Cargando...

Zuzenean

A21

EAJ indar bozkatuena izan da, EH Bilduk baino ia 29.000 boto gehiago jasota

- Euzko Alderdi Jeltzaleak eta Euskal Herria Bilduk 27na eserleku lortu dituzte, jeltzaleak aurretik egonda botoetan.

- PSE-EE hirugarren indarra da, 12 eserlekurekin.

- PPk 7 eserleku lortu ditu.

- Sumarrek eta Voxek eserleku bana eskuratu dute.

- Parte-hartzea % 62,61koa izan da, 2020an baino ia 12 puntu handiagoa.

Actualizar

%90tik gora zenbatuta:

EAJ: 27

EH Bildu: 27

PSE-EE: 12

PP: 7

Sumar: 1

Vox: 1

Hau da eserlekuen banaketa botoen % 44 zenbatuta:

 

EAJ: 28
EH Bildu: 28
PSE-EE: 11
PP: 7
Vox: 1

Parte-hartzea % 62,55 izan da.

Hona hemen eserlekuen banaketa botoen % 24 zenbatuta:

EH Bildu: 29

EAJ: 28

PSE-EE: 11

PP: 6

Vox: 1

Oihana Etxebarrieta EH Bilduko hautagaiak lehen balorazio bat egin du, pozik, jarraitzaileen txalo artean. Esan duenez, koalizioak eztabaidaren maila igo du kanpainan zehar, herritarren kezkei buruz hitz eginda.

Andeka Larrea Sumarren Gipuzkoako zerrendaburuak lehen balorazio bat egin du. "Sentsazio onekin" eta "zentzu guztietan irekita dagoen agertoki batean" ekiten diote gauari. Esan duenez, "zenbatzen den azken botoa izango da garrantzitsua".

Lehen emaitzak 21:00etatik aurrera izatea aurreikusten da, eta 22:30etarako boto guztiak zenbatuta egotea.

Gizakerrek EITBrentzat egindako inkestaren arabera, tentsio handiko zenbaketa egongo da hurrengo orduan, 26 eta 28 eserleku artean lortuko baitituzte EAJk zein EH Bilduk, jeltzaleak bozkatuenak izanda.

EITBren inkesta.

11 ordu irekita egon ondoren, itxi dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko hauteslekuak. Hasi da boto zenbaketa.

Botoak zenbatzen EAEko hauteslekuetan.

18:00etako parte-hartzearen datu erreala, hauteslekuak ixteko bi ordu geratzen zirenekoa, 2020ko behin betiko datua (% 50,7) baino altuagoa da.

Segurtasun Sailak udalerrietako parte-hartzea ere eman du. 18:00etan portzentajerik handiena izan duen hiribirua Donostia da: % 51,5. Bilbon % 50,3koa izan da, eta Gasteizen, % 47,8.

18:00etako parte-hartzea.

Lurraldeka, parte-hartzerik handiena 18:00etan Bizkaian izan da: % 51,9. Gipuzkoan, % 50,7k bozkatu dute, eta Araban, 48,7k.

18:00etako parte-hartzea % 51 izan da.

2020an, 17:00etako parte-hartzea % 36 izan zen. Gaur jakinarazitako datu errealarekin ezin da alderatu, ordubete lehenagokoa baita.

Itsu dauden edo ikusmen-urritasuna duten 66 pertsonak eman behar dute botoa gaur, braille kitari esker. Nola erabiltzen da?

Bozkatzeko arratsaldea aukeratzen dutenek oraindik ordu eta erdi pasatxo dute, 20:00ak arte. Goizean nahiago dutenen artean, antza, adinekoak eta mojak daude.

Hiriburuei erreparatuta, Donostiako parte-hartzea % 29,5 izan da, Bilbokoa % 25,7 eta Gasteizkoa % 25,3.

Lurraldeka, Gipuzkoan izan da parte-hartzerik handiena 13:00etan: % 30. Bizkaian % 27,4k eman du botoa, eta Araban % 25,9koa izan da.

13:00etako parte-hartzea.

13:00etarako, % 28k bozkatu du EAE osoan.

Ezin da aurtengo parte-hartzearen aurrerapena 2020ko datuarekin alderatu, orduan 12:00etako kopurua jakinarazi baitzen (aurten baino ordubete lehenago). Gainera, posta bidezko botoaren portzentajea ohi baino altuagoa izan zen, pandemiaren eraginez. Momentu horretan % 14,14 izan zen.

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak esan du hauteskundeotatik ateratzen den Eusko Jaurlaritzak erronka handiak izango dituela. Horregatik, parte hartzeko eta "ongi aukeratzeko" deia egin die herritarrei.

Abanto-Zierbenako (Bizkaia) ikastetxe batean botoa eman ostean azpimarratu duenez, "berebiziko" garrantzia dute hauteskundeek, eta EAJren eredua defendatzeaz gain, baikor agertu da jeltzaleek lortuko dituzten emaitzen inguruan.

"Sentsazio onak ditugu", esan du Ortuzarrek, "gakoa" partehartzean dagoela gaineratu aurretik.

Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos) gazteengan jarri du azpimarra, eta esan du "datozen urteetarako Euskadi" dagoela jokoan.

Durangoko Zabalarra ikastetxean botoa eman ostean azaldu duenez, gaurko egunean "denok gara berdinak, goikoak eta behekoak, gazteenak eta zaharrenak, boto guztiek balio dute berdin".

Horren harira, Gorrotxategik botoa ematera animatu ditu herritarrak, "ez dadin izan bestea zugatik erabakitzen duena, zeren zu zara gobernuarekin zer egin nahi duen erabakitzen duena".

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea Abanto-Zierbenan (Bizkaia) botoa ematen.

Ortuzar, Abanto-Zierbenan. Argazkia: EFE

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaia, Durangon botoa ematen.

Gorrotxategi, Durangon. Argazkia: EFE

Eneko Andueza PSE-EEren lehendakarigaiak esan du "guztion ardura" dela "etorkizuna kolektiboki" erabakitzea. Horregatik, parte hartzeko deia egin du, eta espero du emaitzak Euskadiren "aniztasuna" islatzea.

Hautagai sozialistak Portugaleteko (Bizkaia) Maestro Zubeldia eskolan bozkatu du, eta Euskadik aurrera egin dezan "guztion artean eraikitzen jarraitzea" eskatu du.

"Guztiontzat onena dena kontuan izanda" bozkatzeko deia egin die herritarrei: "PSE-EE beti dago hemengo herritarren bizi kalitatea hobetzen laguntzeko prest".

Andueza, Portugaleten. Argazkia: EITB

Hauteskunde eguneko bitxikerietan: botoa ematera oinutsik joan dena, Otxandianori NANa erakustea ahaztu zaio, Gorrotxategi ez zen erroldan agertzen, Garciak etxean utzi du boto-papera...

20:00etan izango den hauteslekuen itxierari begira, alderdiek jada erabaki dute non jarraituko duten boto zenbaketa, 21:00etatik aurrera publiko egingo dena, eta EAJk, ohikoa den legez, Bilboko Sabin Etxean elkartuko ditu bere ordezkariak emaitzen zain.

EH Bilduk ere Bilbon egingo du zenbaketaren jarraipena. Zabalguneko merkatuan egingo du ekitaldia, jeltzaleen egoitzatik 300 bat metrora.

Handik gertu ibiliko da PSE-EE ere. Sozialistek beti aukeratzen dute Bilbo hauteskundeen jarraipena egiteko, eta aurten Bizkaia Aretoan elkartuko dira.

Bien bitartean, Elkarrekin Podemosek Itsas Museoan elkartuko ditu jarraitzaileak, eta Sumarrek hiriko hotel ezagun batean.

PPk eta Voxek, berriz, Gasteiz aukeratu dute hauteskunde gaueko ekitaldia egiteko, eta ez da kasualitatea, haien lehendakarigaiak bertakoak baitira.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak ziurtatu du "egun borobila" izango dela "ezkerreko independentistentzat", hautetsontziek baieztatu egingo dutelako aukera politiko horren "goranzko joera egiturazkoa" dela.

Otegik adierazpen horiek egin ditu hedabideen aurrean Elgoibarko (Gipuzkoa) kultur etxean botoa eman ostean.

"Konplexurik gabe" EH Bildu bozkatzeko deia egin die "herriko abertzaleei", eta "ezkerrarekin bat egiteko" deia "jende aurrerakoiari".

Arnaldo Otegi, Elgoibarren. Argazkia: EFE

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia Portugaleteko Santa Clara kultur zentrora joan da botoa ematera, eta azpimarratu du "oso egun garrantzitsua" dela gaurkoa "Euskadiren etorkizunarentzat. "Euskal gizarte osoa" deitu du bozetan parte hartzera, "etorkizunari buruzko kezkez erabaki" dezaten.

Pradales, Portugaleten. Argazkia: EITB

Correosek jada eraman ditu hauteslekuetara postaz bidalitako botoak, 2016ko hauteskundeetan baino % 14 gehiago izan direnak.

Correoseko langilea hauteslekuan. Argazkia: EFE

Garciak (Sumar) botoa ematearen garrantzia azpimarratu du, "Euskadik gaur ezkerrerantz" egin dezakeelakoan.

Alba Garcia Sumarren lehendakarigaiak lehen hauteskundeak ditu lehenengo lerroan, eta Bilbon eman du botoa.

Alba Garcia, Bilbon. Argazkia: EFE

Patxi Lopez lehendakari eta PSOEren Kongresuko bozeramailea Portugaletera joan da bozkatzera, eta botoa emateko deia egin die herritarrei, ez delako "asko kostatzen" hauteslekura joatea eta pertsona orok duelako "erabakitzeko gaitasun ikaragarria".

Patxi Lopez, Portugaleten. Argazkia: EFE

Otxandianok (EH Bildu) esan du "politika zaharkituak atzean utziko dituen aldaketarako aukera" dagoela gaur. Aldaketa horren "bermea" EH Bildu dela gaineratu eta parte hartzeko deia egin du.

Pello Otxandiano EH Bilduren hautagaiak ere eman du botoa bere jaioterrian, Ontxandion (Bizkaia), eta dozenaka herritarrek txaloka jaso dute hauteslekuaren sarreran.

Pello Otxandiano, Otxandion. Argazkia: EFE

Javier de Andres PPren lehendakarigaiak, bere aldetik, esan du Eusko Legebiltzarrean "erabakigarriak" izateko adina boto jasotzea espero duela, "beharrezkoa delako Legebiltzarrari ematen diogun zentralitatea".

Botoa eman ostean, Urkullu lehendakariak esan du "onena" opa diola bere lekukoa hartuko duenari, eta espero duela bereak baino legegintzaldi lasaiagoak izatea, berak "enbatei" aurre egin behar izan dielako.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak baieztatu du ez dela "inolako ezusteko eta gertaera aipagarririk" izan hauteskunde mahaien osaketan.

Javier de Andres (PP) lehendakarigaietan lehena izan da botoa ematen, eta alderdikideekin batera joan da Gasteizko hautesleku batera.

Javier de Andres, Gasteizen. Argazkia: EFE

Oraingoz, eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak 10:00etako prentsaurrekoan emango dituen xehetasunen zain, normaltasuna izan da nagusi hauteskunde-mahaien osaketan.

Iñigo Urkullu lehendakaria, hiru legegintzaldiren ostean kargua utziko duena, izan da boto-emaile goiztiarretako bat, eta jada eman du botoa

Iñigo Urkullu, Durangon. Argazkia: EFE

Durangoko boto-emaile goiztiarrenak harrapatu ditugu:

09:00ak jo dituenean, EAEn prestatu dituzten 729 zentroek ateak ireki dituzte, eta botoa emateko eskubidea duten 1.795.212 herritarren esku geratu da Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 pertsonen aukeraketa.

Boto-paperak. Argazkia: EITB

Aurtengo berrikuntzen artean, parte-hartzeari buruzko datua (publikoki 14:00etan eta 19:00etan emango dutena) ez da orain arte bezala "estimazio" bat izango, baizik eta benetakoa, eta lehen aldiz udalerrien, elkargoen eta mahaien parte-hartzearen berri emango da.

Hauteslekuetara goiz doazen boto-emaileek berokia soinean eraman beharko dute; izan ere, giro hotzarekin argitu du eguna, baina zeruak urdin eta eguzkitsu izango dira egun osoan. Eguraldiaren aitzakiarik ez, beraz, hauteslekuetara joateko...

Ondarroa. Argazkia: Itziar Alberdi

Hona hemen hauteskunde egunean zehar kontuan izateko hitzorduak:

- 9:00etan hiru lurraldeetako hauteslekuak irekiko dituzte.

- 10:00etan egunaren hasierari buruzko balorazioa egingo dute.

- 14:00etan lehenengo parte-hartze datua jakinaraziko dute.

- 19:00etan bigarren parte-hartze datua emango dute.

- 20:00etan hauteslekuak itxiko dituzte.

- 21:03an emaitzak jasotzen hasiko gara.

- 22:00etarako boto guztiak zenbatuta egotea aurreikusten dute.

Hauteskunde egun on guztioi!

Euskal Autonomia Erkidegoan hauteskunde eguna da gaur, Eusko Legebiltzarreko 75 eserlekuak berritzeko. 1.795.212 pertsona bozkatzera deituta daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.