestiduraren lehendabiziko saioa. Bihar, Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak emango dio hasiera saioari 09:00etan, eta atzetik, Aitor Esteban EAJko ordezkariaren txanda izango da. Ezustekorik ezean, lehen bozketan inbestituko dute bihar presidente Pedro Sanchez PSOEko hautagaia, aldeko 179 botorekin.
"Adostutako gaiak" bete ezean, Juntsek ohartarazi du ez duela Espainiako Gobernuaren ekimenik babestuko. "Hasieratik esaten dizut. Garaiz zaudete oraindik", esan du Noguerasek.
PSOEk "Katalunian ezarritako 155 artikulua" babestu zuela, eta alderdi bera izaten jarraitzen duela izaten nabarmendu du Juntseko eledunak.
Legealdia abiatzea "bermatu" badu ere, "akordioz akordio" negoziatu beharko duela azaldu dio Noguerasek PSOEko hautagaiari.
Juntsekin "jolasean" ez ibiltzeko eskatu dio Noguerasek Sanchezi. Akordioa jasota dagoena betetzeko eta errespetatzeko eskatu dio. "Orain duzu aukera niri erantzun eta zer egiteko asmoa duzun azaltzeko", esan dio.
Juntsen eledunak hartu du hitza. Miriam Nogueras Sanchezi zuzendu zaio, hitz egiten hasi orduko: "Zure hitzaldia ez da hitzaldi ausart bat izan"
Juntsi bideratutako hainbat kritikekin amaitu du Rufianek bere hitzaldia. Besteak beste, "estrategia aldatzea" leporatu dio. Izenpetutako akordioak betetzea "txio bat" aireratzea baino "zailagoa" izango dela ohartarazi dio Puigdemonten alderdiari.
Juntsi ez zaio Pedro Sanchezen hitzaldia gustatu, eta hautagai sozialistak Kataluniako alderdiaren botoak behar ditu. Miriam Nogueras bozeramailea Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariarekin bildu da, bere "ezinegona" adierazteko.
Rufianen ustez, independentistek "gaitasuna" erakutsi dute hautagai sozialista "behartzeko, errepresioa amaitzera gaur eta bihar, agian, erreferendum batean bozkatzera".
Voxeko diputatuak ez daude Kongresuan. Abascalek hitz egin ostean, Ganbaratik joan dira eta kanpoko protestekin bat egin dute.
"Beti errepikatzen da gauza bera eskuinak galtzen duenean: gerra judiziala, fatxak kalean eta gezurrak telebistan", esan du ERCko bozeramaileak.
Gabriel Rufianek (ERC) hitzaldia hasi du eskuinari gogoraraziz askotan esan dutela "Espainia hautsi dela". "Espainia orain hautsi egin da amnistiagatik, eta agian Girona (Espainiako futbol ligan) lehenengo doalako", esan du. "Hautsi den gauza bakarra Barcenasen disko gogorrak dira, 35 aldiz, eta Espainiako eskuina bi aldiz", gaineratu du.
Yolanda Diazek PPri, Gobernuan egon zenean, Konstituzioa "bortxatzea" leporatu dio, eta Santiago Abascali erantzun dio diktadura batean ez zirela Kongresuan eserita egongo, "kartzelan" baizik. "Utzi fribolizatzeari gure herrialdean gertatzen ari denarekin", esan du.
Yolanda Diaz (Sumar). Argazkia: EFE
Yolanda Diaz Sumarreko buruak bere koalizioaren koherentzia defendatu du amnistiaren inguruan, eta berriro gobernu "aurrerakoi eta berde" bat izango dela gehitu du.
Abascalen hitzaldiaren ostean, Patxi Lopez PSOEko bozeramailea "Estatu kolpearen" erreferentzia kentzearen alde agertu da. Ziurtatu du sozialistek beti salatu dituztela diktadura guztiak eta kolpistak. Armengolek, azkenean, Voxeko liderraren hitzak kendu ditu.
Abascalek Feijoori eskatu dio Senatuan duen gehiengo osoa erabiltzeko, amnistiaren legea izapidetu ez dadin, eta Juntsen eta ERCren ilegalizazioaren alde bozkatzeko.
Santiago Abascal (Vox). Argazkia: EFE
Abascalek behin baino gehiagotan esan du Sanchezek Estatu kolpea eman duela, inbestidurarako talde independentistekin egindako itunaren harira. Armengol Kongresuko presidenteak erretiratzeko eskatu dio, edo, bestela, berak hitzak saioaren erregistrotik kenduko dituela. Voxeko buruzagiak ez ditu erretiratu, eta bere ideia berretsi du.
Honakoa izan da Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen erreakzioa.
Santiago Abascal Voxeko buruak esan du Sanchezen inbestidura estatu kolpea, "demokraziaren amaiera eta Zuzenbide Estatuaren abolizioa" esan du.
Feijook Sanchezi esan dio, Voxen botoak behar izan balitu, sozialistak esango lukeela "Abascal jauna aurrerakoia dela".
Alberto Nuñez Feijoo (PP). Argazkia: EFE
Sanchezek horrela bukatu du Feijoori egin dion erantzuna: "Espainia ez da apurtuko ezta hondoratuko ere, eta Konstituzioa ez da hautsiko".
Hautagai sozialistak hauteskundeen emaitza ez onartzea eta "gezurrezko moderatu" bat izatea leporatu dio buruzagi popularrari, ultraeskuinera gehien hurbildu den eskuineko buruzagia izan delako.
Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Sanchezek PPko buruari leporatu dio "gehiengoarentzat proiektu politiko positiborik ez izatea", sozialistaren proposamenen inguruan hitz egin ez duelako.
Alberto Nuñez Feijook 40 minutuz hitz egin du, aurreikusitakoa baino hamar gehiago, eta Francina Armengol Kongresuko presidenteak eskatuta amaitu du hitzaldia.
EAJri ere zuzendu zaio Feijoo, eta ohartarazi dio Sanchezi "eskuinak ez gobernatzeko" ematen dioten babesa baliagarria izango zaiela sozialistei "Otegi lehendakari egiteko", hautagai jeltzalearen kaltetan. "Gaur eta beti, Euskadi aipatuko dut nire diskurtsoetan, ez Sanchezek bezala, Euskadi eta gainerako autonomia-erkidegoak gutxietsi baititu", esan du.
Feijook etorkizuneko aministia legean eta PSOEk Kataluniako independentistakin hitzartutakoan oinarritu du ia bere diskurtso osoa, baina EH Bilduren babesa ere kritikatu du: "Benetan uste dugu Bilduren botoa ezerezen truke izan dela? Zein da Otegi jaunarekin egindako itun kaputxaduna, Nafarroako foru gobernua eta udalen gobernua trukatzeaz gain?"
Alberto Nuñez Feijoo (PP). Argazkia: EFE
Bere hitzaldian, Feijook koherentziarik eza eta jarrera bere interesen arabera aldatzea leporatu dio hautagai sozialistari. "Pedro Sanchezek dio demokraziaren eta Espainiaren izenean hitz egiten duela, baina duela hiru hilabeteko Pedro Sanchezen izenean ere ezin du hitz egin", esan du.
Sanchezen inbestidura ez zela "bozkatu", eta haur egun hautestontzietan ez zela berretsiko ziurtatu du Feijook. "Inbestidura hau iruzur batetik sortu da", esan du buruzagi popularrak, eta talde independentisten babesa "erosi" izana leporatu dio Sanchezi. "Independentismoaren jateko gogoa Sanchezen botere gosearekin elkartu da", esan du.
PPko buruak inbestidura saioan ezezko botoa emango duela iragarri du: ez amnistiari, separatismoaren biktimak ezabatzeari, Errusiaren esku-sartzeari, Bilduri, gutxi batzuek erabakitzeari... Azkenik, Pedro Sanchezi ezetz bozkatzeko deia egin du, "herritar aske eta berdinen nazioari baietz esateko".
Alberto Nuñez Feijoo PPko liderrak bere hitzaldia hasi du. Arratsaldeko saioaren lehenengoa da.
Kataluniako buruzagi independentisten amnistiaren alde egin du Sanchezek, "Espainiaren edota berorren interesaren izenean", baita "espainiarren adiskidetasunaren defentsan" ere.
"Ez da 78ko Konstituzioaren aurkako eraso bat; kontrakoa, horren indarraren eta iraunaldiaren erakusgarri da", erantsi du.
Kataluniako gatazkaren aurrean, bi aukera daudela ere esan du: "inposaketa eta ernegazioa" —PPri zeharkako aipamena eginez— ala "elkarrizketa, barkamena eta ulermena".
Sanchez: "PPrekin eta Voxekin dugun arazoa ez da amnistia, hauteskundeetako emaitzak onartu ez dituztela baizik"
Sanchezek defendatu du datozen lau urteetarako proposatzen duen koalizio Gobernua dela Espainiako eskuin muturrari aurre egingo dion "harresi bakarra".
Hartara, bi aukera hauen artean hautatu beharraz ohartarazi du: "Batzuek emakumeen ahalduntzea defendatzen dugu; beste batzuek, aldiz, sukaldean gatibatuta nahi dituzte, alegia, aurrera egin nahi dugunon edo gorrotoa zabaldu nahi dutenen artean aukeratu behar da".
Eskubide kulturaren legea onartuko dute legealdi berrian. Buruzagi sozialistaren esanetan, pertsona eta lurralde guztiek "kulturara sarbidea izatea" bilatuko du horrek. Halaber, hitzeman du kulturari eta sormen artistikoari garrantzi handiagoa emango diotela eskola eta institutuetan.
Konpromisoen artean, nabarmendu du osasun mentalarekin lotutako plan bat bultzatuko duela, zentro publikoetan psikologo eta psikiatra gehiago egoteko, eta herritar guztiei laguntza bermatzeko.
Elikagaien BEZaren beherapena 2024ko ekainera arte egongo da indarrean, Sanchezen hitzetan. Bestalde, 38.000 eurora igoko du hipotekarako laguntzak jasotzeko gutxieneko soldata, eta urtarrilaren 1etik aurrera doakotasuna ezarriko du garraio publikoan gazteentzat eta langabeentzat.
Sanchezek salatu du dagoeneko ari garela PPren eta Voxen arteko itun "bidegabeen" ondorioak pairatzen, eta deitoratu Alberto Nuñez Feijook eskuin muturra "zuritu" izana, boterera iritsi ahal izateko.
Sanchez: "Demokraziak segurtasuna bermatzen ez badu, beldurra zabalduko da gizartean, eta horrek proposamen politikoak elikatuko dituen amorrua izango du ardatz".
Sanchezek hitzeman du gogor egingo duela lan Espainiak eta Europak Palestina Estatu gisa aitor dezaten.
Berbaldia hasi eta batera, Sanchezek nabarmendu du Gobernu itunen aurka PPk eta Voxek bultzatutako protesta "baketsuak" errespetatzen dituela.
Pedro Sanchez
12:00ak jota hasi da inbestidura saioa, Kongresuan. Espainiako Erregeak egindako Presidentetza proposamenaren irakurketarekin hasi dute saioa. Beteta dago hemizikloa, talde guztietako senatariak eta diputatuak daude.
Diputatuen Kongresua
Espainiako Gobernuak prestatutako amnistia legearen testua heldu da Bruselara, eta hala, horren inguruan mintzatzeko prest azaldu da Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioa. Bilera "ahal bezain laster" egingo dutela nabarmendu du, baina ez dio datarik jarri. Izan ere, atzo jaso zuten lege proposamenaren idatzia, eta hura juridikoki aztertzen hasi dira.
Didier Reynders eta Felix Bolaños
Inbestidura saioa, urratsez urrats: Sanchezen diskurtsoa, hitzaldien ordena (PP, Vox, Sumar, ERC, Junts, EH Bildu, EAJ, Talde Mistoa eta PSOE) eta lehen bozketa.
Kongresua 1.600 poliziarekin blindatuta geratu da Sanchezen inbestidurarako. Gainera, goizean goizetik segurtasun dispositibo garrantzitsu bat zabaldu dute Ferrazen eta inguruetan, PSOEren egoitzaren aurkako balizko erasoak geldiarazteko.
Segurtasun dispositibo garrantzitsua Kongresuan eta Ferrazen
Presidentetzarako bidea irekiko du gaur Sanchezek, 179 botoko bermearekin, eta asaldura politiko betean. Sanchezek berak emango dio hasiera gaurko saioari, 12:00etan, eta, aurreikusitakoaren arabera, luze joko du haren berbaldiak, ez baitu denbora mugarik izango. Gainerako taldeek handienetik hasita hartuko dute hitza, eta ostegunean egingo dute bozketa.
Espainiako presidente Pedro Sanchez